Bakartxo Arrizabalaga Labrousse: “Bigarren mailako batzuen bigarren mailako batzuk gara emakumeok”

UEUko Baionako ikastaroak aurrera doaz bigarren egunez eta Itzulpenaren teoria eta jarduna: bideak urratzen izan da horietako bat. Ikastaroa Bakartxo Arrizabalagak Itzulpengintza eta feminismoa izenburupeko hitzaldia eskaini du bertan.

Ikusi Bakartxoren bideoa

Barkartxo Arrizabalaga1Itzulpengintza eta feminismoa, noiz eta zergatik hasi zinen harreman honetan?
Feminismoarekin aspaldi hasi nintzen, denbora luze da eta pasatu da laster. Txikitatik banuen halako erreboltari puntu hori, baina feminismo hitzarekin orain 35 urte edo hasi nintzen. Eta gero itzulpengintza eskola 86. urtean bukatu nuen. Beraz, bat alde batetik eta bestea bestetik, biak bizi nituen. Itzulpengintzan zabiltzanean, nahi edo ez, ezin duzu alde batera utzi zure osotasuna. Beraz, gogoetak egiten hasten zara, beste feministen gogoetak ekartzen dituzu itzulpengintzara eta pixkanaka egiten dudan gauza bat izan da.

Emakumeak ez dira errekonozitzen itzulpengintzako munduan?
Normalki, gizartean oro har gertatzen den bezala, ez. Gizartean emakume gehiago dago gizonezkoak baino, baina emakumeen borroka aipatzen denean ere, gutxiengoen borroka gisa agertzen da. Eta emakumeak ez gara gutxiengo bat. Gutxiengo bat, nahiz eta geroz eta gutxiago izan, beltzen komunitatea Europan izan daiteke edo indioen komunitatea ipar-amerikan. Baina emakumeena ez. Beraz, itzulpengintzan ere berdina gertatzen da, emakumea bigarren mailako egoeran dago. Presentzia gehiago du gizonezkoak emakumeak baino; emakume langileak gehiago dira, baina emakumeak ez direnak nagusitzen dira. Langile ez direnak agertzen dira gehien prentsan eta beste botere lekuetan, hau da gizonezkoak. Itzulpengintzan ere badira botere mailak nahiz eta itzulpengintza bigarren mailako ekintza moduan hartzen den. Beraz hemen, bigarren mailako batzuen bigarren mailako batzuk gara eta emakumeen presentzia ez da horrenbeste ikusten. Itzulpengintzako goi mailako kargu edo erabakietan ere gizonezkoak dira nagusi. Adibidez, itzultzailea irudikatzeko esatean, seguru aski gizonezko bat margotuko dizute.

Emakumeen lana ez da gizonezkoen maila berean errekonozitzen?
Emakumeei ez zaie hainbesteko konfiantza ematen. Ez du esan nahi errazago denik beraien lana baina ez du horrenbesteko prestigiorik hartzen. Ni seguru nago, emakume baten edo gizonezko baten esana entzun eta jendeak oro har, emakumeak barne, desberdin jokatuko lukeela. Gizonezkoak esan duena harriduraz eta intrigaz hartuko dutela, baina emakume batek esandakoa kuriosoa moduan deskribatuko dutela, besterik gabe.

Itzultzerakoan moldaketa bat egiten da, baina zein puntutaraino? Nola itzultzen da testu matxista bat, adibidez?
Itzultzaileari ezin zaio eskatu munduak dituen problemak, marra erabiliz eta gustatzen ez zaiona kenduz, konpontzea. Gure egitekoa ez da mundua konpontzea gure egitekoa mundua azaltzea da. Aldatzen joango gara baina denon artean, ezin zaigu guri eskatu gizarteak egiten ez duen lana egin dezagun. Guk testuan dena azaldu behar dugu. Noski, gero, zer motatako itzulpenak diren, zer azaldu nahi dugun, ze balio transmititu, egokitzapena egin nahi dugun …. kontuan hartu behar da. Adibidez, mundu islamikoan bada joko polit bat, baina badu alde sexista erabat. Ekar dezakegu jokoa eta egokitu sexismoa kenduz, edo ekartzen den bezala joko internazional sexista bat bilakatu. Azken hau gertatzen da, eta ideia horiek ekartzen ari dira. Guk ere egin ditzakegu moldaketak, baina ez da gure erabakia. Testuak dioena dio, eta ezta gure erantzukizuna idatzi duenarena baizik. Ez dut zertan honen alde edo kontra egin, baina neutraltasuna ere ez da. Izan ere, nik jarrera bat badut eta testuan islatuko da, baina argi gelditzen da noren ardura den gauza bat eta norena bestea.

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude