Siadeco txostena
Euskararen galera aldi berri baten hasiera islatzen du 2036rako proiekzio demolinguistikoak | Euskal Herria | Naiz
naiz.eus
Euskararen galera aldi berri baten hasiera islatzen du 2036rako proiekzio demolinguistikoak
ooo
Euskararen galera aldi berri baten hasiera islatzen du 2036rako proiekzio demolinguistikoak
UEMAren eskariz, 2036an Hego Euskal Herrian euskararen egoera zein izanen den aztertu du Siadeco ikerketa etxeak. Emaitzek larrialdi linguistikoa baieztatu dute: eremu euskaldunena ahuldu eginen da, arnasguneak ia desagertzeraino. Gainera, haur eta gazteen artean atzerapauso argia aurreikusten da.
Ezker-eskuin, Miren Segurola UEMAko koordinatzailea, Martin Aramendi UEMAko lehendakaria, Iñaki Iurrebaso UEMAko ikerlaria eta Unai Oiartzun Siadecoko ikerlaria. (Jon URBE | FOKU)
Siadecoren txostenaren laburpena.
Oro har, euskararen galera aldi berri baten hasiera baieztatu du Siadeco ikerketa etxeak UEMAren enkarguz egin duen ikerketak. Hego Euskal Herriko 2036rako proiekzio demolinguistikoa egin dute, galdera bati erantzun nahian: norantz doa euskara?
Unai Oiartzun Siadecoko ikerlariak argitu bezala, emaitzak ez dira 2036rako iragarpen bat, baizik eta hipotesi batzuk beteko balira espero dezakeguna irudikatzeko ariketa bat. Ondorio nagusiak kezkagarriak dira: Eremu euskaldunena ahuldu eginen da, kasik arnasgunerik gabe gelditzeraino. Etxeko erabileraren, lehen hizkuntzaren eta nagusitasun eremuen bilakaerak argi erakusten dute. Halaber, haurren eta gazteen artean atzerapauso argia aurreikusten da. Azken hamarraldietako lorpen handienetakoa kolokan jartzen du horrek: belaunaldi berrietan aurreratzea.
Eragin daitekeen errealitatea
Iñaki Iurrebaso UEMAko ikerlaria arduratu da emaitzen irakurketa egiteaz. Nabarmendu duenez, 1960ko hamarkadatik XXI. mendearen hasierara arte euskara biziberritu zen bezala, orain atzeraldian sartu gara berriro. Gainera, 2036tik aitzinera ere segituko du joera horrek.
Dena den, eragin daitekeen errealitate bat da hau, erran duenez. «Hizkuntzaren kontzientzia indartuz eta hizkuntza politika eraginkorrekin», bertzeak bertze. «Egoera arriskutsu batean gaude, esnatzeko garaia da», egin du dei.
UEMAk argi du zeintzuk ez diren bideak: arrazakeria, biztanle etorri berriei errua leporatzea; ostrukarena eginez demografiaren eragina ukatzea edo gutxitzea; eta atzerapena onartzea.
«Euskararen aldeko politikei lehentasuna eman behar zaie ikerketa honek erakutsi duen galerarako joerari kontrapisua jartzeko», aldarrikatu du.
Hezkuntzari esker eutsi
Ikerketaren bertze ondorioetako bat da euskalduntze prozesuak, nagusiki hezkuntza arautuak, eragin handia izanen duela 2036ko egoeran. Horri esker eutsiko zaio euskararen ezagutzaren hazkundeari, nahiz eta hazkundearen erritmoa dezente motelduko den. Araba, Bizkai eta Gipuzkoak eutsiko diote zehazki. Nafarroan, ordea, jaisten ere has daiteke ez dagoelako halako oinarririk.
Biztanleria euskalduna zahartze prozesu batean sartuko da. Haur eta gazteen pisua jaitsi eginen da. Horrek badu bere alde positiboa ere, Oiartzunek azaldu duenez: orain arte erabilera sozialean oztopo izan da adinekoen ezagutza mugatua, eta hori atzean geldituko da.
Migrazio mugimenduak
Ikerlanak baieztatu duenez, migrazio mugimenduen hartzaile izaten jarraituko dugu. Etorri berriek lanerako eta ugaltzeko adina izanen dute. Hain zuzen, 25 eta 44 urte bitarteko biztanleriaren %44 atzerrian jaioa izanen da Hego Euskal Herrian 2036an.
Horietako aunitzek gaztelania izanen dute lehen hizkuntza eta hori transmitituko dute. Horren ondorioz, euskararen ezagutza maila murriztu eginen da gazteen artean. Baina hori gertatzeko faktore gehiago ere badira: euskara pixkanaka galtzen joanen da familia barneko transmisioan. EAEn sortutakoen artean euskara hutsik erabiltzen dutenak %15etik %13ra jaitsiko dira. Gora jarraituko du, bitartean, euskara eta gaztelania, biak erabiltzeko ohiturak. %13tik 16ra igoko da.
Arnasguneen gainbehera
Etorkizun hurbilean euskal hiztunak gero eta gehiago biziko dira erdara nagusitzen den eremuetan. Aldiz, hagitz gutxi biziko dira arnasguneetan edo euskara nagusi den herrietan, ez herri horiek biztanleria galduko dutelako, baizik eta etxeko erabilerak behera eginen duelako. Euskaldunen %67,7 erdara nagusi den eremuetan biziko dira.
Horrekin lotuta, gero eta gehiago izanen dira euskara lehen hizkuntza bakar gisa izanen ez dutenak, erdaraz erosoago ariko direnak edo euskara erabat menderatzen ez dutenak. Horrek erabilera oztopatuko du.
Euskal hiztunen ezaugarriak aldatzen ari dira, beraz. Itxura guztien arabera, euskararen bizi-indarraren kaltetan, batez ere Bizkaian eta Nafarroan. Gipuzkoan euskararen bizi-indarraren higadura txikiagoa ageri da, sendoago eutsiko die hizkuntzaren arnasgune diren eremuen ezaugarriei.
Siadecok etxeko erabilera hartu du aintzat azterketa honetan. Horren arabera, arnasgune beteen multzoan (%80tik gorako etxeko erabilera duten udalerriak) bost udalerri daude gaur egun, horietatik lau Tolosaldean. Bada, proiekzioa eginez ikusten da 2036an arnasgune beteen eremu hau, bosgarren eremua deritzona, desagertu eginen dela, eta ia laugarren eremua ere bai (etxeko erabilera %60-80 artean duten udalerriak). Bizkaian ez da geldituko laugarren nagusitasun-eremuko herririk. Nafarroako bederatzi herri (3.692 biztanle) eta Gipuzkoako 12 (3.575) geldituko dira.
Alde ona da Gipuzkoan lehen nagusitasun-eremua desagertuko dela da (etxeko erabilera %20tik behera). Araban, ordera, lehen eta hirugarren nagusitasun-eremuak egonen dira soilik.
Iurrebasok oroitu duenez, 2000tik jada atzeraka hasita gaude arnasguneetan.
Bi fenomeno aldi berean
Beraz, proiekzio hau beteko balitz, norantz ariko ginateke mugitzen? UEMAko ikerlariaren arabera, bi fenomeno ari dira gertatzen aldi berean. Alde batetik, euskararen gune trinkoak ahultzen doaz. «Hizkuntza bizi batek horiek behar ditu. Euskara nagusi den lurralde eremua ia desagertze bidean da. Kirolarekin konparaketa eginez, horrek euskara dibisioz jaistea ekarriko luke».
Bertzetik, haur eta gazteen artean atzeraka hasi da euskara. «1960tik aurrera emandako indarberritze prozesuari esker euskararen ezagutza handiagoa izan dute belaunaldi berriek zaharrek baino. Hori oso arraroa da, lorpen handi bat, hezkuntzaren eta familien ahaleginak ekarria. Lorpen horretan atzerakada izanen dela dio Siadecok».
Ikerketa, eragileen esku
Ondorioek duten garrantziagatik UEMAk erakundeei, alderdiei eta euskalgintzako eragileei aurkeztu die ikerketa. Gaia bereziki landu nahi izan du erakunde publikoetako hizkuntza politikako arduradunekin, baita Euskalgintzaren Kontseiluarekin ere, euskara biziberritzeko lanean duten gidaritzagatik. UEMAko kide diren herrietako euskara teknikariek ere jaso dute ikerlanaren berri. Ekainaren 14an Azkoitian egin zuen batzar nagusian, UEMAk bertako kide diren 118 udaletako ordezkariei ere aletu zizkien ikerlanaren nondik norakoak.
