IKERGAZTE 2017: ikerketa, euskara eta gaztetasuna

Ikergazte plenarioa
Durangon egin zen lehen edizioko hitzaldi nagusia PZ Myers ikertzaile estatubatuarrak eman zuen.

Bihartik hasi eta ostirala bitartean (maiatzaren 10, 11 eta 12an) 200 bat ikertzaile euskaldun bilduko gara Iruñean, IKERGAZTE kongresuaren bigarren edizioan. UEUk antolatuta, 2015ean egin zen Ikergazteren lehen edizioa, Durangon, arrakasta handiz. Nafarroako edizio hau, erronka handia izan den arren, arrakasta handikoa izango dela ziurtatu dezakegu dagoeneko: 136 komunikazio, 123 aurkezpen, 8 tailer, 2 mahai-inguru eta 200 bat parte-hartzaile.

«IKERGAZTE2017: Nazioarteko Ikerketa Euskaraz» izenburu horretan esanahi handiko hiru kontzeptu bildu ditugu: ikerketa, euskara eta gaztetasuna. «Ikerketak» jakintza, ezagutza, aurrerapenak eta etorkizuna biltzen ditu; ikusgarri egin nahi dugu Euskal Herriko ikertzaile gazteek egiten duten nazioarte mailako ikerketa. «Gaztetasuna» ezinbestekoa da, etorkizunik egongo bada, eurak izango baitira ezagutzaren jabe, eurak izango baitira aurkikuntzak egingo dituztenak, proiektuak eskatuko dituztenak eta herri honetako ikerketaren lehen lerroan egongo direnak; eurek hartuko dutelako gaur eguneko ikertzaile eta adituen lekua. Eta nola ez «Euskara», besteak beste, ezagutzaz, jakintzaz, ikerketaz hitz egiteko bidea ematen digun hizkuntza. Ikergazten hori guztia azalarazi nahi dugu, erakutsi, ikusgarri egin. Hemen, Euskal Herrian, nazioartean zabaltzen ditugun ikerketa-lanak egin egiten ditugu, egiten dituzte ikertzaile gazteek, eta horren erakusle da Ikergazten argitaratuko den artikulu-bilduma, zeina euskarazko produkziorako ekarpen handia den.

ikergazte tailerra
IKERGAZTEko lehen edizioan ere tailerrak eskaini ziren.

Garrantzitsua da, orobat, komunitate zientifiko euskalduneko ikertzaileak bildu eta elkarren berri izatea. Unibertsitate eta ikerketaren mundua gero eta espezializatuagoa da eta zaila da jakintza-arlo desberdinetako ikertzaileen artean sareak eraikitzea, baina, aldi berean, hori funtsezkoa da diziplinen artekotasunak puntako ikerketa bultzatzen du-eta. Sareak eraikitzea edozein kongresuren helburu izanik, UEUtik garrantzi berezia ematen diogu, Euskal Unibertsitatea egituratzearen helburuari laguntzen diolakoan.

Panorama baikor horretan itzalak ere badaude, eta Ikergazte baliatu nahi dugu horretaz gogoeta egiteko ere. Alde batetik, euskarazko ekoizpen zientifikoaren joera negatiboa dago, eta, bestetik, ikertzaile gazteen prekarietatea. Lehenari dagokionez esan behar da komunitate zientifiko euskalduna asko handitu bada ere (irakasle euskaldun gehiago, ikerketa-zentro berriak…), ekoizpena ez dela neurri berean hazi azken urteetan: Inguma datu-basearen arabera, 1990ean 304 artikulu argitaratu ziren zientzia-aldizkarietan; 2000n 407; 2010ean 528 (goia jo zuen); 2014an 416, eta 2015ean 472. Liburuen bilakaera are larriagoa da: 44, 87, 96, 97, 79, 56. Faktore batzuk daude horretan: krisia eta laguntzen murrizketa (EJren EIMA programa desagertzea, adibidez), curriculumean ingelesezko artikuluei ematen zaien lehentasun gero eta handiagoa euskara eta liburuen kaltean, ikertzaile/irakasleen prekarietatea. Ikergazteen arteko sarea eraikitzea prekarietateari aurre egiteko urrats txiki bat ere izan daiteke.

IkergazteUnibertsitateakOnatxikia
Unibertsitateetako ordezkariak, Ikergazte kongresuaren prentsaurrekoan.

IKERGAZTE2017 aurrera ateratzeko ezinbestekoa izan da, eta horretan ere berri onak ditugu, Hegoaldeko unibertsitate guztiak lankidetzan aritzea UEUren eskutik; bereziki eskerrak eman nahi dizkiogu Nafarroako Unibertsitate Publikoari, bertan kokatzen baita bigarren edizio hau, baina baita UPV/EHU, Universidad de Navarra, Deustuko Unibertsitate eta Mondragon Unibertsitatearen sostengua ere eskertzen dugu. Zoritxarrez Iparraldeko unibertsitate-sisteman dagoen fragmentazioak eragotzi digu bertako unibertsitateen parte-hartze instituzionala, baina badira bertatik bidalitako zenbait komunikazio. Unibertsitateak dira ikerketaren kokaleku nagusiak, baina ezin ditugu ahaztu ikerketa-zentroak, ofizialki parte hartu ez arren, bertatik lan ugari jaso baitugu. Ezin aipatu gabe utzi Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren laguntza garrantzitsua Ikergazte2017 gauzatzeko orduan. Iruñeko euskalgintzako hainbat erakunderen laguntza ere ezinbestekoa izan da.

IKERGAZTE2015ean ereindako hazia fruituak ematen hasi da eta IKERGAZTE2017 bidea urratzen jarraitzeko lagungarri izango zaigu denoi. Ekin diezaiogun Nazioarteko Ikerketari Euskaraz!

Iñaki Alegria, UEUko zuzendaria

Miren Josu Omaetxebarria, IKERGAZTE kongresuko koordinatzailea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude