Euskal Herri independenteak bere burua ongi finkatzeko, zein esparru monetario eta ekonomikotan kokatuta dagoen ezagutu beharko du. Esparrua nahiko aldaturik dago; hortaz, ohiko eskematxoek ez dute ezertarako ere balio.
Hona hemen esparru horren zenbait ezugarri:
1) NMF. Mundu mailan Nazioarteko Moneta Fondoa (NMF) da nagusia. NMFk mundua gobernatzen du. Nazioarteko sistema finantzarioaren estandar bikoitzak zutik jarraitzen du. Horrela, zordun herrialdeek NMFtik 109 dolar hartu behar dituzte mailegutan (2009ko apirileko berriak), ez beren ekonomiak berpizteko, bizik NMFren ‘diru laguntza’ mailegu toxikoak (hots, zabor maileguak) egin zituzten bankuei berei pasatzearren[1], herrialde horien langileriaren alokairuak jaisten dituzten bitartean. Horrela, zor krisiaren irtenbidea zor handiagoan sartzea bilakatuko da. Eta zor handiago hori zuritzeko, arlo publikoak pribatizatuko da, industria hein handi batean deuseztatuko da (langabezia hedatuz nonahi) eta autonomia politikoa eta are demokrazia bera murriztuko dira. Demokrazia, de facto, finantza-oligarkia bilakatu da.
2) Dolarra eta euroa. Europar Batasuneko banku zentralak, AEBetako dolar eta gobernu-tituluen edukitzailea den aldetik (AEBetako ordainketa-balantza defizita eta barneko defizitaren ‘bermatzailea’ izanik), alternatiba bat eraiki beharko luke ahalik eta lasterren. Edozein herrialdek (Europar Batasuna barne) lan egin behar du bere interes ekonomikoen alde. Dolarraren hegemonia luma-kolpe batez buka daiteke. Oso erraza da. Kontua nahi politikoari dagokio, ez soilik Europan, Txinan eta Hego Ameriketan ere noski. Hori egiteko, AEBren inguruan zentralduriko sistema finantzariotik isolatu behar da, alegia, inportazio errealen eta enpresa errealen jabegoaren truke paper dolarrak esportatzen dituen sistema finantzariotik.
3) Banku zentralak. Gaur egunean banku zentralak bankari komertzialen, eta hortaz, hartzekodunen interesak, errepresentatzen dituzte. (Kasu, nahiz eta AEBetan Federal Reserve delakoa gobernu-bankua izan, praktikan Wall Street-en kontrolpean dago. Beste aldetik, Errusian politika suntsitzailea eman zen, hango banku zentralaren zeregina dela medio[2].)
4) Altxor publikoa. Altxor Publikoak, lehen batean, interes publikoa errepresentatzen du, edo irudikatu behar du. Hori dela eta, banku zentralak integratuta egon behar dira altxor publikoan.
5) Fiskalitatea. Hona hemen zuhurtasun fiskal nazionalaren lehen araua: “Zorrak ordaintzeko, irabazi espero den errentaren monetan, eta soilik moneta horretan, zor horiek hartzea onartzea.” Banku zentralek arau horri eutsi behar diote. (Gaur egun, aldiz, banku zentralak nazioarteko bankuetarako abeta moduan aritzen dira.)
6) Kreditua. Kredituak beren jatorrizko zereginera itzuli behar dira. Erabilgarritasun produktiboan (sektore publikoan zein pribatuan) erabiliak izatera.
Partida biko kontabilitatearen printzipio zentrala argi dago: aktiboak eta pasiboak kopuru berekoak dira. Bankuak mailegu bat luzatzen duen bakoitzean, bezero bati pasibo bat sortzen dio (bankuari zor ordaingarria, zeren, jakina datekeenez, bankuek zorrak saltzen baitituzte) eta horrekin batera doan aktiboa (banku gordailua, zeina dirua den).
Kreditua erabiltzen den moduak determinatzen du ea zor hazkunde netoa egongo den ala ez. Mailegua erabil daiteke kapital finkoaren eraketan, zeinak produktu eta zerbitzuen eran balio erantsia sortzen baitu eta, ondorioz, zorra ordaintzen ahalbidetzen baitu. Aldiz, mailegua finantza-merkatuetan ‘inbertitzen’ bada, horrek finantza-aktiboen prezioa areagotuko du, finantza-burbuilak puztuz.
Kredituaren bi erabilerak adierazten du, alde batetik merkataritza-bankuen inbertsioa sektore errealean, eta bestetik, merkataritza-bankuek eta balore salerosleek egindako finantza-inbertsioa.
Likidezia-hazkundearen ikuspuntutik, finantza-inbertsioa, berez, zero-batura jolasa da. Finantza-merkatuak modu sostengagarri batean soilik haz daitezke sektore errealean sortutako likidezia bereganatuz, sektore hori mailegu amortizagarrietan oinarritzen delarik. Alderantziz, modu ez-sostengagarri batez haz daitezke sektore errealetik likidezia desbideratuz eta zorra handituz. Azken modu hori, ez-sustengagarria denez, punturen batean bukatuko da. Horixe izan da ikusi berri dugun finantza-burbuilen leherketen muina.
Aurreko artikuluan ikusi dugun moduan,
(a) zorrak haz daitezke aurrezkiak finantza-merkatuko inbertsiotara zuzenduz;
(b) zorrak ez izateko, kredituak kapital ukigarrietan inbertitu behar dira; eta
(c) finantza-sektoreak ekonomia errealaren menpe egon behar du.