Ikasketak eta gero… zer?

ALDIRI. ARKITEKTURA ETA ABAR aldizkariaren aurkezpena aitzaki, arkitekto gazteon hastapenei buruz jardun genuen atzo eguerdian, EHUren Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan. Ordu bete inguruko mahai-inguru bizian, hainbat esperientzia elkarbanatu genituen eskolako 40 bat ikasle eta irakaslerekin, “arkitektura-ikasketak bukatu eta gero…ZER?” lelopean.


Mahai-inguruaren ikuspegia / Agurtzane Elguren

Mahai-inguruan honako partaideok mintzatu ginen: Imanol Agirre (LKS-ko arkitektoa); Leire Aretxaga (Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarteko gaietako arkitektoa); Zigor Iturbe, Kepa Iturralde eta Maider Uriarte (Metak-eko arkitektoak); Ibai Gandiaga (arkitektoa); Ula Iruretagoiena (arkitektoa eta EHUko irakaslea) eta ni, Unai Fdz. de Betoño (arkitektoa eta EHUko irakaslea).


Kepa Iturralde hitza hartuz / Agurtzane Elguren

Gure lanbidea oso zabala dela egiaztatu genuen, hau da, arkitekto gazteak —eraikuntzaren oraingo krisia gorabehera— aukera ugari dituela aurrean: profesio liberala —talde egonkor batean zein aldizkako lankidetzan—, Administraziorako lana, bulego bateko soldatako lana… Bide jakin bat hautatzeko arrazoiak ezberdinak izaki, azken helburua bizi-kalitatearen hobekuntza dela argi dago. Eta hori estuki erlazionatzen da lan-baldintzekin.

Lan-baldintzak neurtzeko hainbat parametro aipatu ziren, besteak beste, ordutegia, egonkortasuna, arkitektura-proiektu bat sinatzerakoan dagoen errespontsabilitatea, edota lanetik kanpo deskonektatzeko gaitasuna. Bitxia bada ere, soldata apenas aipatu zen, mahai-ingurura bertaratutako arkitekto gazte batek lan-eskasiarekin hain erlazionatua dagoen galdera kezkagarria bota zuen arte:

«Zuek kobratu gabe egingo al zenukete lan?»

Okerrena da galderak ez zuela inor harritu…

Iruzkinak (2)

  • aldiri

    Kaixo, Gari! 0 zenbakia doan banatu dugu, komunikazio-kanpaina gisa. Gure asmoa da pdf formatuan ere web gune honetan bertan eskegitzea. Hurrengo zenbakiak liburu-dendetan aurkituko dira. Printzipioz Elkar Megadendetan, baina arkitekturan espezializatu diren beste dendetara ere ailegatzen saiatuko gara. Bestela ere, harpidetza egin daiteke. Ondo izan!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude