Edurne Larraza eta Olatz Arbelaitz: “Burujabetza prozesuetan teknologiak izan dezakeen garrantzia eta egin dezakeen ekarpena kontuan izanik, gai horri heltzea erabaki dugu”

Maiatzaren 17an egingo da Informatikari Euskaldunen Bilkura Donostian. Aurtengoa XI. edizioa da eta “Burujabetza teknologikoa” izango dute hizpide. Bilkuraren antolaketan lanean ari diren Edurne Larraza eta Olatz Arbelaitzekin hitz egin dugu. Izen-ematea zabalik dago.

Edurne Larraza

Burujabetza teknologikoa izango da edizio honetako gaia. Zer esan nahi du eta zergatik aukeratu duzue? Informatikari euskaldunen bilkurak bere ibilbidean zehar, Informatika eta teknologiaren alorrean bogan zeuden gaiak lantzea izan du helburu. Baina informatikariok, gure jendartearen parte ere bagara eta hori horrela izanik, gaur egun gure inguruan ematen ari diren burujabetza prozesuek duten garrantziaren jabe izanik, eta prozesu horietan teknologiak izan dezakeen garrantzia eta egin dezakeen ekarpena kontuan izanik, gai horri heltzea erabaki genuen. Beste arlo asko bezala, elikadura esate baterako, askotan, teknologia ere enpresa eta erakunde handi batzuen menpe dago. Ez da erraza izaten ohartzea zenbaterako kontrola duten enpresa horiek gu guztion egunerokoan. Burujabetza zaila da oso baldintza horietan, non nork bere beharrak asetu beharrean enpresa handi horienak asetzen dituen egiten duena egiten duela. Egon badaude ordea beste teknologia batzuk burujabe aritzeko aukerak ematen dutenak, hau da, zertan ari garen jakiteko aukera ematen digutena, eta hori da landu nahi duguna alor desberdinetan.

Olatz Arbelaitz

Ikuspegi desberdinak ekarri nahi izan dituzue programan: instituzioak, herrigintzatik abiatutako ekimenak, arloko profesionalak eta akademia. Zer dela eta? Teknologia digitala, Informatika, gaur egun nonahikoa da eta hari buruzko jakintza alor desberdinetan zabalduta dago, ez dago instituzio edo erakunde jakin batean zentralizatua. Hori horrela izanik, ez genuke nahi ikuspuntu bakar bat edo enpresa gutxi batzuena soilik ekartzea. Horregatik, lau ardatz hautatu ditugu (gehiago izan zitezkeen baina nonbaiten moztu egin behar zen) eta ardatzetako bakoitzean bi ikuspuntu desberdin jaso nahi izan ditugu. Gainera, garrantzitsu deritzogunez burujabetza teknologikoaren aldeko apustua jendarteko alor guztietan egitea, alor guztietako adituen ezagutza eta iritzia jasotzea garrantzitsua iruditu zaigu. Horrela, bazkalondoan tarte bat izango dugu hitzaldietan entzundakoetatik abiatuz guztion artean eztabaidatu eta burujabetza teknologikorako erronkak eta bideak identifikatzeko. Ez ahaztu IEB iragarle izan dela azken urteetan.

Gai nagusiaz gain, bestelako aplikazio eta esperientziak ere izango dute tokia, ezta? Ohi bezala, antolatzaileok jartzen dugu gai nagusia eta jardunaldiaren ildo nagusia, baina Informatikari Euskaldunen Bilkuran beti utzi diogu tartea informatikari eta euskaldun izanik ekarpenak egin nahi dituzten horiei. Tradizionalki alor askotatik etorri izan da jendea baina bereziki hezkuntzatik etorritako informatikari ugari izan ditugu. Horren erakusle da komunikazio deialdi irekian jaso ditugun ekarpenekin bi saio paralelo osatu ditugula, bata hezkuntzari eskainia eta bestea gai nagusiarekin, burujabetzarekin, lotura estua duena.

Eta Puntu.eus-ekin batera Internet eguna ere ospatuko duzue egun horretan. Bai, hala da. Eguna hautatu genuenean ez ginen konturatu Internet eguna zenik. Beranduago, bilkuraren egitura antolatzerakoan, .eus-ekoekin harremanetan jarri eta haiek eman ziguten data eta Internet egunaren kointzidentziaren berri. Hori horrela izanik, ezin egokiago iritzi genion Euskarazko Internet eguna IEBrekin batera antolatzeari. Izan ere, publiko asko partekatzen dute bi ekitaldiok eta konpartitzen ez duten publikoaren kasuan, bestea ezagutu eta erakartzeko balio lezakeelakoan gaude. Elkarlanaren ondorioz, Euskarazko Internet eguna IEBren ondoren ospatuko da eta bien arteko lotura egiteko, .eus-ek haiekin duen harremana baliatuz, puntCATeko lege arduradunaren aurkezpena izango dugu IEBren amaieran. Ez ahaztu!

XI. bilkura izango da hau. Zertarako jaio zen bilkura eta zer nolakoa funtzioa du? Lehenengo urteetan helburua elkar ezagutzea, informatikaren inguruan euskaraz zegoenaren berri izatea eta komunitatea sortzea zen. Ordutik honako egoera asko aldatu delakoan gaude. Informatikan askoz presentzia handiagoa du euskarak edo askoz gauza gehiago daude euskaraz. Baina puntakoak diren gaiei buruz ikastea, elkarri aurpegia jartzea eta komunitate hori mantentzea oraindik ere garrantzitsua da bilkuretan. Askotan, bilkurak euskal komunitatean teknologiak izan beharko lukeen garapenaren iragarle izan dira. Adibidez, euskal domeinu baten beharra bertan identifikatu zen.

Nori dago zuzenduta bilkura? Ohi bezala,  bilkura euskalduna izanik, teknologian interesa duen pertsona orori dago zuzendua. Kasu honetan, teknologiatik hain gertu egon gabe hainbat arlotan burujabetza prozesuan interesa duen eta teknologiak horrelakoetan egin dezakeen ekarpenaren berri izan nahi duen edonork ere ziur asko izango du zer ikasi aurtengo bilkuran.

Matrikula doan izango da, ezta? Non eman daiteke izena? Matrikula dohainik da baina bazkaltzen geratu nahi duenak aurretik hala adierazi eta 15 euro ordaindu beharko ditu.    UEUko web gunean eman daiteke izena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude