Beherapenak

Donostiako Arkitektura Eskolan diruaz gutxi hitz egiten dela esango nuke. Itsusia omen da horretaz jardutea. Arkitektogaien eginbeharrak transzendenteagoak ei dira. Diruaz hitz egiten denean, proiektuen gauzatze-aurrekontuen inguruan bereziki izan ohi da. Sekula ez dira arkitektoen ordainsariak aztertzen. Arkitektoek dezente ondo kobratzen dutela aski barneratua baitago gizartean. Ia ezer ez egitearen truke, gainera, txiste ezagunak salatzen duen bezala:

Errealitatea, ordea, bestelakoa da, areago azken bizpahiru urtetako krisialdia eta gero, eraikuntzaren sektorea —kasu askotan, onerako— goitik behera birrindu duena. Ondorioa nabarmena da arkitekturako lehiaketa publikoetan. Parte-hartzaileen kopurua, hau da, arkitektoen arteko lehia, gutxienez laukoiztu edo boskoiztu egin da. Egoeraren aurrean, eta eskaintza ekonomikoek lehiaketa publikoetan duten garrantzia ikusita, arkitekto gehienei haien ordainsaria jaistea baino ez zaie gelditzen, enkarguren bat eskuratzeko. Neoliberalismoarekin batera, beherapen ausartegiaren kontzeptua ia desagertu egin da, eta beherakadek ez dute mugarik. Azter ditzagun bi adibide gertu; bat Bizkaikoa, eta bestea, Gipuzkoakoa:

1.- Bilboko Deustuko zubiaren beheko aldearen egokitzapen lanen zuzendaritza eta laguntza teknikoa esleitzeko lehiaketan, eskaintza 190.000 eurokoa izan zitekeen. Lehiaketa irabazi duen enpresak, aldiz, lanak egiteagatik 113.600 euroko eskaintza egin du (2010eko apirilaren 16ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu da). Bai, % 40.21eko beherapena.

2.- Lasarte-Oriako Gaztelekua izango den eraikina eraikitzeko eta Jaizkibel
Plaza eraberritzeko proiektua idazteko lanak esleitzeko lehiaketan, eskaintza 73.378 eurokoa izan zitekeen. Lehiaketa irabazi duen arkitektura-bulegoak 40.000 euroko eskaintza egin du (2010eko urtarrilaren 26ko alkatetzako dekretu gisa argitaratu da). Bai, % 45.49ko beherapena.

Adibideen zerrenda nahi bezala luzatu daiteke, merkealdian baikaude. Arkitekturako lan publikoak enkantean jartzen ari dira, argi eta garbi. Arkitektoak aldarrikapen publikoak egiten hasi dira, baina ez da aski. Arazoa ez da arautzen, horretarako interes argirik ez dagoelako. Administrazioak ez ditu proiekturik onenak nahi, merkeenak baizik.

Iruzkinak (3)

  • Unai Fdz. de Betoño says:

    Ez nuen gogoratzen, baina artikulua gainbegiratzen hasi naizenean konturatu naiz bere garaian irakurri nuela. Oso ondo dago.

  • oso sarrera ona Unai, betiko moduan. Eskolan diruaz ez dela hitz egiten oso argia da, eta benetan tamalgarria. Bestetik, argitaratzen diren lehiaketa horiek daramaten hasierako prezioa ere zalantzagarria izan daiteke, ezta? Hau da, zer gertatzen da errealitateari atxikitzen ez den hasiera puntu batetik abiatzen garenean? Orduan, egin beharreko beherapena (oso ona “ausartegiarena”, benetan! karkar! Koldarrenak galtzen du!) are eta “ausartagoa” da, edo, beste hitz batzuetan, eroago. Ez dakit gelditzen den diruarekin (eta ez naiz ari bakarrik arkitektoon   soldatei buruz, materialak, beharginak obran, etab.) zelan egin daitezkeen obrak, gutxienez kalitate minimo batekin. Agian hori da haizea hartzera doan aldagaia.

Utzi erantzuna derzu(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude