Marije Apodaka: “Bileretan ere rolak banatzen dira, askotan inertziaz hartutakoak”

UEUren udazkeneko eskaintzaren barruan “Bileren dinamizaziorako teknikak” ikastaroa antolatu dugu Iruñean. Marije Apodaka Ostaikoetxea  izango da irakaslea eta hainbat galdera egin dizkiogu formazio honen inguruan. Matrikula zabalik dago.

Zein da ikastaroaren helburua? Erakunde askok arazo ugari izaten dituzte eztabaidatzeko, analisia egiteko, ebaluatzeko, koordinatzeko edo erabakiak hartzeko orduan. Horrelako ikastaroetara hurbiltzen direnek bilera ez eraginkorretan esperientzia daukate: bilera astunak, amaiezinak, partaideen arteko liskarrak sortzen diren bilerak, pertsonen ezaugarriak eta ez ideiak kontuan hartzen dituztenak, informazioa egoki ematen ez diren bilkurak, txarto antolatutakoak, partaide guztiei balore berdina ematen ez dieten bilerakIkastaro honetan horri buruz hausnartzeaz gain, bilerak egoki kudeatzeko ezagutza eta entrenamendu teknikoa landuko dugu.

Zer da bilera eraginkor bat? Bileraren helburua lortzen duena. Baina, ez bakarrik produktu bat lortzen duena (erabakia, kasu), baizik eta partaide guztien beharrizanak lortzen dituena, kooperazioa, komunikazioa eta besteenganako konpromisoa oinarri. Horretarako bilerakideen parte-hartzeko baldintzak bermatu behar dira: parte hartzeko aukera izan, parte hartzen jakin eta parte hartu nahi izan.

Taldea eta bertako dinamikak ezagutzea garrantzitsua izaten da horretarako, ezta? Bai, noski! Bilerak taldeetan gertatzen dira, berez, talde-funtzionamenduaren tresna baino ez da. Beraz, tresna hori ondo erabiltzeko, talde-dinamika eta horietan eragiten duten faktoreak ezagutzea ezinbestekoa da. Bi arlo kontuan hartu behar ditugu: funtzionala eta emozionala. Lehenengoa teknikoki bilera zelan antolatu, kudeatu edota helburua zelan lortu alderdiei dagokie; eta bigarren arloa talde-harremanei dagokie. Horregatik, taldea zer den eta taldeari etekinak ateratzeko zer elementu kontuan hartu behar diren funtsezkoa da hortik hastea.

Bileretan egon daitezkeen genero-desberdintasunak ere aztertuko dituzue. Gure jendartean, oraindik orain, jende-harremanetan genero-marka beti islatzen da; eta, gehienetan genero-sistemak harreman horiek baldintzatzen ditu. Gure kasuan, bileren inguruko hausnarketa honetan, horrek ere zein pisu duen aztertuko dugu. Adibidez, genero irizpidea kontuan hartuta, guztiok espazioa erabiltzeko edota sentitzeko aukera berdina dugu?, guztion iritziak ekitatez aintzat hartzen dira?, erabakitzea helburu duen bileretan ordezkaritza parekaturik badago?... hau da, zeintzuk dira gurean genero-asimetriak?

Dinamizazio teknikak landuko dituzue. Adibideren bat jartzerik izango zenuke? Bileretan ere rolak banatzen dira, askotan inertziaz hartutako rolak izaten dira generoak atxikitakoak, kasu; guk kontziente banatu eta elkar trukatuko ditugu rol horiek abilezia berrietan trebatzeko eta egoera desberdinak bizi izateko.

Zein da erabiliko duzun metodologia? Oso praktikoa, nork bere esperientzia abiapuntua izanik, hausnarketa pertsonalak egingo ditugu gure barneko ideiak, pentsamenduak, sentimenduak berreskuratzeko eta lantzeko asmoz; baita talde txikietan ere jardungo dugu, norberarena emateko eta besteena ere jasotzeko; talde handia izango da guztion gogoetak elkar trukatzeko gunea. Metodologia horri esker, ikaskuntza kolektiboa lortuko dugu.

Nori zuzentzen zaio ikastaroa? Bileretan aritzen den edonori, edozein esparrutakoa izanda ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

2 + 6 =