Urko Fernandez Roman: “Interneteko bizitza, bizitza erreala da, ez birtuala”

Azaroaren 24an “Bullyingaren mugak gainditzen” jardunaldia izango da Azpeitian Udalak eta UEUk antolatuta. Urko Fernandez Roman PantallasAmigas ekimeneko proiektu arduradunak “Hiritartasun digital arduratsua eta aktiboa nola sustatu haur eta nerabeen artean” izango du mintzagai. 

Gailuak gailu, erabileraren arabera izango da arazo edo abantaila
Bai, azkenean mugikor adimentsu batek, eta orokorrean Internetera sarbidea ematen duen edozein pantailak, aukera asko eskaintzen ditu, horien artean erabilera apropos ugari daudelarik. Internet eta teknologia berri askoren abantailak ezagunak dira, baina arrisku gutxi batzuk ezagutu egiten badira ere, horiek saihesteko neurriak edo gertatutakoan ondorioak nola murriztu litezkeen ez dira jorratzen.

Ez hori bakarrik, teknologia berriek ere jendartean ezezagunak diren beste hainbat onura eta aukera eskaintzen dituzte, baina normalean berehalako onurak ematen dizkiguten aplikazioak besterik ez ditugu erabiltzen. Testuinguru digitalean ziber-alperkeri asko dago, eta jendartea “azukre” digitala bakarrik kontsumitzera ohitu da, eta dieta horrek abantaila baino arazo gehiago ekartzen ditu.

Grooming, sexting, cyberbullying… Pribatutasunaren eta nortasun digitalaren kudeaketa ere hor dago.
Pribatutasuna eskubide bat ez ezik, babes faktore bat ere bada. Interneten ez dugu ez gure, ez besteen pribatutasuna behar den bezala zaintzen eta errespetatzen, sari gehiegi jasotzen baititugu gehiegi pentsatu gabe jokatzen dugunean (“like”, retweet eta sare sozialek dituzten beste hainbat mekanismoei esker).

Interneten gaudenean, milioika pertsonek osatzen duten erkidego batean ari garela kontuan izan behar dugu. Lurralde, kultur, adin, izaera, pentsamendu, eta abar ezberdinak dituen jendearekin harremanetan jartzen gara bertan. Lagunekin, familiarekin edo edozein beste talde batean gaudenean bezala, parte hartzea oso interesgarria da eta besteekiko dugun portaera, kalean bezala, egokia izan beharko litzateke.

Gure irudia, gure itxura, ere gure datu pribatu bat da. Legez, ezin da pertsona baten datu pribaturik erabili bere baimenarekin ez bada. Pertsona bati argazkia egin nahi badiogu, baimena eskatu beharko diogu; baita edozeini bidali edo edonon eskegi nahi badugu ere. Aldi berean, argazki bat atera nahi badigute edo gure irudia nonbait eskegita ikusten badugu eta bertan egotea nahi ez badugu, argazkia atera duenari edo argazkia eskegi duenari, ezabatu dezala eskatu beharko genioke. Eta, era berean, norbaitek bere irudia edo bere edozein datu pertsonal ezabatzeko eskatzen digunean, guk jarri badugu, ezabatu beharko genuke eta barkamena eskatu.

Interneten guztiak izan gara noizbait heldu-berriak. Erabiltzen hasi ginenean ez genuen testuinguru digitala menderatzen. Kalean bezala, jende tartean gabiltzanez, Interneten badaude jendetasunez eta errespetuz ibiltzeko bete beharko genituzkeen arauak. Ez dira legeak, baina Interneten elkarbizitza egokiago bat izateko, liskarretan ez sartzeko, eta pribatutasunarekin zerikusia duten arazoak ez izateko oso baliagarriak dira. Ez badugu ez bizikidetasuna, ez besteon eta gure pribatutasuna zaintzen, jazarpen digital mota ezberdinen biktima izan gintezke, edo nahi gabe gu izan jazarpen horiek gauzatzen ditugunak!

Nahikoa prestatuta al gaude irakasle/gurasook haur zein nerabeak gai horretan hezteko? Zein izan behar luke batzuen eta besteen papera?
Irakasleek badute Interneten arriskuak ezagutzeko aukera, horretarako formakuntza desberdinak jasotzen baitituzte. Formakuntza horietan ere jarrera arriskutsuak antzemateko eta saihesteko gomendioak bereganatzen dituzte. Nahiz eta oraindik sakontasun eta espezializazio gehiago behar izan, oinarri bat behintzat bereganatua daukate. Irakasleek pribatutasunaren garrantzia azpimarratzen ikasi behar dute haur hezkuntza eta lehen hezkuntzan batez ere, era berean bizitza digitalerako trebetasunak irakatsiz: enpatia, pentsamendu kritikoa, asertibitatea, erabakiak hartzea, emozioen eta sentimenduen kudeaketa. tentsioen eta estresaren kudeaketa…

Gurasoak berriz arrail digital honetan oraindik nahiko galduta dabiltza, eta egun bizi den egoeraren eta beraien ezagutzaren artean distantzia gehiegi dago. Gurasoek Interneten ere hezten ikasi behar dute; beren seme-alabei aholkuak eta beharrezko jarraipen, kontrol eta akonpainamendua emateko gauza asko dituzte oraindik ikusteko eta ikasteko. Esperientzia hau bereganatzeko Interneten ere bizitzen ikasi behar dute, eta testuingurua ondo ezagutu eta ulertu ondoren, irakatsi eta transmititu nahi dituzten balore eta bizitza ikasgaiak era eraginkor batean egiteko gai izango lirateke.

Zer hartu beharko genuke kontuan hiritartasun digital arduratsua eta aktiboa sustatzeko?
Hiritarrak garenean ez gara besteak baino gehiago ezta gutxiago, berdinak gara gure desberdintasunekin. Ekintza justu eta tratu onekoen protagonistak izaten ikasi behar dugu, ez bakarrik kanpoko edo offline munduan, baita Interneten ere. Interneteko bizitza, bizitza erreala da, ez birtuala.

Hiritar bezala eskubide batzuk baditugu, baina baita betebeharrak ere. Besteentzako garrantzitsuak gara, edo izan beharko ginateke, eta besteen egoera eta ekintzak garrantzitsuak izan beharko lirateke guretzat. Sentimendu eta inplikazio hori izateko, gizarte digital honetan parte hartu behar dugu, gure iritziak partekatuz eta proposamenak eginez, besteen ekimenen zain geratu gabe. Haur eta nerabeengan kontzientzia digital hau garatzen badugu, etorkizun positibo baten aurrean geundeke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

+ 31 = 34