Kazetaria eta josteko haria

Oihal beltza hari zuriarekin josiz haria ageri da (edo oihal bat kolore bereko hariarekin jostean, ez gara hariaz ohartzen). Kazetaria ere josteko haria dela ikasi nuen. Erreportaia egitera doanean, kazetaria artikuluan agertzen bada, oihal bat beste kolore bateko hariarekin josi bagenu bezala da. Gure lana gertakariaren eta irakurlearen arteko bitartekari izatea da. Baina irakurleak gu ez gaitu ikusi behar. Zertarako beharko gintuzke ikusi? Gu ez gara protagonistak. Adibide bat emanen dut, baina ez da ikusi izan dudan bakarra. Erreportai bat irakurri nuen duela zenbait denbora, txikiteroei buruz. Interesgarria iruditu zitzaidan. Kazetariak egun osoa pasatu zuen txikiteroen artean, eta egun horren kronika idatzi zuen. Baina gehiegitan aipatzen zuen bere burua, txikitero batzuengana joan zela eta ez ziotela erantzun nahi (edo beste batzuek erantzun ziotela…). Ez zait iruditzen kazetaria kronikan agertzea beharrezkoa zenik. Kazetariak ikusi, entzun, usaindu, dastatu eta hunkitu duena ongi transmititzen badio irakurleari, irakurleak badaki kazetaria han izan zela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude