Kazetaritza militantea

Kazetariaren zereginari buruz gogoeta interesgarriak irakurri ditut Mikel Reparaz kazetariaren ahotan, Argian. Mikel Reparaz (Arbizu, 1975) Radio Euskadiko albistegietako burua da. Kazetari trebea da eta ahots ona du (nahiz eta koordinatzale lanetan ari denez, entzuleok nahi baino gutxiago entzun). Hona hemen elkarrizketatik nabarmendu nahi nituzkeen puntu batzuk:

Kazetaritza militantea: “Zer den kazetaritzaren militantea izatea? Zure lana egiari zor izatea,
askatasun osoz lan egitea. Horregatik diot, printzipioz behintzat,
kazetaritzaren militantea izatea ez dela beste militantziekin
bateragarria. Hori da enpresa publiko batek dauzkan zorrak, mugak eta
menpekotasunak gainditzeko modu eraginkorrena”
.

Begirada anitza: “Gauzak argiegi izatea galbidea izan daiteke kazetari batentzat.
Ikuspuntu ezberdinei erreparatzeak eta bestearen lekuan jartzeak, bila
zabiltzan egia hori behar bezala ikusten laguntzen dizute. Beti
pentsatu dut mundu guztia kontentu daukan kazetaria gaizki ari dela,
bakarra kontentu daukana zer esanik ez. Kanpoko eragile guztiak kritiko
eta deseroso baldin badauzkazu, aldiz, ongi ari zaren seinale”
.

Iturriak: “Iturriak beharrezkoak dira. Iturriak hausten edo eteten badira ez
daukazu zereginik. Baina ezin zara inoren lagun izan. Ezin diozu inori
gehiegizko konfiantza eman. Oreka hori da neurtzen eta mantentzen zaila”
.

Kontrastea: “Beti esaten dugu, eman aurretik, bi edo hiru iturritatik konfirmatu
behar dugula berria. Ezin dugu albistea eman konfirmatu eta kontrastatu
gabe. Hedabide batek ezin du beste hedabide batengan konfiantza osoa
jarri. Are gutxiago bizi garen garaiotan”
.

Albisteen iraungitzea: “Geroz eta gehiago obsesionatzen nau albisteen iraungitzeak. Harrigarria
da zein azkar iraungitzen diren. Garai batean, goizeko 8etan eta
iluntzeko 8etan parte berdintsua ematen genuen, eta orain orduro aldatu
behar izaten ditugu albistegiak. Oraintxe kontatzen ari zarena hemendik
ordubetera zaharra da, eta biharko egunkariak dakarrena prehistoria”
.

Nik ere sinisten dut kazetaritza militantean, egiari zor diona, ikuspuntu ezberdinak ulertzen eta bestearen lekuan jartzen saiatzen dena. Baina aitortu beharra dago zenbaitetan –bakoitzak jar dezala neurria– teoria eta praktika ez datozela bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude