Tranbia erail zutenekoa

Doom epailea: «Proportzio epikodun eraikuntza-lana izango da. Autobidea deituko diogu». Eddie Valiant: «Autobidea? Zer demontre da autobidea?». Doom epailea: «Zortzi erreiko zementuzko bidea, hemendik hasi eta Pasadenaraino: arina, segurua, azkarra. Auto-ilarak iraganeko kontua izango dira. (…) Eta badut bisio bat: irudikatzen dut toki bat, jendeak autopistan sartu eta ateratzeko erabiliko duen toki hori, sartu eta atera, sartu eta atera etengabe. Laster, Toontown gasolindegien segida bat baizik ez da izango. Motel merkeak, janari azkarra zerbitzatzen duten jatetxeak, auto kontzesionarioak. Eta publizitate panel erraldoiak, polit askoak, ikusmugaraino helduko direnak. Ederra izango da…». Eddie Valiant: «Faborez! Inork ez du autobide ziztrin hori erabiliko tranbia gorria har badezake bost zentimoren truke». Doom epailea: «Baina hala egin beharko dute… tranbia gorrien enpresa erosi baitut, hura desegiteko!».

Uneotan 25 urtetik behera baldin badituzu agian ez duzu Roger Rabbit ezagutuko. Robert Zemeckis zinema zuzendariak egin zuen ezagun 1988an, hezur-haragizko pertsonaiek errealitatea marrazki bizidunekin partekatzen zuten «Who Framed Roger Rabbit» filmean. Los Angeles, 1947. urtea. Pelikularen amaiera aldera jasotzen dugu Doom epaile maltzurraren asmoen berri: marrazki bizidunen bizitoki den Toontown suntsitu nahi du, bertatik igaroko den autopista erraldoia eraikitzeko. Amets amerikarraren bisioak itsututa, hiriko tranbia konpainia erosi eta desegitea da bere lehen urratsa.

«Gidoi aldrebes xamarra», pentsatuko duzu akaso; enpresa bat erosi zer eta hondamendira eramateko! Bada, filmean jasotako istorioa benetan gertaturikoa da: “Tranbia amerikarren eskandalu handia” izenarekin bataiatu zuten eta hautsak harrotu zituen 40ko hamarkadaren bueltan.

Uste zabaldua da autoari zor zaiola Ameriketako Estatu Batuetako sprawl hiri-eredua, eta hala da hein handi batean XX. mendearen erdialdetik hona. Baina bazen hiririk autoaren jendarteratzearen aurretik ere, eta hiri sakabanatuak ziren dagoeneko. Uler dezagun testuingurua: Kaliforniako urrearen aurkikuntzak migrazio korronte handia sortu zuen Ameriketako Estatu Batuetako ekialdera, ordura arte inorena ez zen Far West zabal hartara. Iritsi berriek lurraldea nahiko modu orekatuan kolonizatu zuten, hiri-eredu konpaktu europarrak ez baitzuen jada balio zerotik hasi behar zuten hiri horientzat.

Tranbiak berebiziko garrantzia izan zuen testuinguru horretan, elkarrengandik urrun zeuden puntuak lotzeko zuen ahalmenagatik. Pentsa, Los Angeleseko Pacific Electric Railway ezaguna 1.600 kilometro luze izatera iritsi zen, Euskal Herriaren azaleraren erdia hartzen zuen hiri-eremu jaioberrian. Hiria, horrenbestez, lurraldean sakabanatutako auzoz osatu zen, tranbia sistema konplexu batek loturiko auzoz, alegia.

Eta, halako batean, Herny Ford enpresaria ezagunak Model T autoa erditu zuen, eta, horrekin batera, Ipar Amerika osoko industria boteretsuena izango zena: autogintza.

Jar zaitez orain General Motors enpresako zuzendariaren larruan. Edo gasolina ekoizten duen Standard Oil eta gurpilak egiten dituen Firestone enpresetako buruen larruan. 1920. urtea da eta Ameriketako Estatu Batuetako bidaien %90 errail gainean egiten dira. Pentsatuko duzu, arrazoi osoz, hori ez dela ez onargarria ez jasangarria, estatubatuar peto-peto batek auto pribatu bat -edo bi edo hiru- izateko eskubidea baino, betebeharra ere baduelako. Are gehiago horrek auto, gasolina eta gurpil salmenta-igoera esponentziala lekarkeenean. Bada, 1936 eta 1950 bitartean, hiru enpreson artean 45 hiritako tranbia konpainiak erosi zituzten, gasolina bidezko GM autobus gurpildunez ordezkatu eta hiltzen utziz, auto-ilara etengabeek itota, autoaren erosotasunari irabazi ezinda.

Los Angeles Times photographic archive
AWAITING DESTRUCTION: Los Angeles Times photographic archive

Denbora kontua zen: 40ko hamarkadaren hondarretan desagertu zen azken Pacific Electric tranbia, eta harekin batera «munduko garraio publiko onena». Hala esaten zion behintzat Eddie Valiantek, Los Angelesen autoa nork demontrek behar zuen ulertzen ez zuen gizonak. Eskerrak sektore pribatuaren azpijoko horiek pentsaezinak diren, hemen eta orain.

[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2012ko irailaren 22an]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude