Oporretan, beharrez ahaztuta

Oporretan nago asteartea geroztik. EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean lan egin baitgenuen astelehen eta asteartean. Garai berriak dira, eta ikasle gehienak etorri ziren, protestaka etorri ere: Donostiako fakultateetan jaia dutela, unibertsitate pribatuan eskolarik ez… Guk, bai. Baina, asteazkenean oporrak hasi ziren eta Euskal Herrian geratu naizen arren, ahztu egin zait ostiraleko zita. Galdetu dudanean larunbata dela esan didate… Beraz, berandu baden ere, hemen naukazue, oporretan ere bai.
Egun hauetan Euskal Herrian izan diren irrati guztien errolda egiten ibili naiz, ehun eta piko ditut dagoeneko, eta baten berri dudala, Interneten sartu eta beste bat ateratzen zait… Parrokia askok izan zuten irrati txiki bat, baina horien berri izatea oso zaila da… Hemendik norbaitek baten berri badauka, niri ezagunaraztea eskertuko nuke…
Irratia entzuteko parada ere izan dut opor hauetan, eta gaur Tartaria izeneko irratsaio bat entzuten egon naiz Euskadi Irratian. Aspergarria, benetan. Polita liteke, asmo onez egindakoa, baina azkenean betikoa, hitza besterik ez, gozoegia, eztia… Aldatu dut eta musika entzuten ibili naiz, normalean entzuten ez dudan musika. Koska Irratia omen zen, gaztea, librea, freskoa… Behar nuen.
Zergatik irrati publikoan jarraitzen dute betiko irrati informatibo eta testuala egiten? Radio 3 izan zenaren nostalgikoek beste motako irratia posiblea dela gogoratzeko web bat dute:
http://www.radiotres.org/r3/mediateca/.
Bertan irratsaio batzuk topa ditzakegu. Baina ni ez naiz nostalgikoa, eta badakit hemen, Euskal Herrian, badaudela batzuk gauza berriak egiteko nahian, baina ez irrati publikoan, herritarren irratian baizik, Bilbo Hiria Irratia eta Info 7 emisoretan, besteak beste. Baliabide asko ez, baina irudimena bai, hor dago, adibidez, Ohozpelak baleitu  irratsaioa. Seguru asko inoiz ez dute kalitateko Q bat lortuko edo Ondas saririk, baina gogoa badago, beste motako diskurtsoa posiblea dela frogatzen dute.
Nik neuk nire ikasleek irrati askeetan lan egin dezaten animatzen ditut, baina ez gainerako irratietan entzuten dutena egiteko, hizkuntza-bide berriak zabal ditzaten baizik. Soldatarik ez, baina esperimentatzeko askatasuna, bai… Hori ez dute lortuko emisora konbentzional bateko esatari edo kazetari izango direnean, baina seguru ikasitakoak aplikatu ahal izango dituztela, eta estilo propioa garatu, nagusi diren kortse itxietatik ihesita… Beste batzuek jar ditzaten muga horiek, ez haiek…
Bitartean, Aste Santuko irrati-programazioak eguraldi kaskarrarekin bat egiten du: grisa, tristea eta iluna…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude