Ostiraletan irratiaz mintzo

Ostirala da. Abestiak dioenez, bihar jai eta pozik gaude (gutxienez asteburuetan lantokira ez gatozenok…, beharra beti baitugu). Ostiraletan Berriki honetara etorriko naiz bereziki irratiaz hitz egitera, baina ez soilik. Ikus-entzunezkoaren, bideojokoen eta amaraunaren garaian badirudi ez duela lekurik, baina askoren soinu-banda osatzen du… Goizean iratzartzen gaitu, autoan lagundu eta lo egitera gonbidatzen gaitu, eta tartean ere disfrutatzeko guneak eskaintzen dizkigu. Korrika egiten dugunean informatuta gaitu eta, entzun dudanez, igeri egiten dugunean ere erabiltzeko aparatua asmatu dute. Dohainik, gainera, TDT deskodetzailerik gabe eta ADSL konexio barik, biak onartzen dituen arren…
Baina sormena falta omen zaio, eta zaharkituta jaiotzen dira berriak, iraganeko formula informatiboetatik ihes egin jakin gabe. Eta gazteek ez dute entzuten, eta mp3 (edo mp4?) txikian daramaten musika -Internetetik deskargatua gehienetan- entzutea nahiago dute. Zertarako behar dute informazioa besterik eskaintzen ez duen hedabidea? Ez dute autorik trafikoa nola dagoen jakin nahi izateko, eta elkarrizketetan errepikatzen diren ahotsez asperturik daude: politikoak eta irakurri(ko) ez duten adituak…
Hala ere, badaude 25 urte betetzen dituzten emisora gazteak, Gasteizko Hala Bedi bezalakoa. Urtebetetzea ospatzeko ekitaldi ugari antolatu ditu; haien artean irratien inguruko hausnarketa sakona martxoaren 1ean Gasteizen. Informatuko dugu!!
Ostiralean, beraz, Berrikiren diala sintonizatzen baduzu, irratiaz mintzo izango naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude