Independentziarantz (3)

 11) ‘Nazionalizazioak’: Bankuena eta enpresa erraldoiena.

11-a) Bankuen nazionalizazioa. Azken bolada honetan ikusi duguna ez da izan bankuen nazionalizazio bat, bankuen pribatizazioa baizik. Gobernuek bankuak pribatizatu dituzte, banku zentralek are diru gehiago eman diezaieten. (Kasu, Krugman eta Stiglitz Nobel saridunak ‘nazionalizazioaz’ aritzen direnean, bankuei, banku erraldoiei, diru gehiago emateaz ari dira.)

Bankuak salbatu nahien dabiltza. Zorrak kontabilitate-liburuetan utzi dituzte. Baina zorrak ordaindu behar dira. Kontua da zorra handiagoa dela bera ordaintzeko gaitasuna baino. Hortaz, zorra gutxitu behar da, gutxienez ekitate negatiboa duten zorren balioa, hau da, zorra handiagoa denean merkatuan ondasunak daukan balioa baino edo jendeak ordaintzeko daukan gaitasuna baino.

Aipatu bezala, gaur egun, nazionalizazioak zabor-kredituak gaizki luzaturiko banku handienei diru-opariak ematea esan nahi du. Nazionalizazioak, ohiko zentzuan, esan nahi zuen kreditu-sormena eta beste oinarrizko finantza-funtzioak arlo publikoan jartzea. Hortaz, galdera hauxe da: zeinek kontrolatu behar du erregulazioa eta ‘nazionalizazioa’ gauzatzen dituen gobernua? Kasu, nazionalizazioa gobernu batek gauzatzen badu, zeinaren banku zentrala eta finantza-arazoak Wall Street-ek kudeatzen baitu, kreditua ez da erabilera produktiboan erabiliko.

Bankuen nazionalizazioaz aritu barik, kredituaren erabileraz arduratu beharko ginateke, zeren kreditua sektore produktibora joan dadin, kredituaren luzapena, nolabait, kontrolatu behar baita.

Ondorioa garbia da: banku zentrala ezin da izan aukeraturiko gobernutik ‘independentea’. Hori demokraziaren aurkako egoera da.

Egia da kredituak bankuek zein Altxor Publikoak sortu ahal dituztela. Zeinek dauka ‘solbentzia’ gehiago? Solbentziaren kontua Altxor Publikoari dagokio, bera baita solbentziaren azken bermatzailea[1]. Hortaz, bigarren ondorioa: Altxor Publikoak nolabait kredituak kontrolatu behar ditu, zertarako erabiltzen diren eta abar jakitun egonez. Hobe diru sormena eta kreditu sormena Altxor Publikoaren esku ezartzea.

11-b) Nazionalizazioa: Nazioarteko enpresak eta enpresa nazional erraldoiak. Ez da beharrezko formalki nazioarteko enpresak edo eta errenta estraktibokoak diren beste enpresa batzuk (enpresak erraldoiak, monopolioak kasu) nazionalizatzea. Ondorio berbera lor daiteke haien errenta ekonomikoaren ‘bazka librea’ zergapetuz.

Nazioarteko enpresen filialak legalki herrialde konkretu batean kokaturik daude, eta hortaz, herrialde horren legeen menpe –haren zerga-legeak, prezio erregulazioak eta abar-. Hori legala da nazioarteko legediaren arabera, baldin eta atzerritarrak barneko egoiliar bezala tratatuak badira.

Enpresa horiek egiten dutena bikoitza da: (a) barneko populazioa ustiatzea, eta (b) kapital iheserako ibilgailu moduan erabiliak izatea.

Ezaguna da nola erabiltzen dituzten nazioarteko enpresa erraldoiek paradisu fiskalak, zergapetzetik alde egiteko[2] Ondorioa oso zuzena da: enpresa horien mozkinak zergapetu behar izatea.

12) Ekonomia mistoa. Ez dago ‘merkatu librea’. Demokrazia ekonomiko eta monetario berrirako irtenbidea nolabaiteko ekonomia mistoa martxan jartzean datza, non aurreko puntu guztiak kontuan hartuko diren.

Beste aldetik, enpresa publikoek oinarrizko zerbitzuak hornitu ditzakete kostu baxuan, publikoak direlako. Ez dago inolako arazorik enpresa publiko horiek ongi kudeatzeko. Kudeaketa publikoaren aurka egon den, eta dagoen, gurutzadak ez dauka oinarri finkorik. Kudeaketa pribatuaren izenean, ekonomiak erabat planifikatu dira, erabat finantzializatu dira. Kontua da plangintza berriak gauzatu dituztenak banku erraldoiak izan direla, banku zentralak, Altxor Publikoak eta are gobernuak haien onurarako ezarriz eta zabor-ekonomia[3] mundu mailan zabalduz. Demokraziaren kontrako egoera horri buelta eman behar zaio.

13) Badok hamahiru: Ad Majoren Vasconum Libertatem. Martxoaren 21ean hasitako bidetik segitzea oso komenigarria da. Bidean, finantza-inperialismoaz jabetzea eta sindikalgintza berriari buruzko hausnarketetan sakontzea bi eginkizun garrantzitsu dira. Baita finantza-kapitalismo zer den ulertzen duten enpresari berriekin itun estrategikoak adostea ere. Ekonomia, oro har, eta gobernua bera, finantzializatuak egoten diren egoera honetan, langileek beren aurrezkiak kontrolatu behar dituzte, pentsioak gobernuaren esku utzirik, inongo norberaren bizkarreko ‘pentsio-fondorik’ onartu.

Demokrazia berriaren ildotik, LAB eta ELA sindikatuen eginbeharra funtsezkoa da euskaldunon askatasun handiago eta sakonagoa lortzearren.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude