Itziar Laka: “Denok dakigun zerbait bezala aurkezten zaigu hizkuntza, baina ez da horrela, hizkuntzaren gehiena ezkutuan dago”

Hizkuntzalari euskaldunek elkarrekin topo egiteko helburuarekin, Hizkuntzalari Euskaldunen II. Topaketa antolatu du UEUk Eibarko Markeskoa jauregian. Udako Ikastaroen baitan antolatu den jardunaldia da eta bertan bildu dira hizkuntzalaritzaren inguruan lanean eta ikertzen diharduten hainbat aditu. Itziar Laka izan da hizlari nagusia, eta honek bere ikertaldean -Gogo Elebiduna- elebitasunaren inguruan egindako ikerketak aurkeztu ditu “Hizkuntza eta elebitasuna geure buruetan” izenburupean.

Itziar Laka albisterako1

Zipriztinka” arituko dela esanaz hasi du hitzaldia Itziar Lakak, berak zuzentzen duen Gogo Elebiduna ikertaldean elebitasunaren inguruan egiten ari diren azterketen berri emango duela. “Eleaniztasunaz ez dut ia ezer esango, gu elebitasuna ikertzen ari gara eta” ohartarazi eta ikerketaren nondik norakoak azaltzen hasi da irudi eta eskemak erabiliz azalpena ulerkorragoa izan dadin. Hizkuntzaren definizioari dagokionez, denok dakigun zerbait bezala aurkezten zaigula esan du, baina ez dela horrela eta hizkuntzaren gehiena ezkutuan dagoela irakatsi beharko litzatekeela azpimarratu du, kontzienteki ez dugula ezagutzen eta. Hori da hain zuzen ere Itziar Lakaren ikertaldearen funtsa, ezkutuko alderdi horiek argira ateratzea.

Hizkuntza eta eraikuntza alderatu ditu Lakak, eraikuntzaren oinarria adreilua den heinean, hizkuntzarena sintagma dela azaldu du, “hizkuntza guztien zelula da sintagma” esaldiarekin Sintagmei dagokienez, hizkuntzaren prozesamenduan sintagma ezberdinak aukeratzeak zein eragin duen aztertzen ari dira, besteak beste, ikertaldean. “Denboraren ardatzean izena jarri dezakezu aurretik eta determinatzailea ondoren, edota alderantziz, aurrean determinatzailea eta ondoren izena, hizkuntzaren arabera” azaldu du Itziar Lakak, eta hala ere, sintagmen ordena edozein izanik, berdin ikasten dela hizkuntza umetan. Haurrak eta elebitasunari dagokionez, “Zer da hobe, haurrei lehenengo hizkuntza ondo ikasten utzi eta besteak gero sartzea edota denekin batera hastea?” galderari erantzun irmoa eman dio: “Bada nik diotsuet, ahalik eta arinen, hobe”.

Euskararen eta gaztelaniaren perpaus-eraikuntzen ezberdintasunez mintzatu da geroxeago, hori baita ikertzen ari den beste puntuetako bat, eta esan duenaren arabera, automatikoki irteten zaigu gure ama hizkuntzaren perpaus-ordena, burmuinaren azkartasuna dela eta konturatu gabe egiten dugun gauza bat delako. Amaiera aldera, burmuinean zentratu du bere hitzaldia Itziar Lakak, baliabide gehien “xahutzen” digun organoa baita. Gainera, baliabide gehiago -odol jarioa, azkartasuna- erabiltzen omen ditu ohikoa ez dugun hizkuntza bat erabiltzen dugunean, “horratx batzuetan buruko mina, ajea eta beste sintoma batzuk izatearen arrazoia” argituz galderen tartea ireki da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude