Hiria berdez margotzen


Urriak 29 eta azaroak 6 bitartean, “hiri eraldakuntzak” ihardunaldiak ospatu ziren Bilbon, 2 de Mayo elkartearen esku. Ihardunaldien izenburuak hirigile edota arkitektoen ohiko lan-eremuari erreferentzi egiten badio ere, herritarrei zuzendua zen. Helburua, biztanlegoak espazio publikoan hitza har dezala, eta ihardunaldiak beraiek, hiri-ekintza zehatz baten bitartekari ziren, bertan hitzegindako teoria praktikara eramateko interface alegia.


Arte munduan, aspaldi izan da biztanlegoaren parte-hartzearen beharraren aldeko gogoeta, eta arte-ildo bat gizarteko arazoak eta erronkak gizarteratzean oinarritzen da, aldarrikatze eta kontzientzia-eragile izateko helburuaz. Bestalde, internetek espazio birtuala espazio publiko bihurtu du, eta sare sozialen sorrera oso emankorrak gertatu dira, parte-hartzearen eredu zuzenak izanik. Esan daiteke beraz, espazio publikoa parte-hartzearen irudikapenerako testuinguru aproposa dela eta une egokian garela bertan gertatukoa, ekintza sinbolikoaz gain, eraldaketak sortzeko bidea izateko.


Park(ing) Day estatubatuetar taldea bideo-konferentzia bidez gerturatu zen Bilbora. Artista kolektibo honek hiri handietan berdegune espazio eskasia eta biztanlegoak espazio publikoa bereganatzeko duen zilegitasuna salatu nahi du. Horretarako, hiri-ekintzak antolatzen dituzte, eta interneteko sarea aprobetxatuz, beraien ekintzak espazio publiko batean gertatzeaz gain, munduko beste lekuetan bisibilizazioa izatea nahi dute, eta azken emaitza gisa, eskaparate birtualetik fisikora salto egitea.


Eta lortu dute. San Franciscotik, Bilbora egin dute: aparkaleku batzuk, epe labur baterako, berdegune bihurtu dituzte bilbotarrek. Hiri-plangintzak kotxeari espazio handia eman dio, eta azkenaldian peatonalizazio-prozesuan daude euskal hiriak, berriz ere, oinezkoak kotxearen aurrean, protagonismoa har dezan. Baina gure hiriak hormigonaturiko espazioak dira, naturaren presentzia murritza eta akotatua delarik.


Badira egun, kolektibo anitz egoera honen soluzio-bilaketan; estalkiak eta fatxadak berdeguneak bihurtu, mugikorrak diren parkeak, etxebizitzen balkoiak baratzeak bihurtuz edota hiri-baratzeak bultzatuz. Naturaren kudeaketa, jabego publikotik pribatura eraman, eta pribatutik, publikora. Hitz batean, eraikitako azalerak erabili natura kokatzeko. Ekintza hauek kontzientzia, errespontsabilitatea eta parte-hartzea bultzatzen dute, hiriaren berezko anatomian natura txertatuz… baina, naturala den ezer geldituko al zaigu?


 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude