German Velayos Gainza: “Beste zientzia guztiek bezala, geomatikak dibulgazioaren beharra du herriarengana heltzeko”

Datorren azaroaren 17an Donostiako Tabakaleran Gislan eta UEUren eskutik egingo den “Geomatika eta inteligentzia espaziala 2017” jardunaldiaren barruan “Geoprozesamenduaren bitartez saguzarrentzako habitat potentzialen predikziorako GIS modeloaren aurkezpena” egingo du German Velayos Gainzak.

Zergatik da hain garrantzitsua era honetako jardunaldia?
Teknika geoespazialak egunerokoan erabiltzen ditugu dagoeneko. Askotan ez dakigu erabili ditugunik edo erabili izan dituztenik, baina leku askotan daude presente. Zeinek ez dauka google maps mugikorrean? Zeinak ez du erabili berau oporretan joan eta hemendik hara ibiltzeko paperezko mapa bat behar izan barik? Nola balioztatzen da Urdaibai Biosferako lurretan eraiki ahal den ala ez? Nola azter daiteke epidemia baten jatorria? Gero eta esparru gehiagotan erabiltzen da. Eta egia esan, batzuetan beldurra ematen dit teknika honen helmenak. Hala ere, beharrezkoa da aro teknologiko honetarako.

Ni ez naiz honetan aditua, baina jardunaldi honen garrantzia bi puntutan oinarrituko nuke. Lehenengoa, beste zientzia guztiek bezala, geomatikak dibulgazioaren beharra du herriarengana heltzeko. Gainera, datu base publikoak egonik are interesgarriagoa da hau egitea, edonork erabili dezakeelako sarean dagoena proiektu propioetarako. Bigarrena, euskaraz egindako jardunaldi bat da, eta hau sustatzeko bide ona iruditzen zait.

Zer da aurkeztu behar duzun proiektua?
Nire kasua berezi samarra da. Azalduko diren lan gehienek gizakia dute protagonista modura eta horren gainean erabili dituzte teknika geoespazialak. Aldiz, ni saguzarren ikerketa kasu bat kontatzera nator, alegia, EHUko Jokabidearen Ekologia ikerketa taldean orain urte batzuk master ikasle batek egin zuen lana. Bertan modelizazio teknika ezberdinak erabiliz bost baso saguzar espezieren habitat potentziala (EAE eta Nafarroan) aurresaten saiatu ziren, gerora korridore ekologiko eta eremu babestuek saguzar hauen iraunkortasuna bermatzen zuten balioztatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

83 + = 90