‘Merkatuak’

 

2000ean egunero jadanik 2 bilioi dolar trukatzen ziren finantza merkatuan.


Ramonet-en ustez[1], gaur egun, mundu osoan, urteko ekonomia errealak 45 bilioi euroko aberastasunaren ingurukoa sortzen du, BPGn neurtua. Finantza esferan merkatuek 3.450 bilioi euroko kapitalak mugitzen dituzten bitartean. Ramonet-ek dioenez, EBn ez dago inolako borondate politikorik krisiari aurre egiteko. Alde batetik, ezjakintasuna dago, noski. Baina beste aldetik, merkatuarekiko konplizitatea ere badago.


Inongo ekonomia nazionalek ezin jasan dezake merkatu horien erasoa. Okerragoa dena hauxe da: ‘merkatu’ horiek ez dira indar exotikoak. EBn indar horiek europarrak dira gehien bat: EBko bankuak, 2008an  gure diruarekin salbatu zituzten banku berberak.


Bereziki barneko erasoa da, europar bankuek berek, europar segurtasun konpainiek, europar fondo espekulatzaileek, europar pentsio-fondoek, europar aurrezkiak administratzen dituzten  finantza erakundeek zuzendutako erasoa.


Zer ote dira ‘merkatuak’? Hona hemen Ramonet-en hitzak:


«Qu’appelons-nous «les marchés» ? Un ensemble de banques d’investissement, de compagnies d’assurances, de fonds de pension et de fonds spéculatifs qui achètent et vendent essentiellement quatre sortes d’actifs : devises, actions, obligations d’Etat et produits dérivés.»


Europan egon den babes sozialarekin bukatu nahi dute ‘merkatu’ horiek, horixe da gerla finantzario berriaren helburu nagusia.


Tartean hemengo ekonomialariek euroarekiko politika babesten dute itsuki, eurotik irtetea infernura jaisteko jarrera balitz bezalakoa aurkeztuz. Beren ezjakintasun nabari eta agerikoan, ez dakite eurogunea jadanik infernu bilakatu dela hainbat eta hainbat hiritarrentzat.


EBZ-ko sarrera-atean Dante-k idatzi zuena berridatzi behar da: “Lasciate ogne speranza, voi ch’intrate“. Izan ere, Diru Teoria Modernoko sortzaileek orain dela 20 urte salatu zuten erabat gaizki eraikitako eurogunea[2], non EBZ independentea (sic) den.


Eta kartzela horretatik zenbat eta lehenago irtetea hobe[3]. Bill Mitchell-ek dioenez, Europa hori apurtu behar da, Europa bera salbatzeko[4].


Noiz arte jasan behar dugu europar hiritarrok politikarien eta ekonomialarien ezjakintasuna eta arduragabekeria?


Finantza munduan benetan aritzen direnek nahita eta borondate argiz jarri zuten martxan gerla finantzario hori. Haiek oso argi daukate beren helburua. Eta guk?



 




 


 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude