”Hizkuntzalari Euskaldunen III. Topaketa: Zer berri?” Komunikazioak bidaltzeko deialdia.

Hizkuntzalari Euskaldunen III. Topaketa honetan, lehenengo topaketaren hariari heldu nahi diogu. Hala, hizkuntza aztergai duten proiektuak edota tesi-lanak —abian direnak zein amaitu berriak— jendaurrean plazaratzeko gune bat izan nahi du jardunaldiak.

Hizkuntza ikergai dugunok heterogeneoak gara formazioz eta asko ditugu lan- eta ikerketa-eremuak ere. Hizkuntza Zientziek askotariko alorrak biltzen dituzte, hizkuntza ikuspuntu askotatik, eta helburu teoriko edota aplikatuekin aztertzen dutenak: hizkuntzalaritza orokorra, filologia, soziolinguistika, neurolinguistika, hizkuntzalaritza konputazionala, lexikografia, terminologia, itzulpengintza, glotodidaktika… Bada, arlo horietako guztietako ikertzaileak biltzea da topaketa honen helburua. Hartara, jakin ahal izango dugu, besteak beste, zertan ari garen, zein proiektu darabilgun esku artean edota zein tesi lantzen ari diren alor ezberdinetako doktoregaiak.

Topaketarako komunikazioak bidaltzeko deialdia
Topaketa uztailaren 4an izango da Baionan. Kike Amonarrizek emango dio hasiera, hitzaldi batekin. Ondoren, ikertzaileen komunikazio laburrak etorriko dira, bakoitza galdera-erantzunetarako bere tartearekin. Poster-saio bat egiteko aukera ere aurreikusten da, ekarpenen kopuruak hala eskatzen badu.

Komunikazioak
Aurkezpenak 15-20 minutukoak izango dira (aurrerago zehaztuko da), eta beste 5-10 minutu galdera-erantzunetarako.

Posterrak
Ekarpenetako batzuk poster saio batean aurkezteko aukera ere aurreikusten da.

Argitalpena
Ekarpenen kopuruak eta kalitateak hala ahalbidetuz gero, liburu batean biltzeko aukera aurreikusten da, Hizkuntzalari Euskaldun I. Topaketan egin zen bezala.

Zer egin?
Bidali sailburuei honako informazioa posta elektroniko honetara: hizkuntzalaritza@ueu.org

  • Komunikazioaren izenburua
  • Egileen izen-deiturak
  • Harremanetarako posta elektronikoa
  • Komunikazioaren laburpena, orrialde batekoa (erreferentziak kontuan izan gabe)

Epea:
Aurkezpenak bidaltzeko azken eguna 2017ko apirilaren 30a izango da.

Informazio gehiago:
Irati Iciar:
i.iciar@ueu.eus
943 82 14 26

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude