Istanbulgo Tünel linea

Bi kontinenteren artean egon arren, Istanbul izango dugu hasi berri den 2010eko Europako Kulturaren Hiriburu, Alemaniako Essen eta Hungariako Pécsekin batera. Istanbul… Zaila izango da kokaleku estrategikoagoko hiri bat topatzea munduan. Beltza eta Marmara itxasoak lotzen dituen Bosforo itsasarte estuan egoteaz gain, Istanbulen topografia ere ikusgarria da. Erroma bezala, zazpi muinotan ezarri ziren antzinako Bizantzio eta Konstantinopolis. Hala ere, zortzigarren mendixkari buruz arituko naiz oraingoan, Urrezko Adarraren beste ertzean dagoen Beyoğlu auzoari buruz —antigoaleko Péra—, hain zuzen, han eraiki baitzuten Europako bigarren metro-linearik zaharrena, Londreskoaren ondoren.


Karaköy auzoa eta Galata dorrea, Beyoğlu barrutiaren mendixkan, Topkapı jauregitik ikusita; Tünel lineak behealdea eta goialdea lotzen ditu / Egilearen argazkia

Tünel izeneko lineak Karaköy (antzinako Galata) eta aipatutako Péra
auzoak lotzen ditu. Metroa baino, bi geltoki lotzen dituen lur azpiko funikularra da, 60 metroko
garaiera-ezberdintasuna gainditzen duena. Eugene-Henri Gavand ingeniari frantsesak diseinatu eta eraiki zuen 1867-75 urteen bitartean. Ibilbide laburrekoa da oso —573 metroko luzera baino ez du—, baina muinoaren dezenteko maldaren aurreko eraikuntza horrek auzoa biltzen eta egituratzen laguntzen du.


Metro-funikularraren sekzio parabolikoa / Eugene-Henri Gavand

Aipatzekoa da tunelaren sekzioa parabolikoa dela, goian dauden eraikinen zimenduei espazio handiagoa uzte aldera. Hainbat aldaketa eta doitze jasan baditu ere —bagoia berri samarra da—, indarrean eta osasuntsu dirau oraindik, egunero 15.000 bat bidaiari eramaten dituela.

Linearen goiko eta beheko muturren egungo egoera / Egilearen argazkiak


Funikular eta tunelaren ikuspegiak, 2009ko abenduan / Egilearen argazkiak

Hain ongi funtzionatu du lur azpiko Tünel funikularrak, ezen Istanbulgo Udalak antzeko linea berri bat  hondeatzea erabaki baitzuen 2002an, Kabataş eta Taksim plazaren artean. 600 bat metro luze den linea berri hori 2006an jarri zen indarrean. 2010eko kultura-hiriburutzak, ziur asko, bultzada egokia emango zion proiektuari.


Beyoğlura igotzen diren bi lur azpiko funikularren kokapen-planoa


Taksim eta Kabataş lotzen dituen linea berriaren oinplano eta sekzioa (sakatu irudian handiago ikusteko)


Taksim-Kabataş metro-funikular berriaren ikuspegia, 2009ko abenduan / Egilearen argazkia

Horren guztiaren karira, oroit dezagun Iruñea zein Donostia ari direla 2016ko Europako Kulturaren Hiriburu izateko lehian. Biek ala biek gaizki lotutako malda dezenteko auzoak badituzte… Istanbulgoa jarraitzeko eredu egokia ote?

 

Iruzkinak (2)

  • Donostian Altza da azken aldian arazo gehien ematen ari den auzoa: 18.000 biztanle ditu eta Topoak Herreran du geltokia, maldaren behealdean eta gune jendetsuetatik urrun. Ika-mika politikoak tarteko, bi proiektu mota aurkeztu dira azken aldian:1) Lanzadera moduan funtzionatuko luke, egungo Topoaren ibilbidera iritsiko litzatekeen konexio bat. Alde onak: 3 geltoki eta auzoan zehar mugitzeko aukera. Alde txarrak: egungo Topo-linea hartzeko trenez aldatu beharra.2) Egungo Topoaren ibilbidea aldatzea: Herrera-PasaiAntxo ordez Herrera-Altza-PasaiAntxo. Alde onak: Tren aldaketak ekiditen dira. Alde txarrak: geltoki bakarra auzoan, hainbat gune jendetsutik urrun.Hala ere, 2016ko zitarekin baino Altzan egin nahi duten babes ofizialeko auzoarekin du zerikusi gehiago: Auditz-Akular, 3.000 etxebizitza (gehienak BOE) jada saturatua dagoen auzoan, geratzen zaion gune rural bakarrean.

Utzi erantzuna derzu(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude