Aitor Bastarrika “Ikastaroaren helburua da jendeak ezagutzea eskuragarri dauden datu base libreak”

Geomatikak ere bere lekua izan du 46. Udako Ikastaroen barruan. Hain zuzen ere “Satelite bidezko datu libreen prozesamendua QGIS erabiliz” izeneko ikastaroa izan da Eibarren. Arduraduna Aitor Bastarrika Izagirre izan da, UPV/EHUko irakaslea geomatika alorrean.

Teledetekzioaren inguruan arituko zarete ikastaroan, baina teledetekzioaz ari garenean zertaz ari gara?
Teledetekzioa da kontaktu fisikorik izan gabe gauzak atzematea. Gauzak kartografiatzea, edo fenomenoren bat dagoen edo ez ikustea. Betiere kontaktu fisikoa izan gabe.

Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuaren Landsat artxiboa eta Europear Espazio-Agentziaren Sentinel izeneko artxiboak erabiliko dituzue. Zertarako erabili daitezke satelite bidezko datu libre horiek?
Ikastaroaren helburua batez ere zen jendeak ezagutu ditzala eskuragarri dauden datu baseak. Oso interesgarriak direlako eta, gainera, oso ondo landuta daudelako. Eta lan gehiegi egin gabe erabili daitezke edozein monitorizazio egiteko. Hamasei egunetako irudiak dauzkagu Landsat-aren kasuan eta bost egunetako irudiak Sentinel2-aren kasuan. Oraindik bereizmen espazial hobearekin. Orduan lurraldearekin erlazionatuta dagoen edozein aplikazio eta horren monitorizazioa berez posible da modu ekonomiko batean.

Ikastarora zein eratako jendea etorri da, zein beharrizanei begira?
Pixka bat denetarik dator. Teledetekzioan orokorrean formatu nahi duena, administrazioan lan egiten duen jendea, ikasleak, doktoregaiak… Lurraldearekin erlazionatuta dauden profilak.

QGIS software libre bidez ustiatuko dituzue datuak. Zer da QGIS eta nola landuko duzue?
QGIS software libre bat datu espazialak orokorrean lantzeko eta badauzka zenbait atal teledetekzioarekin lan egiteko. Eta guk erabiliko duguna da Orfeo toolbox deitzen den tresna libre bat, QGISekin batera doana, eta egingo duguna da praktika ariketaren bat; datuak deskargatu eta kasu ahalik eta errealena landu data horiekin.

Kasu erreala aipatu duzu. Adibidez zertarako erabili daiteke?
Landaretza mapa bat egiteko, landa eremu edo eremu agrikolen kartografiak egiteko, edo landaretzaren eboluzioa aztertzeko.

Zein da ikastaroaren azken helburua?
Ikastaroaren azken helburua da batez ere ezagutzea, ezagutaraztea datu libre horiek badaudela eta modu nahiko sinplean erabili daitezkeela software libre batekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

66 − = 65