Barrikabasoko birklasifikazioa

Berriki ezagutu dugun Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak indarrean dagoen Muriolako hirigintza-antolakuntzaren baliogabetzea berretsi du.

22 urteko liskarra, oraingoz. Tartean, Barrikako Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Neguriko Lezama-Legizamon taldea, Txipio Bai talde ekologista eta hainbat erosle-familia daude.


Barrikabasoko urbanizazioa 2008ko urtarrilean / Pradip J. Phanse

1987an bere jabegokoa zen 65 hektareako gune batean 349 etxebizitza eraikitzea planeatu zuen Lezama-Legizamon taldeak. Proiektuak hotel bat eta, nola ez, golf-zelai bat aurreikusten zuen. Urte berean, Barrikabaso paisaia-babes berezikotzat izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Lurzoruek, ondorioz, urbanizaezinak izaten jarraitu behar zuten, paisaia-babes berezipean, gainera.

Hala ere, 1990ean Barrikako Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Lezama-Legizamon talde sustatzailearekin proiektua aurrera eramateko hirigintza-hitzarmen bat sinatu zuten.

1991n Barrikako Ordezko Arauak onetsi zituzten, non Barrikabasoko klasifikazioa edo sailkapena paisaia-babes bereziko lurzoru urbanizaezina zen.

1997an birklasifikazioaren behin-behineko onespena eman zuen Udalak, Barrikabasoko lurzoruak (orduan 19 hektareako azalerakoak) urbanizagarritzat birsailkatuz. Txipio Bai talde ekologistak lurzoruen sailkapenaren aldaketa salatu egin zuen.


Eraiki behar zituzten 85 txaletetako bi / Pedro Urresti
2001ean ekologistek hasitako prozedura kontentzioso-administratiboaren auzian, EAEko Auzitegi Gorenak arrazoia eman zien, baina formetan azaldutako akats soil batengatik. Akats hori laster konpondu zen, eta birklasifikazioaren behin-betiko onespena 2001eko uztailaren 12an etorri zen. Horrekin, Barrikabasoko Muriola eta San Telmo guneetako lurzoruak, 19 bat hektareakoak, urbanizagarri bihurtu zituzten, 134. zenbakidun BAOean argitaratu bezala. Asmoa luxuzko 85 txalet eraikitzea zen, baita babes ofizialeko 12 etxebizitza egin ere. 2002an salaketa berri bat jarri zuen Txipio Baik.

Azkenean, 2004ko azaroan birklasifikazioaren aurkako helegitea aintzat hartu zuen EAEko Justizia Epaitegi Gorenak. Eta duela egun batzuk jakin izan dugunez, Barrikako Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiaren helegiteak ez du zorte hoberik izan Espainiako Auzitegi Gorenean.


Barrikako Plan Orokorraren aurrerapena, 2008koa. Berde ilunez dagoen zintarriak natura-intereseko ibilbidea adierazten du; urbanizazio berriaren erditik igarotzen da (handitzeko, sakatu irudian).

Eraikitzeko lizentziak eman eta hiru urte geroago, Udalaren web gunetik erasandako guztien erantzukizuna eskatzen da orain, ekologistak barne, jada eraikitako 14 etxeak legez kanpokoak ez direla azpimarratuz. Irailaren 30ean bukatuko zaie alegazioak jartzeko epea.

Agi denez, istorioa ez da amaitu oraindik. Frogatuak ez dauden xehetasun —oraindik— ilunagoetan murgildu gabe, ageriko galderak datozkigu burura: Nork ordainduko ditu egindako kalteak? Eta abokatuetan xahututako dirutza?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude