Birgaitzearen pagotxa

Iragarritako Espainiako Zaharberritzearen Legea dagoeneko indarrean da pasa den ekainaren 28tik. Eraikinen eraginkortasun energetikoa sustatzera dator (besteak beste, Kode Teknikoa eta eraikuntza antolatzen duen 38/1999 Legea aldatu ditu horretarako), baina baita hirigintza-birgaitzea bultzatzeko ere. Azken helburu horrekin Espainiako Lurzoruaren Legea ere nabarmenki aldatu du. Areago, Zaharberritzearen Lege berriaren laurdena baino gehiago betetzen dute Lurzoruaren Legea aldatzeko artikuluek, alajaina!

Datozen urteetako hirigintza erabat baldintzatuko duen lege baten aurrean gaude, beraz; norako argi batean, gainera: hiriak gehiago hedatzeko garaiak ezinbestean amaitu direnez oraingoz, eufemistikoki “barnerako hazkundea” deitu duten burutapena babestera dator Alderdi Popularrak eraikuntzaren sektorea pizteko ad hoc fabrikatutako legea.

Amaierako 12. xedapenean datoz Lurzoruaren Legearen aldaketa mamitsuak. Bertako 16. artikuluari azken orduan erantsi zaion 4. atala da, bereziki, arduratuta egoteko alarma guztiak martxan jarri beharko lituzkeena. Paragrafo horretan hirigintza-sustatzaileen betebeharrei salbuespen kezkagarri bat gehitu zaielako: lursail libre gutxiko auzo degradatuetan gauzatutako hirigintza-jardueretan derrigorrezko doako lagapenak “barkatu” ahal zaizkie sustatzaileei, operazioak etekingarri(ago)ak izan daitezen. Berdin dio dentsitatea (etxebizitza kopurua) edo eraikigarritasuna (eraikitako bolumena) handitzen bada: infraetxebizitzen ordez beste batzuk –berriak edo egokituak– eraikiz gero, handipen lukratibo horiek ez dira gainbaliotzat joko, eta, beraz, gainerako herritarroi ez zaigu trukean ezer ordaindu behar izango. Hortaz, hirigintza-birgaitzea benetako pagotxa bihur daiteke hemendik aurrera.

Eragile eraberritzailearen figura berria ere txertatu du Zaharberritzearen Legeak. Bai, Valentzian asmatutako eta Europan hainbeste kritikatutako eragile urbanizatzailearen bertsio zaharberritzailea.

Alegia, bertan etxebizitzarik eduki ez arren, eta jabeak aurka egon arren, lehiaketa baten bidez eraikin baten edo batzuen zaharberritzea susta dezakeen profesionala, baliabide ekonomikorik gabeko auzo-komunitateak erabateko babesgabetasunean utz ditzakeena. Bitxia bada ere, Zaharberritzearen Lege berriak “gentrifikazio” terminoa aipatu ere ez baitu egiten.

Egia da aspaldi eraikitako hiriguneak birgaitzea zailagoa eta garestiagoa dela patata-soroak urbanistikoki «ex novo» garatzea baino. Egia da hiri-birgaitzeak gauzatzeko, gainera, familiak lekualdatu behar direla, horrek dakartzan arazo ekonomiko eta sozial guztiekin. Baina “malgutasunaren” kontzeptua urrunegi eramaten ari dira eskuindar neoliberalak, hazkunde ekonomikoa sortzeko aitzakia eztabaidaezinarekin. Hirigintzaren praktika edonola arindu baino, birpentsatu beharra dago. Zeren eta denon artean ordaintzea, bankuak erreskatatzeko erabilitako formula berdina, alegia, errazena da, baina ez justuena.

[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2013ko uztailaren 20an]

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude