Kataluniaz (Josuren beste e-posta bat)

Kaixo, Joseba.

Agur Josu,

Barka atzerapena. Kontua da Madriletik ‘ibili’ naizela erabat okupatuta…

(Erantzunak urdinez.)

Kataluniari dagokionez, gauzak argitzen ari dira (erabat ados!). Agertoki posibleak murrizten ari dira, eta nik bi bukaera besterik ez ditut ikusten (soilik?):

-oraingo Parlamentuak lehenbailehen aldebakarreko independentzia aldarrikapena egitea, Kosovon egin zuten moduan

(Gogoratu Kosovo-ren atzetik, eta Kosovoren independentzia bultzatuz, AEB eta Alemania zeudela. Alegia,prozesu honetan nazioarteko laguntza halabeharrezkoa da. Bestela jai!)

-amore ematea Espainiaren aurrean eta prozesu guztia pikutara bidali. Zaila, kontuan harturik herri-mugimenduaren indarra

(Zergatik amore eman? Ikus blog honetako azken sarrerak.Interesgarriak dira oso.)

Tarteko irtenbideren bat ez ote da izango?

Beste agertokiak ez ditut gauzagarri ikusten:

-erreferendumaren aukera debekatuta dago. Lehenengo erreferenduma, kontsulta moduan planteatuta eta zentsoarekin, Madrilek debekatu zuen, eta Mas-ek amore eman zuen. Ordezko erreferendum “deskafeinatua” Madrilek ere errekurritu egin du. Ibilbide motza du aukera honek.

Nahiz eta ibilbide hori ‘motza’ izan, ene usez, egin beharreko ibilbidea da, bi arrazoirengatik:

a) Katalanen indarra ikusteko, katalanek berek ikusteko, baita Espainiak ikus dezan ere.

b) Garrantzitsua hauxe da: nazioartean ikus dezaten zer nolako indarra dagoen Katalunian eta zer nolako portaera dagoen Espainian.

-hauteskunde “plebiszitario” deritzonak: zerrenda independentista bakarra osatzea ez da posible izango, Madrilek segituan legez kanpo jarriko bait luke (euskaldunok hain ongi ezagutzen dugun “alderdien legea”ren bidez). Gauza bera gertatuko litzateke ERC-k, edo CUP-ek haien programetan independentziaren aldeko konpromisoa hartzen badute (Madril-ek ERC legez kanpo jarriko luke azkar, alderdien legeak “terrorismo”aren aurka ez ezik, Espainiako Konstituzioaren aurka joaten direnentzat ere balio du).

Nik neuk, inongo dudarik gabe, hauteskunde horiek ere bultzatuko nituzke, Mas presidentea izango banintz, aurrean aipaturiko bi arrazoiengatik.

Era demokratiko batez, frogatu behar da norberaren indarra zein den, hala barruan nola kanpoan. Barruko indarra zein den erakustea argi dagoela uste dut.

Indar horren aurka Estatu espainiarrak erabiltzen dituen trikimailu guztiak nolakoak diren ezagutu behar da. Baita laster, oso laster, Estatu espainiarrak erabiliko dituen azpijoko eta zikinkeria guztiak argi azaleratu behar dira nazioarteko mailan.

Kontsultarik gabe eta hauteskunde plebiszitariorik gabe, esan bezala, aukera bakarra geratzen da: oraingo Parlamentuak (CiU-k, ERC-k eta CUP-ek gehiengoa dute) independentzia “de facto” aldarrikatzea.

Eta zeinek onartuko luke une honetan aukera hori? Espainiak? Europak? Alemaniak? AEBk? Non dago halabeharrezkoa den nazioarteko babesa?

Hori ala Madrilen menpe urte askotan jarraitzea. Ez dago besterik.

Hala ikusten dut nik.

Nik uste dut hurrengo astean, azken txanpa honetan, aukerak ‘garbiago’ ikusiko ditugula Kataluniaren aldetik, eta ‘zikinago’ Espainia una, grande y libre delakoaren aldetik.

Ikusteko eta ikasteko asko daukagu!

Izan untsa.

Mila esker.

Ez adiorik.

Josu

joseba

PS: Bide batez, zertan ari gara gu? Mosaikotan? Hurrengo ekainerako (sic) ekitaldi bat prestatzen? Arren!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude