Aro berrian ote?

Oraintsu arte ezagutu den finantza-sistemak porrot egin du. Argiago ezin. Badirudi aro berri baten atarian gaudela. Sistema zaharrean ez dugu sinesten. ‘Konfiantza’ osoa galdu da. Nolakoa izan daiteke finantza-sistema berria? Keynes-en ekarpenak izango ote dira gure salbatzaileak? Zer da 1930eko hamarkadatik berria dena? Aproposa al da gure egunotan aspaldiko terapia, terapia baldin bazen Keynes-en ekarpena?

Gauden egoeraz jabetzeko, zorrez erabat zamatutako gaurko ekonomia nolakoa den, nola funtzionatzen duen jabetu behar gara. Hona hemen iritzi batzuk:

(1) C. Wood-ek, Suedian 1990eko hamarkadaren hasieran gertatu zenari buruzko zenbait ideia plazaratu ditu[1]  gobernuak ez uzteko bankuek porrot egin dezaten.

Suedian bankuak nazionalizatuak izan ziren, aktiboak merkatu preziotan jarri ondoren. (AEBetan eta Britainia Handian ez dute aktiboekin horrelako erabaki hartu: jadanik existitzen den sektore pribatuen zorrari sektore publikoaren zorra gehitu zaio; ondorioz, erremedioak ez du funtzionatu.)

(2) P. Boone eta S. Johnson ere[2] nazionalizazioaren alde azaldu dira, banku-sistema birkapitalizatzeko.

(3) E. Brown-ek idazten duenez[3], krisia ez dagokio likideziari, solbentziari baizik.

(4) M. Hudson-en ustez[4], bankuei jadanik egindako opariek, alegia, ‘aberatsentzako sozialismo’ berriak, AEBetan oligarkia berri bat sortuko dute, lan-indarrean eta industrian zergak handituko diren bitartean. Haren ustez, irtenbidea ez datza are zor handiagotan murgiltzean, finantza-lobbystei, bankariei eta horrelakoei opariak emanez, ekonomia ‘erreala’ oso zorpetuta utziz.

Kreditua da giltza. Dirua da kontua. Zeinek luzatzen du kreditua? Zein solbentziarekin? Banku pribatuak dira nagusi ala gobernuak kontrolatu behar ditu, nolabait, kredituen luzapenak? Eztabaida mahai gainean dago, zoritxarrez ez gure txoko honetan.

Arriskuaz ere hitz egin behar da, baita zabor-kredituaz ere. Eta horrekin batera, banku zentralaz eta Altxor Publikoaz. Zein ote da nagusi bien artean? Zergatik eta zertarako?

Inbertsioaz ere eztabaidatu behar da. Inbertitu behar al dira kredituak jadanik existitzen diren aktiboetan, aktibo horren prezioak puztearren, oraintsu arte egin den moduan? Ala inbertsioa industriara, azpiegituretara eta zerbitzu sozialetara bideratu behar da? Zeinek bideratu ahalko ditu inbertsio ukigarrietarako kreditu berriak? Bankuek? Ala gobernuak parte hartu behar du prozesu horretan?

Denboraz ere mintzatu behar da. Ariko ote gara epe laburreko kredituaz ala epe ertain eta luzeko kredituaz? Jakina denez, espekulazioa oso epe laburrekoa da. (Ez digu balio ezertarako ere Tobin-en zergak: zerga hori, onenean, adabakia besterik ez da). Epe laburreko tiraniatik askatu beharra dago.

Eta kapital irabaziaz ere luze hitz egin behar da, eta horrekin batera industria-mozkinaz. (Bigarrena lan-indarrekin adostutako akordio estrategiko baten emaitza da; lehena, inolako lanik gabe irabazitako ‘mozkin’ berezia da.) Batez ere kapital irabaziak dira zergatu behar direnak, zorrozki gainera. Baita monopolioen irabaziak eta lurretatiko errentak ere. Zergak progresiboak izan behar dira, kapital industriala eta lan-indarraren soldatak babestuz.

Gobernuaren aurkako filosofiak merkatuak desarautzea ahalbidetu du nonahi. Finantza-inbertsiogileen helburua epe laburrekoa izanik, finantza-sektoreak gobernua ordeztu du, plangintzagile ekonomiko gisa. Rol hori kreditu-sormenaz daukan monopoliotik heldu zaio, kreditu-sormena baliabide-esleitzerako giltza baita.

Banku-kreditua libre sortzen da. Gobernuak gauza bera egin lezake. Zein da erremedioa gaurko depresio ekonomikorako?

Irtenbidea soilik zor askoz gutxiagoko ekonomia mota berri batean egon daiteke. Kontua hauxe da: nola igaro erabat zorpeturik dauden gaur egungo ekonomietatik zorrik gabeko ekonomia mota batera? Azken finean, nola sor daiteke zorrik gabeko ekonomia mota bat? Hori da eztabaida, eta ez aspaldiko ‘erremedioak’ martxan jarri nahi izatea.

XXI. mendean bizi gara, eta arazo berriek irtenbide berriak behar dituzte: zorrik gabeko versus zorpetutako ekonomia. Horixe da oraingo finantza-gerlan erabakiko dena.

Gerla horretan, hona hemen puntu garrantzitsu bat: finantza-arazo modura, zorra ez da kitatuko harik eta zerga-sistema berregituratzeko arazo fiskala konpondu arte, zeren zorraren arazoa ezin baita konpondu zor handiago baten bidez.


[1] Ikus Insight: Swedish model for western banks, http://www.ft.com/cms/s/0/4f777b38-e642-11dd-8e4f-0000779fd2ac.html.

[2] Ikus To save the banks we must stand up to the bankers, http://www.ft.com/cms/s/0/7f76fb22-ebb7-11dd-8838-0000779fd2ac.html.

[3] Ikus Credit where credit is due:
the direct way to fix the credit crisis
, http://www.webofdebt.com/articles/creditcrunch.php.

[4]  Ikus It won’t save the economy; it may make the crisis worse, http://www.counterpunch.org/hudson01302009.html.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude