Irratia pizten dut. Informazioa. Hauteskundeen balorazioa. Tertulia. Betiko ahotsek dagoeneko nekatzen nauen diskurtsoaz… Amatatzen dut, edo musika jartzen dut…
Interneten, berriz, bide berriak jorratzen dituztela entzuten dut. EHUn ematen dudan Irrati-narratiba ikasgaian horiek entzungai jartzen ditut gelan. Ez dira ohiko parrilletan entzuten; batzuetan ez dira ikasleen, gazteen gustukoak, baina beste batzuetan arretaz entzuten dute. Ustekabean harrapatzen dituzte.Eta haiek bat egiteko eskatu diet: soinu-muntaketa bat; 5 – 10 minutu ingurukoa. Eta animatzeko hortik zehar antolatzen diren lehiaketen berri eman diet. Eta harrituta nago, asko baitira irrati-sormenari buruzko erakustaldiak,lehiaketak, orrialdeak… Musikaren mundutik hurbiltzen dira batzuk, irratitik beste batzuk… Kazetaritzatik, ez. Kazetaritza, informazioa, aspergarria da; aspergarria izan behar du serioa izateko. GEZURRA.
Badakit ezin direla irratsaioak sormen-lanez bete, baina sikiera sormenak ukituko balitu hainbat erreportaje, informatibo, entretenimenduzko irratsaio… Kultura ez da aspergarria eta tristea, alaia eta erakargarria baizik. Eta informazioak soinu asko ditu, ez betiko ahotsenenak soilik (politikoak, teknikoak, instituziokoak ia beti…).
Eta horregatik gazteek podcast nahiago dute programazioak baino; mp3/4an entzuten duten musika; DJ fazatirik gabe… Guztion arten hil zuten eta bera bakarrik hil zen. Hori gertatuko zaio irratiari inork ez badu arazoa konpontzen. Eta horregatik galdetzen diet ikasleei ea zergatik egiten duten entzungo ez luketen irratia. Hori egiten delako diote. Horregatik bide berriak jorratzen ditugu Irrati-narratiban; horregatik ohiko dialean bazterturik egoten diren irratasioak entzuten ditugu…
Azken lana haiek soinu horiek bilatzea izan da. Harrituta nago. Ez asko daudelako, baizik eta motibazio handiz egindako lana izan delako, eta milaka soinu “berezi” ekarri dute. Hurrengo pausua haiek erabiltzea eta bide berriak esperimentatzea da.
Horretarako dago unibertsitatea: bide berriak zabaltzeko; ondoren horietako batzuk ohikotasunean eragingo dutenak (ala ez), dagoeneko besteek (gaizki/ongi) egiten dutena imitatzetik haratago joateko. Ohikotasunak itoko du sormena, seguru, baina beti zerbait geratzen da unibertsitatean ikasitakoa.Hori espero dut, behintzat!!!