IEB2011: Deialdia irekita!

Aurtengo Informatikari Euskaldunen Bilkuraren gaia gizarte-sareak dira. Beti bezala, gaiari disziplinartekotasunetik heltzen saiatuko gara. Alde batetik, soziologiaren ikuspuntutik, gizarte-sare zerbitzuen eta gizartearen edo benetako gizarte-sareen arteko harremanak aztertuko ditugu. Hedabideen ikuspegitik ere begiztatuko ditugu, hedabidearen esannahia nola aldatu den, kazetaritzaren gainbehera edo krisia, eta gizarte-sare zerbitzuak komunikatzeko baliabide bezala ikusita. Hortik gertu, harreman publikoetako profesionalen eta komunikatzaile berrien lana aztertuko dugu, komunitatearen kudeatzaileen edo saregileen esperientzia ekarrita. Irakaskuntza mundutik ere gizarte-sareek ekarri edo areagotu duten paradigma aldaketa interesatzen zaigu. Gai teknikoagotan sartuta, blogen eta gizarte-sareen arteko lehia edo elkarlana, gizarte-sareen eragina bilatzaileetan edo ospean… guztiz informatikoak ez diren gaiak, baina oso interesgarriak, nire irudiko.

 

Lerro nagusi horren gain, elkar lotuta dauden beste pare bat jorratuko dugu. Mugikortasuna, edo Nokiaren leloak dioen bezala, Connecting people. Eta behin konektatuta, non zauden zu edo non dauden ezagutzen dituzun gauzak eta zerbitzuak jakin nahi dugu. Geolokalizazioa, GPS eta abar.

 

Azkenik, bilkura honetan ohiko bihurtu den legez, software edo zerbitzuen garapenean azken aurrerapenak erakutsi nahi ditugu.

 

Oso taxuzko hizlariak topatu ditugu egun horretarako, baina jende gehiago animatu nahi dugu. Komunikazioak aurkezteko epea ez da oraindik bukatu!

 

Irrikitan nago IEB11 iristeko. Eta gainera, gaiari lotuta, aurten sarearen joste-ekitaldia antolatuko dugu. Ez badakizu zer den, etorri, ezin duzu galdu. Eta baldin badakizu, gozatu eta etekina ateraiozu. Mundiala izango da!

Iñaki Agirre