Mikel Iturbe: “Kontrol sistemen azpiegitura kritikoen funtzionamendu egokia babestea beharrezkoa da gizarte baten ongizate eta burujabetzarako”

Maiatzaren 17an egingo da Informatikari Euskaldunen Bilkura Donostian, “Burujabetza teknologikoa” izenburupean. Mikel Iturbe Urretxak “Segurtasuna eta pribatutasuna” hitzaldi-saioan parte hartuko du, eta berarekin hitz egin dugu gai honetaz. Izen-ematea zabalik dago.

Mikel Iturbe Urretxa

Aurreratu diezagukezu hitzaldian aipatuko duzuna? Bertan azpimarratuko dudana, batez ere, da kontrol sistemen segurtasunak orokorrean, eta azpiegitura kritikoenak bereziki,gizarteen ongizatean eta burujabetzan duen eragina. Kontrol sistemak dira edozein prozesu fisiko (fabrikazio prozesuak, energia sortzeko eta garraiatzeko prozesuak, ur banaketa eta arazketa…) kontrolatzeko erabiltzen diren ordenagailu berezien multzo heterogeneoa, nolabait esatearren. Prozesu horietatik batzuk azpiegitura kritikoetako zati dira, hau da, edozein gizarte modernok bere egunerokotasuneko funtzionamendurako beharrezkoak dituen azpiegiturak: elektrizitatearen sorkuntza, ur-arazketa, erregaiaren banaketa… dira horietako batzuk. Beraz, kontrol sistemen azpiegitura kritiko hauen funtzionamendu egokia eta berauek kanpo-agenteen eragin kaltegarritik babestea beharrezkoa da gizarte baten ongizate eta burujabetzarako, baita bere ehun ekonomikoa mantentzeko ere.

Behar beste zaintzen ditugu segurtasuna eta pribatutasuna? Minimoki zer egin eta zer ez genuke egin beharko? Azpiegitura kritikoen kasuan, oraindik asko dago egiteko segurtasunaren esparruan, hein handi baten ohiko ordenagailu-sareetan segurtasunaren alorrean egin diren hainbat eta hainbat aurrerapen oraindik kontrol sistemen esparruan egiteke daudelako. Pribatutasunari dagokionez, azpiegiturak ez dira pertsonak, eta beraz ez daukate pribatutasunerako eskubiderik, baina datu oso garrantzitsuak sortu eta erabiltzen dituzte eta beharrezkoa da informazio hori babestea, baita pertsonen pribatutasuna zeharka babesteko ere (adibidez, erasotzaile batek sare elektrikora sarbide lortuz gero, etxe bakoitzeko kontsumo elektrikoa denbora errealean ikusi ahal izango bailuke). Erabiltzaile eta norbanako soilez haratago, azpiegitura kritikoen babesa gizarte osoaren erantzukizuna da eta gobernuek eta kontrol sistema horien jabeek (enpresak, gehienetan) daukate eragiteko ahalmen handiena. Norbanakoen ikuspuntutik, gakoa kontzientziazioa da, ondoren eragiteko ahalmena daukaten horiei neurriak eskatzeko.

Etorkizuneko erronkak zeintzuk izango dira alor honetan eta nola lotzen dira burujabetza teknologikoarekin? Esan bezala, azpiegitura kritikoen babeserako oraindik bide luzea dago egiteko (etengabekoa izango dena). Orain, ikerketan pil-pilean dagoen gaietako bat da datuen analisia eta ikasketa automatikoa aplikatzea eraso informatikoak detektatzeko azpiegitura kritikoetan, hauen portaera monitorizatuz. Hori da nire ikerketa-lerro nagusia momentu honetan eta uste dut askorako eman dezakeela oraindik. Nik uste dut, epe laburrean, gisa honetako eraso detekziorako sistema adimendunak egongo direla azpiegitura kritikoetan. Honek, lotura oso zuzena du burujabetza teknologikoarekin, gaur eguneko eta etorkizuneko azpiegitura kritikoak babesteko gai ez den gizartea nekez izango baita burujabea, bere ongizaterako beharrezkoak diren zerbitzu horiek kanpo-erasoen menpe egongo direlako.

IEB bezalako bilkurak garrantzitsuak dira? Dudarik gabe. Euskal informatikarion komunitateak gisa horretako bilkura bat izatea behar-beharrezkoa da bakoitzak berea duen ezagutza zabaldu, komunitatea ehundu eta harremanak egin eta sendotzeko. Ekarpen handiena, ezagutza horren transmisioa eta harremanak direla esango nuke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude