Flevolandeko arkitektura

Katxan ezizenaz sinatutako bigarren ekarpena jaso dugu Aldiriren
erredakzioan. Zuen interesekoa
izango delakoan, horratx artikulua:
 

Flevolandeko arkitektura


Lehenik eta
behin, Flevoland deitzen den lurraldeari buruz zenbait argibide eman behar da.

Holanda
edo Herbehereetako Probintzia (Provincie,
nederlanderaz) bat da, 2.412 km2-ko hedadura eta 400.000 biztanle
ditu gutxi gorabehera, hau da, 272 bizt/km2. Beraz, Bizkaiko lurraldearen
tamainakoa, baina populazio bikoitzarekin.

Lurralde horretako berezitasun nabarmenena bere sorrera da, bere sorkuntza, zeren eta
duela 70 urte ez zen existitzen, orduko Zuiderzee izeneko itxasoaren urpean baitzegoen.

Bestela esanda, lurralde hori itsasoari kendu zaio, lehortzeko teknika aproposa
erabiliz, hain zuzen holandarrei mundu osoan entzute handia eman diena, itsasoarekin
zerikusi duten teknikaririk onenak baitira. Lehortutako lurraldeari deitzeko nederlanderazko
polderhitza erabiltzen da.

Horrela bada, Flevoland polderrez osatutako lur-eremua da egun. Lur-eremuaren sorkuntza
1940 eta 1968 urteen artean burutu zen, eta lurralde berria Probintzia bezala 1986.
urtean eratu zen. Paisaia leun-leuna da: ez daude, ez tontorrik, ezta arbolarik
ere. Lurzorua itsasoaren ur-mailatik beherago dago, 5 m-tara gutxi gorabehera. Sakontasun
horrek paisaiari beste ezaugarri bat ematen dio, dikeez inguraturik edo
mugaturik dagoela, hain zuzen. Eta osagarri bezala, oraindik ere hainbat poldermolen edo haize-errota dikeen gainean
daude: horixe da polderrak eraikitzean ura kanporatzeko erabili zen tresneria.

Horrela, hain nekez eta garesti irabazitako lurra Estatuarena da. Honek nekazaritza eta
abeltzaintzarako utzi du, baita hirigintzarako ere.


Flevoland Probintzia / Jan-Willem van Aalst (CC-BY-SA)

Hirigintzari dagokionez, hainbat hiri sortu dira, Holanda bezalako herrialde populatu baten lur- eta etxebizitza-beharra arindu nahian. Hiriburua Lelystad da, eta Almere eta Dronten, eremu berria kolonizatzeko eraiki diren beste bi hiri.

Gaurkotasuneko eremua izanik, eta, era berean, Holanda Estatu aurrerakoia izanik, oso interesgarria da bertan sortu den hirigintza eta eraikuntza, bai plangintzaren aldetik, bai eraikuntza-proposamenen aldetik.

Lelystad

Egun 80.000 biztanle dituen hiria da (Lely Afsluitdijk, Zuiderzee ixten duen dikea, diseinatu zuen ingeniariaren izena da). Zer esanik ez, hirigintza eta eraikuntza irekikoa eta zabalekoa da. Kanalak eta kirol-portua dira ezaugarri nagusiak, azaleko bisita eginez. Baina zehazki arkitekturari dagokionez, aipagarriak dira Agora Antzokia, Polderraren Museoa eta Udal Liburutegia. Lehena, batez ere, ikustea merezi du.


Agoratheater, kanpotik / Cermivelli (PD)

Agora Antzokia Ben van Berkel-en (UN Studio) proiektuaren arabera eraiki zen, eta 2007. urtean bukatu. Eraikin horren ezaugarri nagusia bere kanpoko forma da, bere azala. Forma eta kolorea barruko espaziora ere eraman da. Horrela, azala plano anitzez osaturiko zerbait da, oso indartsua eta dinamikoa. Plano horiek kolore leunez margoztuta daude. Koloreak epelak eta beroak dira, oso ondo aukeratuta: eguneko argiekin jokatzen dute, barrukoari atmosfera partikularki interresgarria emanez.

Izan ere, barruko atmosfera hori berez aldakorra den antzezlan-munduaren erreferentzia da. Eraikinak areto bi dauzka, baina bolumena bakarra da. Horrela, barruko espazioa oso artikulatua dago. Horra areto baten irudia:


Agoratheater, barnetik
/ Cermivelli (PD)


Almere

Hiriak 200.000 biztanle ditu. Polderran lehendabizi sortu zen hiria da. Holandako lur-urritasunari eta populazio handiaren problemari eusteak eragin zuen haren sorrera, hain zuzen. Horregatik, Almere Randstad deitzen den erregioaren barruan kokatzen da, hau da, metropoli-erregio baten nukleo bat da; Rotterdamek, Amsterdamek, Alkmaarrek, Delftek, Den Haagek eta abarrek osatzen duten hiritzarraren parte bat.

Arkitekturaren aldetik, aipatzekoa da Udal Antzokia.


Almereko antzokia, SANAA / Iwan Baan

Dronten

Hiri hau askoz txikiagoa da. Egun, 40.000 biztanle ditu. Hasiera batean, 15.000ra murriztuta zegoen, baina segituan bikoiztu behar izan zen, hiri nukleoaniztun bat planifikatuz. Polder berean, iparraldeko partean Emmeloord hiri polinuklearraren inguruan egindakoa ezezkorra izan zela ikusita, batez ere trafikoa zela-eta, nukleo bat (Dronten) eta bi satelite egitea erabaki zen.

Eraikinetatik interesgarriena erabilera anitzeko De Meerpaal deitzen den kulturetxea da.

Jatorrizkoa Frank van Klingeren arkitektoaren obra da. Bere garairako eraikina oso aurrerakoia zen, bolumen paralepipedo batek osatua, 50×70 m-koa, inguruko hormak beirazkoak zirela. Mies van Der Roheren obraren tankera nabarmena zuen. 1988. urtean lehen aldakuntza pairatu zuen, bere erabilera aldatzeko, hain zuzen ere. Azkenik, 2005ean guztiz eraberritua izan zen, baita handitua ere, funtzio berri batzuk aterpetzeko, Hans van De Beek eta Gerard Smit-en (Atelier PRO) proiektuaren arabera. Proiektu horrek 2007. urtean Nationale Renovatiepreis saria irabazi zuen. Hau da gaur egungo irudia:
                

De Meerpaal / Atelier PRO

                                                                                              
Katxan


2010eko apirilaren 1ean erredakzioan jasoa. Gogoratu zuk
idatzitako artikuluak ere argitaratuko ditugula posta
elektronikoz
luzatzen badizkiguzu.

Iruzkinak (1)

  • Unai Fdz. de Betoño says:

    Eta etorkizun gertuan, hau da, dirua dagoenean, Markerwaard izeneko polderra ere egingo dute. Informazio gehiago (nederlanderaz) hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude