Mikel Ayestaran: “GIS teknologia lurraldearen gaineko edozein gaietan erabili daiteke”

Lurraldea ulertu eta aztertzeko beste modu bat. GIS librea eta Geoprozesamendua (QGIS) on-line ikastaroa antolatu du UEUk aurtengo udazkenean. Mikel Ayestaran,  ikastaroaren arduradunak, formazio honi buruzko argibideak eman dizkigu. Matrikulazioa zabalik dago.

12923808694_4a199153af_nZer da GIS librea? GIS teknologia, datuak lurraldearen gainean adierazi eta aztertzeko teknologia da. Teknologia honen bidez, datu alfanumerikoak (taulak) lurraldearen gainean adierazten dira eta azterketarako beste dimentsio bat hartzen dute. Orain gutxi arte, lizentziadun GIS softwareak ziren nagusi baina beste alorretan bezala, GIS-ean ere software librearen aldeko mugimenduak izan duen garapen ikusgarria medio, edonorentzat daude eskuragarri gaur egun aplikazio hauek.

UEUn gaiari buruzko hiru ikastaro eman dituzue. GIS-a gizartea eta ekonomia aztertzeko tresna bezala erabili zenuten aurrekoetan; oraingoan, honekin egin daitezkeen eragiketak egingo dituzue. Adibidez? Aurreko ikastaroetan, gizartea eta ekonomiarekin lotutako datuak aztertu genituen GIS-aren bidez. Oraingoan, ikastaroa haietan ikasleek iradoki zigutenari kasu eginez, alor teknikoan sakonduko dugu. Zehazki esanda, geoprozesamendu bektorialen sakonduko dugu. Honekin, lurraldearen gaineko azterketak burutuko ditugu. Partzela bateko zein azalera hartzen duen errepide baten influentzia eremuak edo fenomeno zehatz baten kontzentrazioak bero mapen bidez.

Lurraldearen gaineko gurutzaketak, distantzia matrizeak eta bero mapak dira gizartea eta ekonomia ikertzeko aplikazio honen bidez egin daitezkeen azterketetako batzuk. Zertan datza? Aipatu behar da, GIS teknologia ez dagoela ekonomia eta gizartearen azterketara mugatuta. Lurraldearen gaineko edozein gaietan erabiltzen da: hala nola, lurralde antolamendua, ingurumena edo udaletako zerbitzuen katalogazio eta kudeaketan. Aipatzen diren eragiketekin, zerbitzu zehatz batera udalerrian egon daitezkeen distantziak (distantzia matrizeak), natur parke batek hartzen dituen partzelak eta hauen azalera (lurraldearen gaineko gurutzaketak) edo fenomeno zehatz baten kontzentrazioak neurtu eta adierazi ditzakegu (bero mapak).

Zer nolako azterketak egiteko baliatzen ari zarete aplikazioa azken urteotan Gaindegian? Zergatik? GAINDEGIAk hasieratik eduki zuen gizartea eta ekonomiari lotutako datuak lurraldearen gainean adierazteko asmo eta beharra. Honekin, Euskal Herrian bertan dauden desoreka ezberdinak modu argi eta erraz batean adierazteko bidea aurkitu zuen. Bide honetan, teknologiak izan duen garapenarekin, udalerrietako huste arriskua eta antzeko gaiak lantzera iritsi da. Honetarako, udalerri bakoitzak oinarrizko zerbitzuetara duen distantzia kontuan hartzeaz gain, bere jaiotza prospektibak edo zahartze indizea ere kontuan hartzen dira. Ikusten den bezala, datu estatistiko hutsez gain, lurraldearen gainean burututako kalkuluek azterketa sakonagoak egiteko aukera ematen digute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude