Urko Larrañaga Piedra: “Blockchain edozertarako erabili daiteke, baina oraindik teknologia bera ezagutzen ari gara”

Blockchain: kriptotxanponez haratago, teknologia ezagutu eta trebatzeko tailerra izan da atzo eta gaur Eibarko UEUren Udako Ikastaroetan. Urko Larrañaga Piedra irakasle eta Blockchain teknologian adituarekin izan gara lehenengo eguneko atsedenaldian.

Blockchain zer den nola azalduko zenuke?
Era orokor batean esango nuke ezberdinen artean egi partekatu bat lortzeko aukera ematen duen teknologia dela, non ez den behar inongo entitate zentralizatu edo konfiantzazko hirugarren bat. Azken finean sistemak berak ematen digu konfiantza hori. Eta Blockchain izenak berak dioen bezala blokeen kate bat da; non bloke bakoitzak informazio bat gordetzen duen. Blokeak elkarrekin lotuta daude eta, ondorioz, ezinezkoa da bloke hori apurtzea. Informazioa badirudi bizi guztirako gelditzen dela, ezin aldaturik.

Esango nuke batez ere kriptotxanponekin lotzen dela Blockchain, baina zein erabilera ditu?
Bai. Gaur egun, blockchainen inguruan hitz egitean, jendeak, batez ere, zuk esan duzun bezala bitcoin edo bestelako kriptotxanponekin lotzen du; baina egia partekatua lortzera bidean, bestelako aukerak ere ematen ditu. Bozketa elektronikoa egin ahal izango litzateke teknologia honekin eta gaur egun egoten diren zurrumurru, iruzur zurrumurru horiek deuseztatu. Edo baita produktuen trazabilitatea ere. Produktuen kalitatea jarraitzeko aukera ere emango luke. Edo gaur egun propietate intelektuala erregistratzeko ere erabiltzen dute beste batzuek. Azken finean, edozertarako erabili daiteke, baina oraindik teknologia bera ezagutzen ari gara. Eta oraindik asko ikertzea falta da. Beste erabilera bat litzateke, adibidez, ziurtagiriena. Erreputazio sistema bat. Gaur egun badaude horretarako webguneak edo sare sozialak zure erreputazioa eraikitzeko, baina beti norbaitekiko dependentzia dago. Ez dakigu zein puntutara arte hori egia den. Adibidez Madrilen azkenaldian Cristina Cifuentesekin izan diren arazoak konpontzeko aukera emango luke. Jakingo genukeelako erreputazio hori nork baieztatu duen, zergatik…Teknologiak aukera berriak ematen dizkigu, baina lehen esan bezala oraindik ikertzeke daude.

Zuk zeuk orain gutxi saria jaso duzu Blockchainentzat planteatutako aplikazioa dela eta. Zertan datza zehatz-mehatz?
Erreputazio sistema bat eraikitzea planteatzen genuen. Azken finean zuk Blockchainen egin dezakezuna da edozer tokenizatu. Gaur egun dirua tokenizatzen da. Bitcoin eta bestelako kriptotxanponak hori dira irudikatzen dutena. Nik planteatu nuena izan zen jakintzaren tokenizazioa. Orduan zuk zure jakintza hori tokenizatu badezakezu jakintza hori nork helarazten dizun edonork ikusi dezake. Horrekin lortuko genuke zuk ikasketak bukatzen dituzunean ikusi ahal izatea unibertsitateak eman dizkizula ez dakit zenbat jakintza. Kasu honetan, imajinatu, informatikakoak. Edo lan esperientzia ere enpresak eman dizula, ez duzula zuk asmatu. Ideia hori sortu zitzaigun edo sortu zitzaidan irakurri nituelako albisteak, gaur egun jendeak curriculumetan zenbat gezur esaten dituen; eta inkestak ere agertzen ziren. Eta esan genuen, teknologia honekin hori guztia ziurtatu ahal izango litzateke.

Tokenizazioaz ari zara, baina zer da tokenizazioa?
Tokenizazioa litzateke edozein aktiboren digitalizazioa. Azken finean zuk hartu dezakezu dirua, edozein txanpon, euroa eta bihurtu dezakezu euro digitala. Hori izango litzateke tokenizazioaren prozesua. Dirua digitalizatu dezakezun bezala, digitalizatu ditzakezu tomateak, atunak, fabrikako piezak, autoen piezak, motorrak… Orduan tokenizazioaren inguruan hitz egiten denean hortaz ari gara.

Erabilerarik ezagunena kriptotxanponena izanik ere, esango nuke oraindik jende askok ez dakiela zer den kriptotxanpona. Zer da?
Galdera asko sortzen zaizkit. Zer da ekonomia? Zer dira gaur egungo txanponak? Azken finean da zuk zeri ematen diozun balioa. Eta kriptotxanponak dira sarean dauden txanpon batzuk balio bat dutenak, jendeak erabiltzen dituelako, trukerako mekanismo modura erabiltzen dituelako. Kriptotxanpona, azken finean, gaur egungo txanponak dira, baina birtualak.

Aipatzen ari garen hau guztia nola landuko duzue ikastaroan?
Printzipioz lehendabiziko saioetan saiatuko gara batez ere teknologiaren oinarrietan sakontzen. Egia da gaur egun asko hitz egiten dela kriptotxanponen inguruan eta erabilera ezberdinen inguruan, baina atzetik dagoen teknologia guztiak ere garrantzia du eta horretan sartuko gara. Gero teknologiak dituen erabilera ezberdinak ere ikusiko ditugu. Gero ikastaroaren zati handi bat izango da aplikazio deszentralizatu baten garapena. Kasu honetan Ethereum Blockchainen inplementazio bat da, gaur egun gehienetarikoa erabiltzen dena, eta ikastarora etorri direnek ikus dezatela zein aukera dituen, zein tresna dauden horretarako eta gero bakoitzak jarraitu dezala berearekin.

Zein eratako ikasleak erakarri ditu ikastaroak?
Nik esango nuke batez ere irakasleak direla etorri direnak. Nik uste interesgarria dela, gaur egun badaudelako blockchainekin lan egitea errazten duten tresnak, haiei tresna horiek eskura ipintzea. Eta gerora ea Blockchain teknologia bera zabaltzen jarraitzen duten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

43 − = 41