Asteazken honetan, UEMAk eta Euskaltzaindiak mintegia egin zuten gai honen inguruan. Bertan izan ziren erakunde publikoetako hizkuntza politikako arduradunak, alderdi eta sindikatuetako ordezkariak, euskalgintzako kideak, euskaltzainak eta ikerlariak.
oooooo
2036: inguruan «nagusiki» erdara, eta ia arnasgunerik ez
ooo
2036: inguruan «nagusiki» erdara, eta ia arnasgunerik ez
‘Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa’ ikerlana plazaratu du Siadecok, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen enkarguz.
UEMA Egunaren ekitaldia, iazko maiatzean, Lesakan. GORKA RUBIO / FOKU
2025eko uztailaren 10a
Hamar urteren buruan, zaharragoak izango dira euskal hiztunak, eta inguru erdaldunagoa izango dute gehienek: oro har, euskararen ezagutza maila apalagoa izango dute, etxean nagusiki gero eta gutxiagok erabiliko dute, eta erdararen nagusitasun handiko eremuetan biziko dira erdiak baino gehiago. «Laburbilduz, euren eguneroko bizimoduan inguruan nagusiki erdara duten euskal hiztunak gero eta gehiago izango dira». Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa ikerlanaren ondorio nabarmenenetariko bat da hori —txostena osorik, hemen—. Horrekin lotuta, bada beste bat ere: arnasguneak ere desagertu egingo dira. Joera demografikoek berebiziko eragina dute hizkuntzen bilakaeran, eta etorkizuna irudikatzeko ahalegina eginez, euskararen geroa zein izango den aurreratze aldera ondu du Siadecok azterlana, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen enkarguz.
Demografiaren proiekzioa
Orokorra
Adinaren arabera
(Ikusi grafikoak artikuluan bertan)
Aurrez beste hainbat azterketatan agerian geratuz joan den errealitate bat irudikatu dute proiekzio honetan: euskararako joera berezkoa ez duten hiztunek gero eta toki handiagoa hartuko dute gizartean: «Gero eta gehiago izango dira euskara lehen hizkuntza bakar gisa izango ez dutenak, erdaraz euskaraz baino erosoago egingo dutenak, eta baita euskara menderatzen ez duten euskal hiztunak ere». Eta abisu eman dute: joera horiek zedarritutako geroa meharregia izan daiteke euskararen geroarentzat. «Ez dirudi baldintza egokienak direnik, belaunaldiz belaunaldi jarraipen naturala izango duen eta erabilerari dagokionez bizia izango den hizkuntza izango bada helburu. Eta ez dirudi, bestelako neurriak hartu ezean, epe laburrean norabide aldaketa espero daitekeenik joera horietan».
Azterlanean argi ikus daiteke, era berean, lehendik ere beste hainbat ikerketak erakutsi duten fenomenoa: eremu euskaldunenak, herritarren eguneroko jardun arrunta euskaraz izaten diren espazio horiek, ahultzen eta urritzen ari dira. Euskararen erabilera datuei erreparatuta, %60tik gorakoa duten udalerriak arnasgune izendatzen dira. Horien barruan arnasgune beteak dira %80koa gainditzen duten udalerriak. Siadecoren lanaren arabera, ez da horrelakorik geldituko 2036an. Eta arnasgune erasanak ere —erabilera %60-%80 izaten da horietan— desagertze bidean egongo dira: biztanleen %0,2 besterik ez da biziko eremu horietan. Orokorrean, arnasguneetan hiztunen %7,2 bizi ziren 1991. urtean; %2,9 ziren 2021ean; eta %0,2 izan daitezke 2036an. Horrela, proiekzioa betez gero, historian lehen aldiz, sozialki nagusi den ia lurralde eremurik gabe geldituko litzateke euskara.
Ohartarazpenez gain, euskararen bilakaeran atzemandako «alde positiboak» ere azpimarratu dituzte azterlanean. Ez dira gutxi, eta ez dira nolanahikoak. Euskararen ezagutza maila handiagoa da biztanle helduen artean gaur egun, gaztelaniarekin batera bada ere hainbat etxetan euskarak sarbidea izan du, transmisioaren eta erabileraren bilakaera positiboa da atzerrian sortutakoen artean, lurralde eta eremu jakin batzuetan egin dira aurrerabide nabarmengarriak, eta hizkuntzaren «bizitasunari» eutsi egin zaio zenbait eremutan. Horiei «heldu» eta horietan «sakontzeak» berebiziko garrantzia izango duela nabarmendu dute.
Gaur egin dute txostenaren aurkezpena, Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde kultur parkean. UEMAko lehendakari Martin Aramendik esan du gaur egungo egoeraren diagnostiko doia egin behar dela datuak «behatuta, xehatuta eta aztertuta», eta gero eta hizkuntza politika «eraginkorrago eta zehatzagoak» egin behar direla ikerketa horien emaitzetan oinarrituta. Mankomunitateak lan honen emaitzak aurkeztu dizkie jada hainbat erakunderi eta alderdi politikori. Ekainaren 14an egin zuen batzar nagusian ere eman zituzten ikerketaren gako nagusiak, eta atzo Euskaltzaindian goiz osoko mintegi bat antolatu zuten gai honen inguruan. Hantxe Iñaki Iurrebaso ikertzaileak aurreratu zuen datuek zer ekar dezaketen: «Euskarari lehentasuna eman ezean, gaiari benetan heldu ezean, galera fase batean sartuko da».
Hona ikerketaren ondorio nagusiak, atalka:
Euskaldunen ehunekoa «hazten», Nafarroan izan ezik
Hezkuntza arautuaren bidez euskaldun kopurua nabarmen handitu da iragan hamarraldietan, eta hazkuntza horren eragina agerikoa izango da datozen urteetan ere. Lorpena argia da, baina geografikoki aski desorekatua. Azken datuetan, 2021ean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 15 eta 24 urte arteko biztanleen artean %80tik gorakoa zen euskararen ezagutza. Nafarroan ehuneko hori askoz ere apalagoa da: %26. «Horrek dakarrenarekin», abisu eman dute ikerketan. Hala ere, hazkunde orokorrak ondorio onak utziko ditu datozen urteetan. Euskaldunen pisuaren hazkunde erritmoa «mantsotzen» ari da, baina Araba, Bizkai eta Gipuzkoan igoerari eutsi egingo zaio oraindik, populazio orokorrean: biztanleen %32,6 ziren euskaldunak 2001ean; %43,3 2021ean; eta, proiekzioaren arabera, %48,3 izango dira 2036an. Egongo da igoera bat. Nafarroan, ordea, «behera» hasiko da biztanle euskaldunen ehunekoa: %12,1 ziren 2001ean; %14,9 2021ean; eta %11,8 izango dira, proiekzioaren arabera, 2036an.
Hizkuntza ezagutzaren bilakaeraren aurreikuspena (2021-2036)
(Ikusi grafikoa artikuluan bertan)
Hiztun zaharragoak
Gaur egun, batez ere gazteen artean da handia euskararen ezagutza; baina, orain gazte diren horiek adinean gora egin ahala, Hego Euskal Herriko biztanleria euskalduna «zahartu» egingo da. Ez delako gaztetuko. Izan ere, murriztu egingo da 2-24 adin tartekoek biztanleria euskaldunean duten pisua. 2 eta 14 urte artekoetan izango da bereziki nabarmena jaitsiera hori. Jaiotza tasaren apaltzea izango da horren atzean dagoen faktore nagusietako bat: ume falta. Adin tarte gazteenek biztanleria osoan duten pisua %12,2tik %9,4ra jaitsiko da. Eta jaitsi egingo da euskaldunen pisua adin tarte gazteenetan. 2021ean, Hegoaldeko 2 eta 14 urte arteko haur eta gaztetxoen %69,8 ziren euskaldun; proiekzioaren arabera, 2036an %62,3 izango dira.
Euskara gutxiagorentzat izango da lehen hizkuntza
«Atzerrian jaiotakoek biztanlerian duten pisuak nabarmen egingo du gora: 361.875 biztanle ziren atzerrian jaioak 2021ean, eta 692.467 izango dira 2036an, biztanleriaren %23,2»; hala jaso dute azterlanean. Beren-beregi Nafarroan egoera zein izango den aztertuta, «inpaktua» handiagoa izango da han: %27,9 izango dira atzerrian jaiotakoak. Umeak izango dituzte etorri berri askok. «Guraso izateko adinean dagoen biztanleria izango da, oro har, etorriko dena». Eta eragina izango du horrek egoera soziolinguistikoan, oraindik ere konplexuagoa bihurtuko baitu. «Euskara eta gaztelania ez diren beste hizkuntza batzuek izango dute hazkunderik handiena», ikerlanean diotenez. Euskara edo gaztelania ez den beste lehen hizkuntza bat zuten, 2021ean, 25 eta 44 urte arteko herritarren %1,8k eta 45 eta 64 artekoen %5,1ek; 2036an, adin tarte gazteenean %17,7 izango dira, eta adinekoagoan, berriz, %11,1.
Lehen hizkuntzaren bilakaeraren aurreikuspena (2021-2036)
(Ikusi grafikoa artikuluan bertan)
Euskal Herrira etortzen jarraituko dute, halaber, gaztelania lehen hizkuntza izango duten migratzaileek. 2021ean 210.026 ziren; ikerketan adierazi dute 386.083 izango direla 2036an. «Horiek, zein etorri berrietako beste askok ere, gaztelania transmititzen diete seme-alabei eta gaztelaniaz egiten dute etxean». Ondorioak izango ditu horrek guztiak: «Euskararen familia bidezko transmisioak atzera egingo du, baita bertan jaioak diren gurasoen familietan ere». Egindako aurreikuspenak, horra: 2 eta14 urte artekoen artean behera egingo dute lehen hizkuntza gisa euskara bakarrik jasoko dutenek: 2021ean %17,3 ziren eta 2036an %13,6 izango dira. Behera egingo du bi hizkuntzak batera jasotzen dituztenen ehunekoak ere: %15etik %10,6ra. Horregatik, oro har, euskara maila apalagoa izango dute haur eta gazteek.
Nagusiki euskaraz, gero eta etxe gutxiagotan
2011tik 2036ra bi puntu apalduko da etxean nagusiki euskaraz aritzen direnak: %11,6tik %9,7ra. Euskara eta gaztelania, bi hizkuntzak antzeko neurrian erabiltzeko joera areagotu egin da iragan urteotan, eta goraldian jarraituko du: 2011n, %6,8 ziren; 2021ean, %10; eta 2036an %12,2 izango dira.
Etxeko erabileraren bilakaeraren aurreikuspena (2021-2036)
(Ikusi grafikoa artikuluan bertan)
Euskararen etxeko erabilerak batez ere Nafarroan egingo du atzera. Nagusiki etxean euskaraz egiten zutenak biztanleriaren %5,6 ziren 2001ean; %4,2 2021ean; aurreikuspenaren arabera, %3,1 izango dira 2036an (22.667 hiztun).
Euskaraz bizi diren eremuak, desagertzen
2021ean, euskaldunen %47,2 bizi ziren euskararen etxeko erabilera %20tik beherakoa zen udalerrietan. 2036an euskaldunen %50,5 biziko dira erdarak nagusitasun handia duen era horretako eremuetan. Hamarretik zortzi biziko dira, berriz, %40tik beherako etxeko erabilera maila dutenetan.
Arnasguneen proiekzioa
(Ikusi grafikoa artikuluan bertan)
Proiekzioa betez gero, halaber, historian lehen aldiz, sozialki nagusi den ia lurralde eremurik gabe geldituko da euskara; arnasgune erasanak ere desagertu egingo dira: 7.267 pertsona biziko dira tankera horretako eremuetan 2036an, 21 udalerritan: hamabi Gipuzkoan egongo dira, eta gainerakoak Nafarroan. Galera handia da: 2021ean 82.791 biztanle bizi ziren eremu horietan, 1991n 113.734 ziren. Galera etengabea izan da urteotan. Lurraldeen arabera, hamar urte barru Bizkaian ez da geratuko euskararen nagusitasun eremuko herririk.
Bizkaian eta Nafarroan, bizi indar gutxiago
Gaitasun erlatiboari begira, alde handiak daude herrialdeka. Araban beste hiru herrialdeetan baino txikiagoa da euskal elebidunen pisua, alegia euskaraz errazago hitz egiten dutenena, baina han bakarrik egin du gora 1991-2021 epealdian: %5,9tik %8,5era. Gipuzkoan pisuari eustea lortu dute: %39,4tik %38,7ra. Aldiz, Bizkaian eta batez ere Nafarroan %32,3tik %19,8ra urritu dira hiztun horiek, eta Nafarroan %40,6tik %20ra. Horrek esan nahi du herrialde horietan ugaritzen ari direla euskaraz jakin arren erdaraz euskaraz baino erraztasun handiagoa dutenak.
