“Literatura autonomiaz irakurtzeko eta hartaz hitz egiteko tresnak elkarbanatu nahi ditugu”

UEUk Euskal Literaturaren irakaskuntza Bigarren Hezkuntzan on line ikastaroa antolatu du udazken honetan. Iratxe Retolaza eta Amaia Serranori, ikastaroko arduradunei galdera batzuk egin dizkiegu gaian sakontzeko asmoz. Matrikula zabalik dago.

10994055_10203874771649193_5283851935387920516_nZein dira ikastaroaren helburuak?
Ikastaro honen helburu nagusia literaturazaletasuna eta irakurketa kritikoak bideratzeko baliabideak eskaintzea da. Ikasleak literaturan murgiltzeko lehen urratsa haiei irakurketa estrategiak eskaintzean datza. Irakurtzen ez badakigu nekez jakingo dugu testuan dioena transmititzen. Horregatik, literatura autonomiaz irakurtzeko eta hartaz hitz egiteko tresnak elkarbanatu nahi ditugu.
Asmo orokor horri heltzeko bideak mota askotakoak izan daitezke. Ikastaro honetan gure proposamena hiru ardatzetan oinarritzen da: batetik, garrantzitsua iruditzen zaigu ikasleek testu baten mundu sinbolikoa ulertzeko gaitasuna garatzea; bestetik, testuen arteko oihartzunak nola eraiki jakiteak ere laguntzen du loturak egiteko garaian; eta, azkenik, literatura gainerako arteekin erlazionatuz, adierazpide guztien artean izan daitezkeen harremanez nola jabetu ere irakatsi nahi dugu.
Irakurketa 5-6 urterekin hasten dugun prozesua da, baina eraginkorra izan dadin garai bakoitzean testuen azaleko irakurketatik sakonekorako saltoa nola egin ezagutu behar da. Horretarako, irakasleok ikasleei testu egokiak eskaintzeaz gain, galdera aproposak planteatu behar dizkiegu.
Ikastaro honen helburua, ordea, ez da norabide bakarrekoa izango, noski, eta, beraz, gainerako irakasleen esperientzia baliatuz, proposamen didaktiko ezberdinak kontuan hartuz eta adituek diotena eztabaidatuz osatuko dugu ikastaroa.

Zer nolako garrantzia dauka literatura egoki irakasteak?
Alde batetik, literatura modu eraginkor batean irakastean ikasleari literaturaz gozatzeko, literaturaz ikasteko, eta literatura beste sistema batzuekin harremanetan jartzeko aukerak ematen ari gara. Beste alde batetik, irakurtzen dakienak adierazteko eta komunikatzeko erraztasunak eskuratzen ditu. Gainera, bi alderdi horien konbinazioak hainbat hizkuntza-kodez jabetu eta horien inguruan modu kontzienteago batean jarduteko balio du.

Nola bultzatu daiteke irakurzaletasuna?
Gaur egun ditugun euskarriak (internet, liburu elektronikoak, etab.) ezagututa inoiz baino errazagoa izan behar luke irakurzaletasuna bultzatzea. Hala ere, gazteen bizimoduak eta bizi erritmoak (helduen parekoa neurri handi batean) irakurketari tarte bat eskaintzeko zailtasunak jartzen dizkio. Hori jakinda, baina, zer egin daiteke irakurketa eskolan modu atsegin batean lantzeko? Esate baterako irakurketa eredu positiboak emanez, bakarkako jarduna taldekoa ere izan daitekeela erakutsiz, liburu egokiak hautatuz, irakurtzeko zailtasunak dituztenei haien neurrira moldatutako testuak emanez, testu laburrak hautatuz, etab.

Zein metodologia erabiliko duzue?
Erabiliko dugun metodoak parte-hartzailea izateko asmoa du. Abiapuntu gisa heziketa literarioa ulertzeko bi modu ezberdin dituzten adituen iritziak jarriko ditugu mahai gainean. Eztabaida horretatik praktikara salto egingo dugu, eta oro har literatura lantzeko bi modu izango ditugu gogoan: bata testu laburretan oinarritutakoa eta, bestea, testu luzeagoetakoa. Hori da oro har bigarren hezkuntzan erabiltzen den dinamika, eta horri etekina ateratzea da gure xedea. Ez dugu errotik literatura irakasteko metodo guztiz berritzailea eraiki nahi, curriculumak (eta denborak) ere asko mugatzen duelako literaturaren irakaskuntza, baina egiten den horri buelta bat eman eta aukera berriak eskaini nahi genituzke.

Nori zuzendua dago mintegia?
Literaturaren irakaskuntzan interesa duen orori dago zabaldua. Halaber, irakasle gaientzako ere egokia dela uste dugu, etorkizunean aurkituko dituzten erronkei nola aurre egin jakiteko baliabideak ematen saiatu eta guztion artean esperientziak konpartituko ditugulako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude