Kattalingorri elkartea: “Oraindik ez da sexu eta genero aniztasunaz hitz egiten, ikusezina da askotan LGTBI pertsonen errealitatea”

UEUren udazkeneko eskaintzaren barruan “Aniztasuna landuz, LGTBIfobia gainditu” ikastaroa antolatu dugu Iruñean. Kattalingorri elkarteko sexologo profesionalak izango dira irakasleak eta hainbat galdera egin dizkiegu formazio honen inguruan. Matrikula zabalik dago.

kattalingorri elkarteko kideak izango dira ikastaroko irakasleak.

Zein da ikastaroaren helburua? Ikastaro honen helburua parte hartzaileek LGTBI pertsonen eta mugimenduaren errealitatea ezagutzea litzateke, eta honekin batera, ditugun aurreiritziak lantzea eta aniztasuna balioan jartzeko betaurrekoak janztea.

Oraindik gizarteak ez du sexu eta genero aniztasuna onartzen? Argi dago ezetz. Egia da aurrerapauso handiak eman direla azken urteetan LGTBI kolektiboen borrokari esker, eta lege aldaketak ere egon direla (Nafarroa adibide) baina oraindik asko dago egiteko. Ez da sexu eta genero aniztasunaz hitz egiten, ikusezina da askotan LGTBI pertsonen errealitatea, ez da eskolan kontatzen, ez da kultur ikuskizun askotan ikusten... eta zoritxarrez, egun erasoak jasaten ditu kolektiboak hortaz, asko dago lantzeko eta egiteko. Gainera, beste gai askotan gertatzen den moduan, gauza bat maila diskurtsiboa da eta beste bat ekintzen maila. Izan ere, gero eta okerrago ikusia dago norbait bere sexu edo genero izaeragatik iraintzea, baina gero, egunerokotasunean, jarrera LGTBIfobiko ugari ikusi ahal dira eta honi aipamena egiten dioten hitz nahiko erabiltzen dira egun ere irain moduan adibidez.

Zergatik gertatzen da hori? Ez al gara gizarte irekiago batean bizi? Bai, gizarte irekiago batean bizi gara baina gatozen lekutik gatoz eta oraindik ez dira ideia ugari aldatu. 1979ra arte homosexuala izateagatik kartzelatua zinen estatu Españolean, 1973an APAk homosexualitatea DSMtik atera zuen eta aurten atera du OMSek bere diagnosi liburuetatik transexualitatea... hortaz hau da gure historia eta data hurbilak ditugu denak. Nahiz eta gizartea beti legeen aurretik joan, legeak ere gizartearen isla dira, eta hor argi dago gizarte LGTBIfobiko batean bizi izan garela eta zoritxarrez, bizitzen garela oraindik. Egia da gizarte irekiago batean bizi garela eta esperantza handia sortzen du gaur egungo Iruñeak adibidez. Izan ere, gazteen artean LGTBI izatea egun, ez da duela 20 urte bezala. Gazteak ahaldunduak datoz eta diren modukoak azaltzeko indar askorekin, baina hala ere, espazio askotan oraindik, baztertuak eta kritikatuak izaten dira.

Zein da LGTBI kolektiboaren errealitatea Nafarroan? Egun Nafarroan LGTBI kolektibo ugari daude, eta haien artean aniztasun handia dago. Badaude LGTBI kolektiboak, neska lesbianen kolektiboak, mutil gayen kolektiboak, trans kolektiboak.. eta haien artean ere ezberdinak dira moduetan, ideologian e.a. Hala ere, urtero ekainaren 28aren inguruan plataforma batean batzen dira gehiengoak eta gauza ezberdinak antolatzen dira elkarlanean. Kolektiboen gehiengoa Iruñean ibiltzen da, baina Nafarroako beste eremu batzuetan ere kolektiboak eratzen ari dira, besteak beste Tafallan, Laiak izenekoa.

Egoera LGTBIfobikoen adibiderik emango zeniguke? Bi neska elkarrekin ikustean, lagunak direla pentsatzen dugu beti. Emakumeen arteko maitasuna edota desira existituko ez balitz bezala. Edota bi mutilek musukatzeko beldurra izatea, jasotzen dituzten begirada, irain eta batzuetan jipoien beldur... Testu liburuetan azaltzen diren emakume guztiek alua izatea edota gizonek zakila... Bisexuala denari pasako zaiola esatea, edota biziosoa dela esatea, edota gutxienez hori pentsatzea ere...Transexuala den pertsona batekin harremanak izatean ITSekiko beldurra piztea, eta cis den pertsona batekin izatean ez... Egoera asko izan daitezke adibide.

Nafarroa mailan existitzen diren errekurtsoak ere ezagutuko dituzue... Nafarroan egoera asko hobetu da azken urteotan. LGTBIQ+ kolektibo ugari daude eta hauen lanari esker legea ateratzea lortu da, egoera asko hobetuz. Hala ere, estatuaren pean gaude gauza askotan. Honetaz gain, Nafarroan LGTBI kolektibo batek kudeatutako zerbitzua dugu: Kattalingune, behar duen orori LGTBI kolektiboaren informazioa emateko eta baita LGTBI pertsona eta haien ingurukoei aholkularitza egiteko. Honetaz gain, Iruñea mailan ere Harrotu LGTBI zentroa dugu eta bertan aholkularitza emateaz gain, ekintza ugari egiten dira ahalduntzea sustatzeko eta LGTBI errealitatea ikustarazteko. Gainera, bertan kolektiboen haien ekintza eta bilkurak ere egiten dituzte.

Nori zuzentzen zaio ikastaroa? Ikastaroaren gainean interesa duen edonori zuzendua dago eta bereziki esparru ezberdinetan LGTBI errealitatea landu nahi duen orori.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

+ 52 = 54