Atal horretan 2036a bitarteko proiekziorik ez dute egin azterlanean, baina egungo datuek erakusten dituzten joeren gainean ohartarazi dute. Elebidun orekatuek etxean zein hizkuntza erabiltzen duten aztertuta, esaterako, 1991tik 2021era jaitsiera bat gertatu da orokorrean, baina batez ere handia izan da Nafarroan eta Bizkaian: Nafarroan %49,7tik %24,4 apaldu da ehunekoa; Bizkaian, %47tik %31ra. Euskal elebidunen kasuan ere, jaitsiera: Nafarroan %86,9tik %74,5era, eta Bizkaian %83,9tik %72,9ra.
ooooo
7. Ondorioak
(https://www.naiz.eus/media/asset_publics/resources/001/250/073/original/Siadeco_laburpena.pdf)
•Azken 30 urteotan hezkuntza-arautuko hizkuntza-eredu euskaldunen bidez aurrera eraman
den euskalduntze-prozesuaren eragina handia izango da. Handia da inpaktua gaur egungo
ezagutza-datuetan, eta handia da etorkizuneko proiekzioetan ere. Izan ere, biztanle
euskaldun horiek adinean gora egin ahala, eragin handia izango dute hurrengo adin-
tarteetako —adin-piramidearen hurrengo kosketako— euskararen ezagutza-datuetan. Horri
esker eusten dio, neurri handi batean, Euskal Autonomia Erkidegoak euskaldunen pisuaren
hazkundeari, nahiz eta hazkunde-erritmoa mantsotu. Nafarroan, aldiz, behera egiten ere
hasiko da biztanleria euskaldunaren ehunekoa, ez duelako halako oinarririk.
• Biztanleria euskalduna zahartze-prozesuan sartuko da. Azken hamarkadetan hezkuntza
arautuko hizkuntza-eredu euskaldunetatik pasatako biztanleek adinean gora egin ahala,
Hego Euskal Herriko biztanleria euskalduna zahartu egingo da. Areagotu egingo da 24 urtetik
gorako adin-tarteek biztanleria euskaldunarekiko duten pisua. Horrekin batera, azken
urteotan euskararen erabilera soziala mugatu izan duen helduen ezagutza-maila apala
atzean geldituko da, neurri batean. Adin-tarteko biztanleriarekiko euskaldunen pisuak gora
egingo du 24 urtetik gorako adin-tarte guztietan.
• Migrazio-mugimenduen hartzaile izango da Hego Euskal Herria, datozen urteetan ere, eta
atzerrian jaiotakoek biztanlerian duten pisuak nabarmen egingo du gora. Gainera,
ugalkortasun-adinean, edo guraso izateko adinean, dagoen biztanleria izango da, oro har,
etorriko dena. Lehen hizkuntzaren eta etxeko erabileraren proiekzioek erakusten dute
euskara eta gaztelania ez diren beste hizkuntza batzuen pisua dela hazkunderik handiena
izango duena, bi kasuetan. Eta, gainera, adinaren arabera aztertuz, erdiko adin-tarteetan
antzematen da inpakturik handiena.
Kontuan hartu behar da, gainera, etorri berrietako askok gaztelania dutela lehen hizkuntza
—Latinoamerikan jaiotakoen zati handi batek, batez ere—. Horiek, zein etorri berrietako
beste askok ere, gaztelania transmititzen diete seme-alabei eta gaztelaniaz egiten dute
etxean. Hori horrela, lehen hizkuntza gaztelania edo beste bat duten eta euskara
transmitituko eta erabiliko ez duten etorri berrien inpaktu kuantitatiboa askoz ere handiagoa
izango da euskara transmititzera eta erabiltzera iritsiko diren atzerritar jatorriko biztanleena
baino. Nahiz eta bilakaera oso positiboa izan, alde horretatik.
• Euskararen ezagutza-maila apalagoa izango da, etorkizun hurbilean, haur eta gazteen
artean. Adin-tarte bakoitzeko biztanleriarekiko euskararen ezagutza-maila zenbatekoa den
aztertuz, azpimarratzeko modukoa da euskaldunen pisuak behera egingo duela haur eta
gazteen artean. Datu horien atzean faktore ezberdinak egon daitezke:
— Atzerrian jaioak diren eta euskaraz ez dakiten gurasoen seme-alabak gero eta
gehiago izango direla.
— Euskararen familia bidezko transmisioak atzera egingo duela, baita bertan jaioak
diren gurasoen familietan ere. Izan ere, etxean nagusiki euskara erabiltzeko
ohiturak behera egingo du Hego Euskal Herrian. Eta gora egiten jarraituko du bi
hizkuntzak, euskara eta gaztelania, erabiltzeko ohiturak.
• Euskaraz gaztelaniaz baino erosoago moldatzen diren euskal hiztunen pisua gero eta
txikiagoa da. Hezkuntza arautuko hizkuntza-ereduetan oinarritutako euskalduntze
prozesuak eta familia bidezko transmisioan eta etxeko erabileran aurrerapauso handirik
eman ez izanak ezinbestean eragiten dute euskal hiztun den biztanleriaren ezaugarri-
adaketan. Euskara lehen hizkuntza gisa transmititzen denean, transmisio horren
eraginkortasuna handia da. Baina, hala ere, biztanle euskaldunen artean euskal elebidunen
pisuak behera eta erdal elebidunen pisuak gora egin du. Transmisio-mailan dago hutsunea,
beraz. Gero horrek erabileran dakarrenarekin.
• Euskal hiztuna den biztanleriaren ezaugarriak aldatzen ari dira, beraz. Eta, itxura guztien
arabera, euskararen bizi-indarraren kaltetan ari dira aldatzen, batez ere, Bizkaian eta
Nafarroan. Gipuzkoan txikiagoa izan da euskararen bizi-indarraren higadura, sendoago eutsi
die hizkuntzaren arnasgune diren eremuen ezaugarriei —nagusitasun-eremuen azterketak
erakutsi du, gainera, arnasgune beteen multzoan geratzen diren bost udalerriak
Gipuzkoakoak direla. Eta, proiekzioen arabera, 2036an, 4.nagusitasun-eremuan
Gipuzkoako 12 herri eta Nafarroako 9 geratuko dira—.
• Etorkizun hurbilean gero eta gehiago izango dira nagusiki erdaraz inguratuta bizi diren euskal
hiztunak. Eta, ikusi dugun bezala, gero eta gehiago izango dira euskara lehen hizkuntza bakar
gisa izango ez dutenak, erdaraz euskaraz baino erosoago egingo dutenak edo baita euskara
erabat menderatzen ez duten euskal hiztunak ere. Euskararen erabilera soziala zailtzen
duten faktoreak dira biak ala biak, eta elkarri lotuta daude, gainera. Gaitasun mugatua
duenak, horrez gain, hizkuntza erabiltzeko aukera gutxi baldin baditu inguruan, nekez lortuko
du bere gaitasuna hobetzea. Gero eta gehiago kamustuko zaio euskara eta gero eta ahalegin
handiagoa egin beharko du hizkuntza erabiltzeko, edo, dagokionean, ondorengoei
transmititzeko.
Ez dirudi baldintza egokienak direnik, belaunaldiz belaunaldi jarraipen naturala izango duen eta
erabilerari dagokionez bizia izango den hizkuntza baldin bada helburu. Eta ez dirudi, bestelako
neurriak hartu ezean, epe laburrean norabide aldaketa espero daitekeenik joera horietan. Badaude
alde positiboak ere, eta lan honetan azpimarratu ditugu: euskararen ezagutza-maila handiagoa
biztanle helduen artean, lehen hizkuntzaren transmisioaren eraginkortasun gero eta handiagoa,
gaztelaniarekin batera bada ere hainbat etxetan euskarak sarbidea lortu izana, transmisioaren eta
erabileraren bilakaera positiboa atzerrian jaiotakoen artean, lurralde eta eremu batzuetan erdietsi
diren aurrerabideak, beste batzuetan hizkuntzaren bizitasunari eutsi izana… Horiei heldu eta
horietan sakontzea ere garrantzitsua izango da etorkizunean, ikusitako ahulguneei konponbideak
bilatzearekin eta datozen erronka handiei aurre egitearekin batera
oooooo