Ondareaz eta funtzioaz

Oharkabean pasa zen albistea uztailean, baina kurtso politikoa gerturatu ahala berriro plazaratzen ari da gaia: Eusko Jaurlaritzak monumentu multzo izendatu nahi ditu Donostiako Alde Zaharra eta kaia; Udal Gobernuak, aldiz, hasieratik erakutsi du kontrako jarrera, auzoaren eguneroko bizitzan izan ditzakeen ondorioengatik. Izan ere, dekretuak zorroztu egingo luke eraikinek egun duten babes maila, eta oztopatu beharrezkoak diren hainbat mantentze-lan (irisgarritasuna bermatzeko neurriak, adibidez). Suposa dezakegu turismoari begirako neurria dela, hiriaren irudi pintoresko baten –oinarri historikorik gabekoa maiz, soka luzea du honek ere– mesedetan.

Ika-mika honek badu, baina, B aldea. Eztabaida ez da berria, eta ondarea eta funtzioaren arteko gatazka azaleratzen du enegarren aldiz. Trinitate plazaz ari naiz, Abuztuaren 31 kalearen atzealdean, Urgull mendi magalean zokoratua dagoen espazioaz.

Ringaren bi alboetara, bi jarrera kontrajarri. Alde batetik, arkitektoak (batzuk, behinik behin, 2006. urtean Azkena taldearen baitan bildutakoak kasu); bestetik, bizilagunak, Alde Zaharra Kirol Elkartea eta Xirimiri Gazte Taldea, bereziki. Lehenengoek diote Trinitate plaza hiriko ondare eraikiaren parte dela -duda izpirik ez honen inguruan-, baina erabat desitxuratua dagoela urteetan zehar jasandako lanen ondorioz. Eta eskatzea libre denez, eskatzen dute berreskura dadila plazaren jatorrizko egoera, Peña Gantxegik 1961. urtean diseinatu moduan utziz. Bai, asmatu duzu, zorua idi-demarako harri biribilez estalita delarik. Zapaldu ezingo dugun plaza hutsa. Hutsa baina koherentea, hori bai, bizilagunek espazio eder perfektu hori ikusi, begiratu eta aztertu ahal izan dezaten, ala, are dibertigarriagoa dena, euren orkatilen erresistentzia neur dezaten futbolean (saiatzen) ari direla.

Irakurle, dagoeneko ondorioztatuko zenuen ikuspuntu honek bete-betean egiten duela talka bizilagunen eskariekin. Auzoan kirola egiteko nahikoa espazio ez dagoela iritzita –bistakoa dena–, bizilagunek Trinitate plaza auzoko kirolgune bihurtzea lortu dute pixkanaka: lortu zituzten zoru laua, berdez margotutako frontoia, Peña Gantxegiren errieta-sorta, bolatokia ordezkatu zuten aldagelak eta hesi beltz bat (azken hau bereziki beharrezkoa). Gehiago nahi dute, ordea, eta eskatzea libre denez, frontoia estal dadin nahi dute. Logikarik ez zaio falta: ondarea birrintzen hasiak garenez, birrindu dezagun guztiz, eta berma dezagun bide batez «euria egiten duen egunetan umeek busti gabe esku pilotan jokatzeko duten eskubidea». Ondarea, frontoi estali bat ez bezala, burgesen kapritxoa baizik ez baita.

Arkitekturaren ikuspuntutik begiratuta, frontoiari txapela jartzea Trinitate plazari azken ostikoa ematea litzateke, arkitektura-lan baten ezaugarri nagusia, hots, espazioa bera, nabarmen desitxuratzen baitu. Desitxuratzen baitu, nola esan, bibote batek “Gioconda” desitxuratzen duen moduan. Ez dakit Duchamp-ek ideia babestuko lukeen.

Ez naiz arkitektura hizki larriz idatzi zale. Arkitekturak ezin dio inolaz ere funtzioari ezikusia egin, baina, oso noizean behin bada ere, funtzioaz harago, herri-irudikapenaren edo adierazpidearen arloan labaintzen den diziplina ere bada. Horri deitzen diogu ondare, eta Trinitate plaza horren adibide garaikidea da –garaikidea diot, badirudielako eraikin bat aski zaharra edo itxuraz aski klasikoa ez bada, ez dela ondare gisa ulertzen–. Halakoetan, funtzioaren eta ondarearen arteko oreka minimo bat exijitu behar dugulakoan nago. Emaitza anbiguoa eta kontraesankorra izango da seguruenik, nekez asebeteko dituena eztabaidaren albo bietara dauden jarrera muturrekoak. Ados, ondarea ez da elementu pintoresko soila: bizi dezagun, higa dadila urteen eta erabileraren poderioz; egin dezagun hau guztia eta gehiago, baina, faborez, ez diezaiola ondareak ondare izateari utzi.

[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2012ko abuztuaren 25an]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude