Zesar Martinez: “Euskal Herrian azken hamarkadetan aktibismo sozialak eta politikoak indar handia izan du, baina beti dago zer hobetu”

Zesar MartinezZesar Martinez-ek UEUk eskainitako “Herrigintza eta formakuntza politikoa” izeneko udako ikastaroetan parte hartu du. Ikastaro hau Joxemi Zumalabe Fundazioarekin elkarlanean antolatu da eta hain zuzen ere, Zesar Martinez Fundazio honen kide da. Ikastaro honetan, herri mugimenduaren formakuntzaren ahulgune eta indarguneen inguruan jardun da, etorkizuneko erronka nagusiak identifikatzeko helburuarekin.

BIDEOA: Zesar Martinez. Herrigintza eta formakuntza politikoa

Nondik sortu da ikastaro hau egiteko ideia?

Joxemi Zumalabe fundazioak zenbait helburu nagusi ditu. Alde batetik, herri mugimenduen alorrean dauden talde kolektibo eragile desberdinen arteko elkar ezagutza eta haien arteko elkar lana erraztea. Bestetik, herri mugimenduetako kideek dituzten formakuntza beharrizanei erantzuna ematea eta bitartekoak aktibatzea, formakuntzan dauden gabezi eta ahuleziei erantzunez. Urte askotan ibili gara saioak, jardunaldiak eta formakuntzaren arlo honetan aktibitate puntualak egiten eta aktibitate horiek nahiko erantzun ona izan dutela ikusirik, jauzi bat egitea pentsatu dugu eta jendeari begira herri mugimendurako formakuntza politikorako programa oso bat garatzea. Ikastaro hau beraz, bat dator fundazioaren helburuekin eta formakuntza programa hori sortzeko prozesuaren baitan kokatzen da.

Hausnarketa baten beharra planteatzen duzue ikastaroan, zein da gaur egun euskal herriko herri mugimenduaren egoera eta ezaugarriak?

Oso galdera zabala da hau, herri mugimendua oso eremu zabala eta heterogeneoa delako. Herritarrak sozialki eta politikoki antolatzen eta aktibatzen dira hainbat gairen inguruan, normalean injustizia edo zapalkuntza bati erantzuteko helburuarekin. Herri mugimenduaren barnean hainbat eremu daude: errepresioaren kontrako borrokak, autogestio ekimenak, feminismoa, internazionalismoa, ekologismoa… Batzuk maila lokalean mugitzen dieta eta besteak maila internazionalean.

Beraz, heterogenitate hori kontuan hartuta oso zaila da gaur egungo herri mugimenduaren inguruko erradiografia edo diagnosi bat egitea. Izan ere, gauzak etengabe aldatzen ari dira irizpide askori dagokionez eta erreparatzen diogunaren arabera analisia modu batera edo bestera egin daiteke.

Formazioaren aldetik, ze hutsune eta ahulgune ditu Euskal Herriko herri mugimenduak?

Galdera honi erantzuna emateko antolatu dugu ikastaroa, hain zuzen ere. Euskal Herrian azken hamarkadetan aktibismo sozialak eta politikoak indar handia izan du eta horrek esan nahi du belaunaldiz belaunaldiko trasnmizioan eta formakuntza politikoan gauzak oso ondo egin direla. Baina horrek ez du esan nahi du dena ondo egin dela, beti dago zer hobetu eta non sakondu.

Beraz, ikastaro honetan azkenaldian herri mugimenduaren alorrean, formakuntzari garrantzia eta lehentasuna eman dioten zenbait eragileengana hurbildu gara, adibidez, Bilgune Feministak sortu zuen Emagin eragilea, lehenagotik formakuntzaz ari ziren GITE-IPES bezalako eragileak… Ikastaro honetara ekarriko ditugun eragileak, haien ibilbidean formakuntza politikoaren eremuan zein hutsune eta zein indargune identifikatu dituen azalduko digute.

Zer motatako formazioa behar du herri mugimenduak? Izaera desberdineko mugimenduak daude, denentzat formazio berdina planteatzen da?

Argi dago zapalkuntza eta botere asimetria batzuei buelta emateko mugimenduak daudela eta jarduera aktibista sozial eta politiko horretan hainbat gauza dira garrantzitsuak. Adibidez, formakuntza ideologikoa garrantzitsua izan daiteke analisi kritikoa egiteko, hainbat planteamendu ideologiko politiko behar direlako analisi hori pertsonalki eta kolektiboki egin ahal izateko. Ezagutza estrategikoa aldiz, momentuaren arabera estrategiarik egokiena aukeratzearekin lotuta dago. Bestalde, norberaren borrokan aurrepausuak egiteko, aliantzak sortzen jakitea ere interesgarria izan daiteke. Horren ildotik, harreman politikoak daude. Izan ere, interesgarria izan daiteke hurbilak diren beste eragile eta pertsonekin harreman pertsonalak mantentzea, aliantza politikoak sortzeari begira. Eremu instituzionala ere hor dago. Beraz, hainbat eremu daude eta guztiontzat formazioaren beharra dugu.

Gauza batzuk nahiko amankomunak izan daitezke eta beste batzuk nahiko espezifikoak. Borrokan ari den jendeak bere eskarmentutik hainbat ikasbide ditu eta beraz, sektore desberdinetan daudenen arteko elkartrukea oso aberasgarria izan daiteke. Gure planteamendua, norberaren esperientziatik eta norberak lantzen duen zapalkuntza eta egiten duen borroka horretatik zer ikasi duen partekatzea da.

Ikastaroan eragile desberdinek parte hartu dute. Zein izan da ikastaroaren egitaraua?

Joxemi Zumalabe fundazioak azkeneko bizpahiru urteetan UEUn antolatutako ikastaroetan erabilitako metodologia antzekoa jarraitu dugu. Gure ikastaroan izena ematen duten pertsonak ezagutzaren sortzaileak dira ere. Gonbidatuko ditugun pertsonak aldez aurreko ezagutza dute landu dugun gaian eta gogoeta aberasteko baliagarriak diren pertsonak eta eragileak kontsideratzen ditugu.

Egun bateko ikastaroa bada ere, lehendabiziko saioan, aurkezpen dinamika batzuk egitearekin batera, taldeak gaiari buruz bere gogoeta egin dugu. Guk planteatuko ditugun galdera pizgarri batzuen bidez bakoitzak bere eskarmentuaren arabera, planteamendu batzuk egitea da izan da gure helburua, denok denongandik ikasteko. Bigarren saioan mahai inguru bat izan dugu, herri mugimenduaren formakuntzaren alorreko lau eragileekin, Emagin, EHNE-Bizkaia, Ipar Hegoa Fundazioa eta Manu Robles Arangiz Fundazioa. Azken biak LAB eta ELA sindikatuetan formakuntza funtzioa betetzen dute. Mahi inguru honetan eskatu diegu eragileei formakuntzaren arloko euren ibilbidearen berri ematea eta bide horretan identifikatu dituzten hutsuneak eta oztopoak eta indarguneak zeintzuk izan diren identifikatzea. Horrela, apur bat taldeak aldez aurretik egin duen gogoeta aberasten joan da.

Arratsalde partean beste mahi inguru bat egin dugu beste hiru eragileekin, Urtxintxa Bizkaia, GITE-IPES eta UEU. Kasu honetan ere, aurreko mahi inguruan erabilitako mekanika bera errepikatuz. Bigarren mahi inguru hau egin ostean, azkenengo saiora iritsi gara eta taldeak egunean zehar entzundakoaren baitan, bere gogoeta egin du: formakuntza politikoari dagokionez zeintzuk dira aurrera begira dauden erronka nagusienak, zer gauza indartu behar diren, zer gauza jarraitu behar diren indartzen eta zer gauza egin behar diren.

Beraz, talde dinamika baten bitartez ere, taldeak bere gogoeta egin du horren inguruan eta horrekin amaiera aldera iritsi gara. Azkenik, Joxemi Zumalabek duen formakuntza egitasmoa zehatzago azaldu dugu, fundazioari begirako ekarpena izango delako ikastaroan zehar egin dena.

Nori zuzenduta dago ikastaroa?

Oro har, herrigintza, herri mugimendu eta formakuntzaren arlo honetan interesa duen edozeini zuzenduta dago. Gure ikastaroetan, aktibismo sozial eta politikoan dabilen jendea asko egoten da, baina ez hori bakarrik. Arlo horretan egiten denaren ingurua interesa duen edozein ongi etorria izan da, oso modu irekian planteatzen baitugu dinamikak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude