2007an, burbuila ekonomiaren aita izan den Alan Greespan-en zenbait adierazpen: merkatu librea, segurtasun sozialaren pribatizazioa, sub-prime-ko merkatua ezabatzea akatsa dela, sistema kapitalistak azken urteetan aberastasun ekonomikoa sortu duela munduan zehar eta abar goraipatu zituen[1].
2008an, Greenspan-ek mea culpa aipatu zuen[2].
2009an, oraintsu, Greenspan bera zenbait bankuren nazionalizazioaren alde azaldu da[3]. Harritzekoa.
Denetarik entzun eta irakurri dugu azken sei hilabete hauetan: bankuen nazionalizazioa, aberatsentzako sozialismoa, … Orwell-ek salatutako double talk eta double thinking aurrean ditugula dirudi.
Zer dela eta Alan Greespan-ek, Wall Strett-entzat merkatu libreko lobbysta hutsa izanak, bat batean AEBetako bankurik handienak eta boteretsuenak nazionalizatu bahi ditu, “gutxienez denbora tarte batez”?
Wall Street-ek, azken finean, gobernu-boterea mobilizatu du, banku horien pribilegio bereziak babesteko (batez ere diru-opariak banku horiei luzatzeko). Ekonomia osoa azpitik jan eta gero, orain hizkera bera, aspaldiko kontzeptuak desitxuratu nahi ditu Wall Street-ek: ‘merkatu librea’, ‘nazionalizazioa’, ‘sozialismoa’ eta antzeko hitz potoloak Orwell-en hizkera bikoitzean sartu ditu.
Kasurako, zer esan nahi du ‘merkatu libreak’? Merkatu aske bat monopolioen boteretik, negozio izurretik, interes ezkutuentzako barneko akordio politikotik eta pribilegio berezitik? Ala harraparientzako merkatu bat, biktimak ustiatzeko arautze eta erregulazio publikorik gabe? Alegia, zeinentzat ote merkatu librea?
Ekonomia krisian sartu dutenek berek Altxor Publikoko diru laguntza erabiltzen dute, AEBetako historian alokairuak eta bonorik handienak bereganatzeko.
Demagun beste kasu bat, ‘bankuen nazionalizazioa’. Mende luze batean nazionalizazioak hauxe esan nahi zuen: monopolioak edo beste sektore batzuk gobernuak bere gain hartzea, kontrol publikoa izatea, beraiek helburu eta interes publikoan jarriz, ez helburu pribatu berezietan.
Baina neoliberalek ‘nazionalizazio’ hitza erabiltzen dutenean, sektore haiei diru laguntza ematea esan nahi dute, finantza-helburuentzako gobernuaren diru-laguntza. Bankuen nazionalizazioa zein sozialismoa bera eztabaida politiko eta ekonomikoaren trabestiak dira. Are okerrago, gai politiko eta ekonomikoetan, pentsamenduaren oinarrizko gramatika, hiztegia bera aldatu dituzte neoliberalek.
Hudson-ek dioenez[4], gaur egungo zibilizazioen talka ez da Ekialdearekiko talka; gure iraganarekiko talka da, Ilustrazioarekin eta, berorren garapenarekin, hots, europar feudalismoaren aurka, ekonomia politiko klasikoko eta XX. mendearen hasierako AEBetako Aro Aurrerakoiko erreforma sozialean garatu zen garapenarekin. Izan ere, gaur egun ikusten duguna engainatzeko propaganda hutsa da, errealitate ekonomikotik atentzioa desbideratzeko, jabegoa eta helburu finantzarioak bultzatzeko diseinaturiko propaganda.
‘Gainetik’ datorren sozialismoari buruzko edozein ideia edo/eta ‘arriskuak sozialtzea’ oligarkia berriaren mezuak besterik ez dira, edo, beste hitzetan esanda, gainetiko estatismo kleptokratikoarenak.
Benetako nazionalizazioa gertatzen da gobernuak interes eta helburu publikoen alde aritzen direnean; jabego pribatua gobernuek beren gain hartzen dutenean. (Kasurako, XIX. mendeko programan, lurra nazionaltzeak esan nahi zuen lurra eta beraren errentak arlo publikoan jartzea, Marx lekuko.)
Hortaz, gaur egungo bankuen nazionaltzeak esan nahiko luke nazioaren kreditu-beharrak gobernuak hornituko lituzkeela. Horrela, Altxor Publikoa diru berriaren iturri bilakatuko litzateke, merkataritza-bankuen kredituak ordezkatuz. Kreditu hori, arlo ekonomikoan eta sozialean, helburu produktiboetarako mailegatua izango litzateke, ez soilik jadanik existitzen diren aktiboen prezioak puzteko, negozioak eta familiak zorpetuz (merkataritza-bankuek orain arte egin duten moduan).
Ekonomialari klasikoen (Adam Smith, John Stuart Mill, eta Karl Marx) merkatu librearen kontzepzioak ez dauka inongo zerikusirik egungo ekonomialari neoliberalek daukatenarekin. Ekonomialari klasiko haien eta AEBetako Aro Progresiboko erreformen helburuak merkatu libreak eratzeko ahaleginak ziren, rentier eskaera extraktiboetatik askatzeko. Onartua zuten merkatu libreak gobernuen rola behar zuela, monopolioen prezioak alboratzeko, lur-errentatik eta zerga astunetik aske izateko, baita pribilegio bereziak suposatzen ziren beste zamak kentzeko ere.
Gaurko ‘merkatu libreak’, aldiz, gobernu-arautzerik eta kontrolik gabe esan nahi du, trust-en aurkako babesik gabe, baita iruzurren kontrako babesik gabe ere (Madoff, Eron, Citibank eta abarren kasuek argi erakusten duten bezala).
Giltza estatuaren (hots, gobernuaren) rola da. Aspaldian boterea, estatu-boterea, erabili zen feudalismotik zetozen jabego harraparietatik eta sistema finantzariotik merkatuak askatzeko. Merkatuak pribilegioetatik eta bazka libreetatik askatu behar ziren, jendeak soilik bere lan-indarrengandik eta enpresetatik lor ditzan errenta eta aberastasuna. Gobernuek beren zergatze-sistema eratu behar zuten, inongo oligarkia mota sor zedin.
Ezagutu den estatu-jabego osoaren (lehengo Sobietar Batasunekoa) versus neoliberalen ‘merkatu librea’ren (Chicago boys-ena) arteko eztabaidak leku utzi behar dio ekonomia mistoari buruzko debate berri eta sakonari. Maila askoz konkretuago batean, hona hemen erabakitzeko gai batzuk: independenteak izan behar ote dira banku zentralak parlamentuetatik? Kontrolatu behar ote da banku-kreditua? Nola? ‘Nazionaldu’ edo/eta ‘sozialdu’ behar ote dira bankuak? Zein izango ote litzateke sozialdutako Altxor Publikoaren eginkizuna? Nola uztartu politika fiskala eta finantza politika?
Oligarkia edo neo-feudalismoa versus ekonomia misto berria. Horra hor eztabaida, horra hor apustua.