Hedabideen ikupuntutik, hauteskunde kanpaina honetako izarra Zapatero eta Raxoiren arteko telebista-eztabaida izaten ari da. Oso ikuspuntu ezberdinetik aukera eman du hizpiderako eta gogoetarako. Aniztasunaren kontrakoa eta bipartidismoaren aldekoa ote den, emaitzetan zenbateko eragina izango ote duen, benetako debatea ote den, formato astuna ote den, horrelako eztabaida bat irabazteko teknika komunikatiboak zein ote diren…
Gogoeta azkar batean, gehien nabarmenduko nuke zein pisu handia izan duen demagogiak debate bikoitz horretan. Demagogia txapelketa bat iruditu zait. Ahalegin handienak arerioaren sinesgarritasuna auzitan jartzeko bideratu dituzte, proposamenak aurkeztu eta eztabaidatu beharrean. Horren erakuslea da, Raxoiren legegintzaldiko lehen galderari buruzko memoria hutsuneaz Zapaterok izandako insistentzia. Edo Raxoik Kataluniako dendariaren kasuaz egindako erabilera. Adibide zerrenda luzea jar zitekeen.
Dena den, demagogiaren mukuru, eztabaidaren osteko debateak izan dira. Telebistetan (Cuatro, Sexta, TVE-1) eta irratietan (Ser, RNE) formato berbera erabili dute: bi bandoen ordezkariak (politikariak eta kazetariak) eseri dituzte, eztabaida komentatzeko, nork irabazi duen esateko. Solaskide guzti guztiek ariketa berbera egin dute: beren bandoko hautagaiak eztabaida irabazi duela defendatu eta ikusleak horretaz konbentzitzen saiatu. Zentzuzko eztabaidaren antitesia, demagogiaren paradigma.