Krisia Nafarroa Garaiko ikuspegitik [hitzaldia]

kartela

UEUko Ekonomia Sailean argi dugu edozein azterketa egiterakoan, nahiz eta azterketa hori globala izan, beti Euskal Herritik abiatu behar garela, azkenik Euskal Herrira bideratuz gure azken hausnarketak. Gure ingurune hurbilaren egoera sozio-ekonomikoa hobetzea izan beharko litzateke gure lan dibulgatiboaren iparra.

Ekonomia aztertzerakoan, lurraldetasuna kontutan hartzea ezinbestekoa da. Izan ere, ingurune bakoitzak baditu bere ezaugarri ekonomiko propioak, berezko ezaugarri politiko eta sozialak dituen bezalaxe. Euskal Herrian badugu nolabaiteko “EAE-zentrismoa” gure egoera sozio-ekonomikoa ulertzerakoan. Hala ere, zenbait erakundeen ikuspegi integrala txalogarria da benetan. Horietako bat, zalantzarik gabe, Gaindegia da. Nafarroa Garaiko egoera berezia beti izan dute kontutan. UEUk, euskal unibertsitario guztien plataforma den heinean, Euskal Herriko lurralde bakoitzaren testuingurua izan behar du kontutan. Ikuspegi integral hori hainbat lanetan ikus daiteke (adibidez, Ipar Hegoa Fundazioarekin argitaratutako azken lanean edo duela hamaika urte Euskal Herri osoko ekonomiaz egindako ikerketan).

UEUko Ekonomia Sailak ikuspegi integral hori zaindu behar du eta ingurune hurbilari berebiziko garrantzia eman. Gertutasuna izan behar da nagusi. Deszentralizazioa. Hor kokatzen da martxoaren 22an Iruñean emango dugun hitzaldia, Eusko Kultur Fundazioaren laguntzarekin: “Krisia Nafarroa Garaiko Ikuspegitik: jatorria, ondorioak eta irtenbideak”. Henrike Galarzak (NUPeko ekonomia irakaslea eta UEUko Ekonomia Saileko kidea), egungo krisia aztertuko du bereziki Nafarroa Garaiko datuak erabiliz. Sarrera librea izango da, beraz Eusko Kultur Mintegira joateko gonbitea luzatzen dizuegu.

Krisia-kartela

Hala ere, Euskal Herri osoan zehar hitzaldian esandakoaren berri emango dugu talaia honetatik: saioa grabatuko dugu, sortutako materiala sareratu eta blog honetan ere hitzaldiaren balorazioa egingo dugu.

Azkenik, Henrikeri eskerrak eman nahi dizkiogu, azken bi aste hauetan UEUko Ekonomia Sailaren izenean egindako ahalegin izugarriarengatik (ikus Pasai Donibaneko hitzaldiaren irudi bitxi hau: ekonomia kale gorrian!).

Henrike Galarza

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude