Ipar Dakotako estatuak biztanleria gutxi dauka (700.000 biztanle baino gutxiago), klima hotza, espazioz banaturiko nekazari askotxo. Hala ere, hona hemen zenbait datu interesgarri: 2000. urtetik estatuaren Barne Produktu Gordina %56 handitu da, errenta pertsonalak %43 eta alokairuak %34. Aurten estatuak 1,2 x 109 dolarreko aurrekontu-superabita dauka[1].
Zer ote dauka Ipar Dakotako estatuak beste estatuek ez daukatena? Badirudi erantzuna haren bankua dela. (AEBetako 50 estatuetatik 46 solbentziarik gabekoak dira.)
Ipar Dakotako legearen arabera, estatuak bere fondo guztiak bankuan gorde behar ditu eta estatuak bere gordailuak bermatzen ditu. Bankuaren eginkizuna nekazaritza, merkataritza eta industria bultzatzen dituzten zentzuzko zerbitzu finantzarioak luzatzea da. Hots, kredituen kalitatean dago giltza. Bankuak bankuen banku gisa funtzionatzen du, banku pribatuekin ondokoa konpartituz: nekazariei, higiezin errealeko garatzaileei, eskolei eta industria ertain eta txikiei maileguak ematea.
Baina, nola konpontzen du solbentziaren arazoa? Ez al dago estatua mugatuta soilik berak daukan dirua gastatzeko? Erantzuna ezetza da.
Bankuek kreditua sor dezakete beren kontu-liburuetan kontabilitate-sarrerak erabiliz. Zentzu horretan, esan daiteke bankuek dirua airetik sor dezaketela, idazti baten bidez. Baina diru-sormen guztia zor baten forma da. Ez da existitzen zor gabekorik den dirua. (Bankuek zorrak ‘saltzen’ dituzte, ekonomialari askok ez duena ulertzen. Kontua hauxe da: dirua = kreditua = zorra[2].)
Beste aldetik, jadanik ezaguna dugu nola kreditu asko (gehiegi) deribatiben jolas espekulatzaileetarako erabili izan den. Hauxe da, hain zuzen ere, Ipar Dakotako bankuak baztertu duena, espekulaziotik, zabor-kredituetatik alde egiteko. Alegia, kredituak luzatzerakoan, kredituen kalitateari begiratu zaio, ez beste ezeri.
Eta hortxe datza, hain zuzen ere, errakuntza handi bat. Batzuek uste dute (Ellen Brownek berak) kreditu publikoek, berez, arazoa konponduko luketela. Are gehiago, ekonomialari batzuen iritziz, arazoa konponduta legoke baldin eta banku guztiak nazionalizatuko balira. Baina publikotasun horrek ez dakar inolako bermerik. Ezta bankuen nazionalizazioak ere.
Kasurako, Nobel sariduna den Paul Krugman-ek[3] uste du Wall Street-eko banku erraldoien nazionalizaioa eta berreraketa irtenbide aplikagarri eta gauzagarria dela. (Orwell-en double talk edo hizkera bikoitz horretaz zertxobait idatzi dugu.)
Aspalditik jakin dugu ezen aipatzen den nazionalizazioak inplikatzen duela bankuak krisian sartu dituztenei beraiei aparteko diru-laguntza ematea izan dela. Bien bitartean, langileek eta industriak aktibo-prezioen inflazioarekin (alegia, jadanik existitzen diren aktiboen prezioen puztea) batera deflazioaren ondorioak jasotzen dituzte.
Nolabaiteko irtenbidea Michael Hudson-ek eman du, Euskal Herrian egon denean. (Sarrikon aparteko hitzaldian eta Donostiako Irakasle Fakultatean LABeko jendearekin izandako hitzaldian eta galdera sortei erantzunetan[4]. Zorionak LAB eta Ipar Hegoa fundazioa, zorionak eta mila esker!)
Hudson-ek behin eta berriz aipatu duenez, krisia ez da soilik finantza-krisia, krisia politikoa ere bada. Demokrazia osoa dago krisian, oligarkia berezi baten aurrean gaude. Hortaz, erantzuna politikoa izan behar du.
Izan ere, alde batetik krisia ez da ohiko ziklo ekonomikoei dagokiena eta ez da konponduko beste ziklo berri baten bidez. Krisia ez dagokie ohiko ziklo ekonomikoei: krisia finantza-krisia da, kapitalismo industriala bereganatu duen finantza-kapitalismo berriari dagokion finantza-krisia. Beste aldetik, krisia erabat politikoa da, lan-indarraren kontra, Europa osoan (baita Errusian eta Baltikoko estatuetan ere) hedaturiko guda politikoari dagokiona.
Hortaz, erabat laburbilduta, hona hemen zenbait eginkizun: (a) Banku zentralak parlamentuen kontrol menpe edukitzea. (b) Benetako merkatu libreak martxan jartzea: bazka librea ez ahalbidetzea; horretarako estatuaren, alegia, gobernuaren eginkizuna premiazko bilakatzea. (c) Finantza-, aseguru- eta higiezin errealeko sektoreak extraktiboak direnez, ekonomiaren gaineko kanpoko zamak direnez, horiek guztiak gogor zergapetzea. (d) Azkenean, zerga-sistemaren kontrola edukitzea. Jabegoen zergak altxatzea. Higiezin erreala zergapetzea, baita banku-espekulazioa ere. Horretarako, Altxor Publikoko eginkizunak premiazko, funtsezko eta apartekoa izan behar du. (e) Ez zergapetzea lan-indarra eta industria. (d) Hipoteketan oinarritzen diren oraingo bankuen ordez, banku industrialak eratzea, Europan (batez ere Alemanian eta Erteuropan) Lehen Mundu Gerla baino lehenago eratu ziren antzekoak. (f) Pentsio-fondoak des-finantzatzea. (Orain, aurrezten den dirua burtsara doa prezioak altxarazteko.)
Gure aldetik, hauxe gehituko genioke: Ipar Dakotan egondako bankugintzaren esperientzia oso interesgarria da estatu txikietan aplikatu ahal izateko. Ikas dezagun esperientzia horretatik eta ahalegin gaitezen biharko gure Euskal Herriko estatu independentean horrelako esperientziak martxan jartzen.
[1] Ikus Ellen Brown-en “Turning the tables on Wall Street: North Dakota shows cash-starved states how they can create their own credit”: http://www.webofdebt.com/articles/state_bank_option2.php)
[2] Dirua= kreditu = zorra. Ikus Hudson-en webgunean, links, eta bertan the gang8 discussion list delakoan, Dirk Bezemer-en 14002. mezua non kreditua, dirua eta zorra analizatzen diren.
Unai says:
Oso mezu interesgarria bidali duzu, Joseba. Ipar Dakotaren esperientzia praktikoa oso garrantzitsua dela iruditzen zait. EAEko Aurrezki-Kutxek eta Nafarroako Kutxak irizpide horiek aplikatu beharko lituzkete (banku industrialak bihurtzea eta ez hipoteka-bankuak, eta horrez gain, pentsio fondoak zor-publikoan inbertitzea). Iparralden ez dakit zelako baku egitura duten. Hala ere, nork jarri behar du martxan ekimen hori? sindikatuek? aurrezki kutxen administrazio organuan beren ordezkaritza propia badute; zelako eragina daukate kutxen administrazioan? argi dagoena da sindikatuek ez dutela ekimen horiek martxan jartzeko beharrezkoa den indarra. Beraiek bakarrik ezin dute ekimen hori martxan jarri. Eta Alderdi Politikoek? EHan demokrazia parlamentarioa oso ahul dago, ez du zilegitasunik. Eta patronalek? aipatu dituzun ekimen berri horiek bere aldekoak direla uste dut, industria ekonomia bultatzea baitute xede.Irtenbidea: sindikatuen eta enpresa-buruen hitzarmen estrategikoa. Hitzarmen horren xedea aipatu dituzun neurriak inplementatzea izan behar du. Neurri horietako bat azpimarratuko nuke: ez zergapetzea industria (sozietateen gaineko zerga) eta lan indarra (pertsona fisikoen gaineko zergen lan etekinak), baizik eta zergapetzea higiezin errealak (urteetan metatutako ondarea) eta bankuen espekulazioa (finantza-tituluen salerosketen plusbalioen zergapetzea). Zertarako bultzatu langileon eta enpresa buruen hitzarmen hori? ekonomia industriala bultzatzeko eta ekonomia-finantzarioa ekonomia errealera berbideratzeko. Hala ere, sindikatuen aldetik zaila ikusten dut hitzarmen estrategiko hori martxan jartzea. Alde batetik, sindikatuak beren ohiko irizpide tradizionaletan murgilduta daudelako. Euren ustez patronala etsai izaten jarraitzen du (eta horrela da epe motzean… begira zenbat ERE martxan jartzen ari diren!) eta ez dute ulertzen etsaia amankomuna beste bat dela: kapital finantzarioa, hau da, finantza-kapitalismoa.Nire eritzia emango dizut: kontraesan bat ikusi nuen Hudsonen hitzaldian. Eta kontraesana ez zegoen Hudsonen arrazoiketa logikoan. Kontraesana LAB sindikatuan zegoen (eta gainontzeko sindikatuetan, noski). Hudson kapitalismo industrialaren alde dagoela uste dut: bere burua ez dut ulertzen ohiko sozialista gorri planifikatzailetzat. Ez du kapitalismo industrialaren kontra egiten. Sistema horren alde positiboak indartu nahi ditu finantza-kapitalismoaren kaltetan. Berarentzako etsaia finantza-kapitalismoaren oligarkia da. Egungo sindikatuen etsaia, kapitalismo industrialaren enpresa-buruek izaten jarraitzen dute. Hudsonen arrazonamenduari jarraituz, bai enpresek, bai langileok, etsai amankomuna dugu. Finantza-espekulazioa. Ikuspegi hori oso errealista iruditzen zait. Eta horrez gain, oso heterodoxoa, ohiko ezkerraren dogmatismotik urruti. Gustatzen zait.
joseba felix tobar-arbulu says:
Unai,
Pozten nau zuri Hudson-en mezua gustatu izateak. Bi urte eta piko daramatzat jo eta ke haren diskurtsoa nolabait dibulgatu nahiz.
Bai, arrazoia duzu, etsairik etsaiena finantza-kapitalismoa da, lehengo kapitalismo industriala erabat irentsi duena.
Horretaz aritu naiz: laster plazaratuko dudan liburuan (ea egia den!) finantza kapitalismoa eta ohiko kapitalismo industriala bereizten saiatu naiz.
(Baina beste aldetik, egia ere bada, ohiko enpresa buruak aprobetxatzen ari direla, une honetan hainbat langile edozein modutan eta edozein aitzakia dela medio kaleratzeko. Hori ere salatu behar da. Alegia, enpresa buruek ere asko daukate ikasteko.)
LABeko jendeari, eta Ipar Hegoa fundazioko jendeari nik neuk eskerrak eman nahi dizkiot berriz ere. Badakit zer-nolako esfortzu eta ahalegina egin duten Hudson hona ekartzeko. (Beste sindikatu batek ere aukera izan du. Baina, dirudienez, ez zen gustukoa, edo batek daki.) Lagunak ditudan Ipar Hegoa fundaziokoek eta LABeko zenbait jendek agian denbora behar izango dute entzundako hainbat gauza patxadaz jabetzeko eta pixkanaka bereganatzeko.
Guztiok daukagu gauza askotxo ikasteko premia. Bide batez, nagoen UPV hiper espainol honetan nik ez dut ezagutzen, ekonomia arloan, ezer berririk ikasteko gogo minimorik daukan irakaslerik. Ohiko eskemak eta hitzaldi aspergarriak ematen dira (askotan gainera ezkerraren izenean, eta okerrago oraindik, ezker abertzalearen izenean.)
Hemen dago LAB-ekoek Hudson-i egindako beste elkarrizketa bat: http://www.labsindikatua.org/argitalpenak/iraultzen/azk —> 151 zenb., 10-14 orr.
Beste lan batzuk ere badauzkate, kasu, Hudson-i egindako hainbat galdera. (Galderak eta erantzunak ingelesez daude: nahi izanez gero, kopia bat bidaliko dizut.)
Ez adiorik.
joseba