Europako Parlamentua hedabideei buruzko txosten bat eztabaidatzen ari da une honetan. Oraindik ez da iritsi osoko bilkura. Europako Batasuneko hedabideen kontzentrazioari eta aniztasunari buruz izenburupean txostenaren proiektuak hainbat gai interesgarri jasotzen ditu.
Adibidez:
– Itxurazko aniztasunaren arriskua aipatzen du. Horregatik, hedabideen aniztasunaren kontzeptuan jabegoaren aniztasuna zein edukien aniztasuna kontuan hartu behar dela dio txostenak.
– Hedabideetako langileen lan baldintzak eskasak direla ohartarazten du. Multinazionalek tresneria teknikoan inbertitu dute eta ez langileen baldintzetan.
– Hedabideen ararteko moduko bat sortzea proposatzen du txostenak.
Dena den, gai berriena interneten bidezko hedabideekin lotuta dago:
– Txostenarem arabera, weblogen egileen eta ekoizleen nortasuna eta estatutu juridikoa ez da argi uzten irakurleen aurrean. Horrek zalantzak sortzen ditu iturrien fidagarritasun, inpartzialitate eta babesaz, baita kode etikoen aplikazioaz eta ekinbide judizialei buruzko erantzikizunaz.
– Horregatik weblogen estatutu juridikoa argitzea proposatzen du, eta dei egiten du borondatezko etiketatzea egiteko. Hau da, weblogen atzean nor dagoen, ze interes eta asmo duen adieraztea proposatzen du Marianne Mikko eurodiputatuaren gidaritzapean egindako txostenak.
Txostenaren proiektua kontsultatzeko: “Europako Batasuneko hedabideen kontzentrazioari eta aniztasunari buruz”.