Abortatzeko eskubidetik besteak ez zaindu behar izatearen eskubidera

Azken hogeita hamar urteetan feminismoak ibilbide luzea egin du Euskal Herrian, eginkizun, eztabaida, ideia, ekitaldi, elkarretaratze, manifa eta topaketa askoz osatua. Jardun honen erdigunean, nor bere gorputza eta bizitzaren jabe izateko eskubidea. Eskubide honen ikur, abortatzeko eskubidea, gizarte baten demokrazia maila ondoen islatzen duen gertakaria.

1978. urteaz geroztik, Basauriko 11 emakumeen epaiketaren harira, abortuaren inguruko ekintzek, emakumeei feminismoaz jantzi, bildu, hausnartu eta borrokan hasteko aukera ezin hobea eman ziguten.

Aldi berean, Euskal Herri osoan berehalaxe hedatu ziren familia-plangintza zentroen sorrera garai haietako arrakasta politikoaren adierazgarririk argiena dugu.

Abortuaren aldeko kanpainak eta “planinek” egindako lan guztia hortxe daude, ondare feministaren baitan. Zenbait zerbitzuk bere horretan diraute eta abortua errealitate bat da nahiz eta feministok nahi genuen lekuan eta moduan egon ez (osasun publikoan).

Eta orduko urte sutsuen atzetik urte goibelagoak etorriko ziren, hainbat lorpenen gainbehera ere ekarriko zutenak.

——————————

Testuinguru berriei aldarrikapen berriak dagozkie.

Emakumeen egoera errotik aldatu da azken hamarkadetan eta berdintasun legalean aurrerapen handiak izan dira. Badaude, hala ere, zenbait puntu beltz aldaketa hauetan.

Hauetako bat, bere buruaz arduratzeko gai ez direnen zaintzaren arloa da, orokorrean emakumeon ardurapean dagoena. Egun, besteak zaintzeko betebehar kulturala emakumeon menperakuntzaren atal sendoenetarikoa da, nor bere bizitzaren jabe izateko bidean oztopo nagusienetarikoa: materialki, lan banaketa sexuala eta emakumeen pobrezia estuki loturik baitoaz; eta sinbolikoki, jarduera hauen aitorpena zalantzazkoa eta anbiguoa baita beti, emakumeok ez dira-eta normalean aditu/aktore moduan ikusiak izaten.

Gai honen inguruan hausnartu, eztabaida sortu eta irtenbideak aurkitzeko plataforma bat dabil lanean Euskal Herrian, askotariko talde feminista eta sindikatu gehienek osatua. Bi dira aldarrikapenetarako esparruak: bata, emakumeen zapalkuntza honen salaketa eta zaintza-lanak gizon eta emakumeen arteko banaketa; bigarrena, emakumeen egoera aldatzeko euskal sistema publikoa sortzea.

Besteak noiz eta noraino zaindu erabakitzeko eskubide osoa dugu emakumeok. Baita gu geu zainduak izateko eskubidea. Bata eta bestea bermatzeko bide bakarra zerbitzu nahikoak egotea da, zaintzaren kalitatea eta zaintzaile ordainduen lan baldintzak ziurtatuko dituen sistema publikoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude