Itziar Uriarte: “Gaitasunen garapena lortzeko parte-hartze aktiboa eta motibazioa kontutan hartzen duen ikaste-irakasteko era honek”

UEUren udazkeneko eskaintzaren barruanArazo-egoeratik proiektura. Proiektu bidezko metodologiak sustatzen. PBL.” on-line ikastaroa antolatu dugu. Itziar Uriarte Crespo izango da irakaslea eta hainbat galdera egin dizkiogu. Matrikula zabalik dago.

Zein da ikastaroaren helburua? Ikastaro honen helburu gorena irakasleei, modu praktikoan, Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza sustatzen duen metodologiaren nondik norakoak eskura jartzea eta aldaketa metodologiko hori aurrera emateko beharrezkoa duten azken urratsa egiten laguntzea da.

Zer da ikaskuntza esanguratsua? Errepikapenetik eta edukietatik urrunduta, gaitasunen garapena lortzeko parte-hartze aktiboa eta motibazioa kontutan hartzen duen ikaste-irakasteko era dela esan genezake. Egungo ikasleek estimulu anitzak jasotzen dituzte eta jakin-mina ugari dituzte. Egoera horri etekina ateratzea ezinbestekoa da ikasleentzat esanguratsua den esperientzia sortzeko, baita esanguratsua den eta, ondorioz, iraunkorra izango den ikaskuntza lortzeko.

Eta Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza? Ikaste-irakasteko modu kooperatiboa da eta ondorengo alderdiak betetzen ditu:

  • Ikaslea ikertzailea edota sortzailea bilakatzen da eta irakaslea gida.
  • Erabiltzen diren materialak anitzak dira.
  • Talde lana ezinbestekoa da. Ikasleak rol aktiboa du.
  • Xedea sorkuntza izanda, ikaste-irakaste prozesu aktibo eta esanguratsua gertatzen da.
  • Gaitasunen garapenarekin batera, edukien barneraketa ematen da.
  • Diziplinartekotasuna, hein batean edo bestean, modu naturalean ematen da.

Zer nolako abantailak ditu metodologia honek? Abantaila nagusiak, nire ikuspuntutik, motibazioa eta ikaskuntza esanguratsua dira. Bi alderdi hauek oso erlazionatuta daude, izan ere, ikasleek erronka bat daukatenean hori lortzeko motibatuago agertzen dira eta motibazio horri zein erronkaren errealitate kutsuari esker, ikasleek egiten ikasten dute eta ikasten dutena modu bai biziago bai iraunkorrago batean barneratzen dute.

Zein da erabiliko duzun metodologia? Aurretik esan dudan bezala, erabiliko den metodologia guztiz praktikoa izango da. Nahiz eta ikastaroa on-line izan, hasierako aurrez aurreko saioan azalduko den bezala, parte-hartzaileek haien proiektuaren diseinua egiten, osatzen eta hobetzen joango dira ikastaroan zehar; ikastaroaren amaieran hori praktikara eramateko. Egiten ikasiko dugula esan genezake.

Norentzat da ikastaro hau? Irakasle ororentzat onuragarria dela esan genezake, baina ondorengoetara mugatu dugu: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasle zein Berritzeguneko kideak. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

95 − 87 =