Hamar galdera eta erantzun

Hona hemen Stephanie Kelton, berriz[1]:

1)      Diruaren sorrera ez datza trukean. Dirua ez da gauza fisiko material bat. Dirua ez da finitua. Dirua airetik sortzen dute, kreditu erlazio gisa. Sormena teklatu baten bidez gauzatzen da. Ez dago inongo mugarik dirua sortzeko.

2)      Familia batek ezin du dirurik jaulki, gobernu (subirano) batek bai. Familia bat, enpresa bat, udal bat, Europar Batasuneko estatu bat, AEBetako estatu bat monetaren erabiltzaileak dira. Guzti horiek, punturen batean, ezin dituzte beren zorrak kitatu.

AEBetako gobernu federala monetaren jaulkitzailea da[2]. Zorra dolarretan izendatuta baldin badago, gobernuak beti zuri dezake zor hori, beti ordain dezake.

3)      1999ko urtarrilaren 1ean baino lehen, Europako herrialde guztiek beren monetak erabiltzen zituzten. Zergak ordaintzeko, gobernu bakoitzak bere moneta erabilia izateko behartu zuen.

Euroa martxan jarri zenetik, Europar herrialde desberdinak batera jarri zirenean, Europar Batasuneko gobernu ezberdin horiek guztiok euroa, moneta soil bat, erabilia izateko behartu zuten[3].

4)      Edozein makro ekonomialarirentzat, helburua enplegu osoa lortzea da. Munduko edozein ekonomiatan, sektore pribatua oso labur geratzen da aipatutako helburutik. Horrek kostu sozial eta ekonomikoa suposatzen ditu.

Beraz, badago gobernuak jokatzeko rol oso garrantzitsu bat. Ekonomia ez badago enplegu osoan, orduan eskari globala ez da nahikoa. Beraz, gastua handitu ahal da enplegu osoan funtzionatzeko.

Zergak gutxitu daiteke. Edo azpiegitura zibiletan labur bazaude, horretan inbertitu dezakezu, alegia, jendea alokatu, kontratatu dezakezu.

Krisia hasi zenetik, hiru proposamen egin ditu Kelton-ek: a)  nominaren gaineko zergak zerora jaistea; b) estatu desberdinetako gobernuek eta gobernu lokalek estatu federalaren laguntza jasotzea, moneta jaulkitzailearen laguntza, monetaren erabiltzaileei fondoak banatuz; eta c) enplegu programa bat martxan jartzea, sektore pribatuan lana ezin topatu eta lan egin nahi zuen edozeinentzat, trantsizio programa bat[4].

5)      Politika horren inplementazioa, inflaziogilea izan daiteke? DTM-koen arabera, gobernuak bere zergapetzeko eta gastatzeko ahalmena erabili behar du ekonomia erregulatzeko, enplegu osoari eustearren.

Ekonomiak bere ahalmen errealean egon behar du, ekonomian eskari global nahikoa lortu behar da, enplegu osoan funtzionatzeko.

Baldin eta prezio presioak azaltzen badira, eskari gehiegi dagoelako, orduan gobernu gastua murriztu ahal da edo zergak altxatu, edo bien konbinapen bat ekonomia hozteko.

6)      Eta atzerritar inbertsiogileak eta truke kanbioak? Yen eta dolarraren arteko kanbioa edo euro eta dolarraren artekoa ez da egonkorra, ez da aurrez ikusteko modukoa, nahiz eta gobernuaren aurrekontuak handitu ala murriztu eta ekonomiek enplegu osotik urrun ala gertu funtzionatu…

Baldin eta beste herrialde batzuek zuregandik salgaiak erosi nahi badituzte, zure moneta lortu behar dute, erosketa horiek gauzatzearren.

Demagun Txina. Zergatik dauzka Txinak horrenbeste dolar eta Altxor Publikoko bonoak? Zeren Txinak bere salgai eta zerbitzuak AEBei saldu nahi baitizkie, eta dolarrak metatu nahi baititu. Hori gertatzen den heinean, atzerritarrek dolarra balioztatzen dute eta nahi duten moneta dela islatuko da. Gainontzeko munduak erabakitzen badu ez dituela nahi dolarrak metatu eta eduki, zeren ez baitie gehiagorik saldu AEBei, orduan dolarra balioan jaitsiko da.

7)      Gaurko ekonomiaren egoera kontuan eduki, ekonomialari askok aipatzen duen inflazio arazoa ez da azalduko. Zeharka zergen murrizketatik edo zuzenean gobernuaren gastutik, behar dugun gastu handitzea etortzen bada, bietan,  ekonomiak gastu handiagoa izango du. Esperientziak dio ezen AEBak enplegu osotik hurbil egon direnean, langabezia %3,7 izanik, inflazioa oso txikia izan dela eta produktibitate tasak nahiko altuak.

AEBek oraingo sektore pribatuaren zorrak dituzte. Hortaz, ez dute bat batean zama hori zurituko. Horrelako testuinguruan, gobernuak badauka aukerarik aipatutakoa (zergen murrizketa edo/eta gastu handitzea nahiz bien konbinaketa bat) gauzatu ahal izateko.

8)      Gobernuaren sektorea eta sektore pribatua: balantze orria.

Edozein ekonomiak badauzka hiru sektore: barneko sektore pribatua, barneko sektore publikoa eta atzerritar sektorea.

Horrelako sektore batek soberakina izateko, gastatu baino gehiago irabazten egoteko, gutxienez beste bi sektoreetako batek defizitean egon behar du, gehiago gastatuz irabaziz baino.

Zentzuduna da sektore pribatua soberakinean egotea. Hortaz, sektore publikoak defizitean egon behar du ala gainontzeko munduak.

Gainontzeko mundua gurekiko defizitean baldin badago, litekeena da gobernu sektorea eta sektore pribatua, biak, soberakinean egotea (Alemania, kasu).

AEBetan, alta, merkataritza defizitak daude. AEBak ezin dira gainontzeko munduari begira egon, barneko sektore pribatua bermatzeko. Hortaz, AEBetako gobernuak defizitak izan behar ditu.

9)      Defizit hontza, defizit usoa eta defizit aztorea. Defizit hontza batek gobernuaren defizita testuinguru batean analizatzen du, ez isolamenduan. Defizit usoak eta aztoreak uste dute, biek, gobernuak gehiegi gastatzen duela, eta hori txarra dela.

Aztoreek defizita arin murriztu nahi dute, usoek astiroago.

Hontzak gobernuaren aurrekontu balantzea ekonomiaren beste sektore biekin begiratzen du: sektore pribatua eta atzerriko sektorea. Berak badaki sektore publikoaren defizita mozteak sektore pribatuaren soberakina moztea esan nahi duela.

Sektore publikoa murriztu nahi duen edozein, definizioz, sektore pribatuaren soberakinaren murriztearen alde dago.

10)   Gobernua eta moneta ez-subiranoa.

Europar Batasunean (EB) zor subiranoaren krisia dago. EBko gobernu desberdinek ezin diote aurre egin krisi ekonomikoari, zeina finantza krisiaren ondorioa baita.

Euroa onartzean, EBko herrialde guztiak moneta erabiltzaile bilakatu ziren. Moneta, euroa, irabazten dute, bereganatzen dute zergak bilduz.

Arazoa hauxe da: zure ekonomia murrizten ari denean, estatu kutxetara etortzen den dirua jaitsi egiten da, zerga bilketa behera baitoa.

Zergak jaisten diren une berean, gobernu ordainketa multzo bat handituz doa, segurtasun programak martxan direlako: langabezia agertzen denean, gobernuak egiten duena. Horrek defizita handitu egiten du.

EBn gobernu horiek kanpora joan behar izan dute euroa maileguz hartzeko, eskasia hori estaltzearren[5].

Ordaintze ezko arrisku hori ez zegoen Italiako gobernuak maileguz liratan hartzen zuenean, gauza bera beste gobernu desberdinekin, nork bere monetan maileguz hartzen zuenean.

Orain gobernu horiek maileguz hartu nahi dute moneta batean, euroan, eta finantza merkatuek ongi dakite EBko gobernuek ezin dutela eurorik jaulki; ondorioz, gobernuek ordaintze ezean egon behar dute. Beraz, mailegu-emaileek sari handiago bat nahi dute.

Ez dago inongo biderik EBko gobernu horiek beren zorra zuritzeko, epea luzatzen ari direnean, birfinantzatzen ari direnean, gero eta gehiago hartuz eta interes tasak gero eta handiago bilakatuz.

 


[2]  Gure gehigarria: Baita Kanadako, Britainia Handiko, Australiako,…, eta Islandiako gobernuak ere.

[3]  Baina gobernu horiek guztiok ez ziren subiranoak euroa jaulkitzeko. Euroa Europar Banku Zentralak (EBZ) soilik jaulkitzen ahal du.

[4]  Job guarantee programa bat, jadanik ikusia blog honetan. Halaber, ikus http://moslereconomics.com/mandatory-readings/full-employment-and-price-stability/.

[5]  EBn gertatzen ari denaren aurka, gogoratu Mosler-en planak EBZ ongi eta zuzen erabiltzeko: https://www.unibertsitatea.net/blogak/heterodoxia/2012/05/21/warren-mosler-en-proposamenak/.