Lander Arbelaitz: “Asmatu beharreko gauzetako bat bertan ez zegoenari ere mugimendu guzti horren parte zela sentiaraztea izan zen”

Askeguneko esperientziaz aritu da gaur Lander Arbelaitz kazetaria “Transmedia kontakizunak, komunikazio esperimentuakUEUren Udako Ikastaroetan.

Lander arbelaitzTransmedian azpimarratzen den gauzetako bat ekoizlearen eta erabiltzailearen hartzaileraren arteko erlazio berriak dira, Askegunearen kasuan nola ematen dira erlazio horiek? Nik uste duk Askegunean beste mugimendu sozial batzuetan ikusi izan dena gertatu dela, fenomeno bat; adibidez 15M edo bestelako mugimendu herritar batzuetan gertatu izan dena. Mugimendu horiek beraien ahotsa altxatzeko teknologia berriak erabiltzera heldu dira, teknologia horiek eskuetan ditugun tresnak dira, eta horrek eragin dezake harreman mota berri batzuk sortzea. Ez da soilik norbaitek mezu bat bidaltzea eta beste batek kontsumitzea, baizik eta mezua bidaltzen duenak elikatzea edo gero hartzaileak hartu eta bueltak emateko bezalako mezu bat sortzea. Hau da, informazioa bidaltzen da, baina ez erabiltzailearengana heltzerakoan hor amaitzeko baizik eta ziklo berri batzuk hasteko. Adibidez, Askegunean argi ikusi zen komunikazio lan talde bat sortu zenean garbi zegoen Espainiako estatuari begira horiek gai horri buruz zentsura bat aplikatuko zutela, orduan erabaki zen eskura zeuden tresnez baliatzea, behintzat informazioa ateratzeko eta hortik oihartzuna handitzen joateko. Elkartasunean eta konpromisoan oinarritutako mugimendu bat denez asmatu beharreko gauzetako bat bertan ez zegoenari ere mugimendu guzti horren parte zela sentiaraztea izan zen, ez bakarrik ikusle hutsa. Beraz, Askeguneko kontutik jendeak mezuak bidaltzen zituztenean, etengabe eskatzen ziren sortu berri zen bideo bat inglesera edo gaztelerara itzultzeko laguntza, adibidez. Sarea jendeak egin ditzaken ekarpen zehatzak bideratzeko ere erabili nahi zen. Aldi berean adierazten genuen gauzetako bat bideogintza ezagutzen zuenak edo kartelak egiten ona zenak parte hartzeko momentua zela eta dela. Adibidez jendeak fotomontajeak eginda bidaltzen zituen eta guk aldi berean hori hartu eta zabaldu egiten genuen, beraz, etengabe elikatzen zen mugimendu bat da.

Zabalkuntzak arrakasta izateko informazioaren autogestioak badu bere garrantzia, hau da, Askegunean bertan daudenak izatea informazioaren kudeatzaile eta iturri zer eragin dauka proiektuan? Hori oso garrantzitsua da, norbera izatea norberari buruz ematen den informazioaren zabaltzaile. Komunikatiboki lan bat egin behar zela erabaki zenean, helburu batzuk lortu nahi baldin baziren, gertatzen ari den kasua esplikatu beharra zegoen. Guk ez badugu gurea esplikatzen, medio handiak etorriko dira eta beraiek esplikatuko dute, beraien hitzekin esplikatuko dute. Beraz, gai zehatz honi buruz iritzirik edo ezagutzarik ez daukan pertsona bati lehenengo heltzen zaiona denok buruan ditugun hedabide handi hauen mezua baldin bada, hori izango da buruan geldituko zaiona. Horretaz konturatu ginenean lehenengo egin beharrekoa hemen zer gertatu den azaltzea izan zen, zeintzuk ziren 8 gazte horiek eta nola planteatzen genuen. Oso garrantzitsua da zuk ematea zuri buruzko informazio fidagarria. Aldi berean ere pentsatzen genuen “dena kontatu behar da”, informazio hori norbaitengana heltzerakoan “bai baina zerbait egingo zuten” ez pentsatzeko moduan. Dena esplikatuko dugu, ze akusatzen dieten, zer gertatu den eta zer esaten duten. Guk ez daukagu arazorik egiarekin, beraz, dena kontatuko dugu inori inongo dudarik ez uzteko moduan eta bakoitzak atera ditzala bere ondorioak. Helburua mezu hori ahalik eta gehien elikatzea da, ahalik eta jende gehiagorengana iristea. Hasieran, Donostiako jendearengana heldu behar zela ikusi genuen. Boulevard-ean kontu hau gertatzen ari zen eta Donostiaren %80a ez zekien ezer. Pixkanaka ezagutza hori hazten zijoan neurrian, hurrengo pausoa Euskal Herrira iristea zen. Ez zen Donostiako gazte hauen gauza bakarrik, hemen gatazka politiko honekin arazo potolo bat dago eta oraindik jendea kartzelara joaten ari da bere garaian Segikoa izan zela egotzita. Horregatik bista altxatzen saiatu behar gara, gaia planteatzen eta Madrili faktura pasarazten eta horretarako garrantzitsua da Katalunian, Madrilen eta toki guztietan jendea enteratzea, baita mezua zabaltzea eta ahalik eta hizkuntza gehienetan ahalik eta jende gehienari helaraztea ere.
askegunea

Askegunea aurrera eraman ahal izateko irudia oso garrantzitsua izan da, irudi bat edo zentzua ematea, jarrera bat erakustea. Nola eraiki da hori? Askegunearen inguruan bildu zen komunikazio taldea oso espontaneoa izan zela esan beharra dago, ez zela izan lehendik lotutako jende batek osatua, denetariko jendea zegoen. Horrek gauzak modu berri baten planteatu ahal izatea ekarri zuen. Gauzak beti oso eskema antzekoan ari ginelaren ondorioa daukat, lehen gauzak horrela egiten zirelako. Askegunearen kasua iritsi zenean, planteamendua oso ezberdina zen eta garai politiko berriak direla aldarrikatzen genuen. Inongo biolentziarik ez erabiltzako eta herri harresia planteatzeko intentzio garbia zegoen, planteamendu bera ezberdina zen, beste era ezberdin bat bezala irudikatu behar zela erabaki zen. Ezin da izan periodikoko argazkia ikusi eta esatea “son los de siempre”. Betiko estetika, betiko presoen argazkiak, betiko pankarta nahiko erasokorrak. Momentu horretan jendearen arteko brainstorming bat sortu zen, jendeak oso lan ona egin baitzuen. Horri buelta asko eman ahal zitzaizkion, gauza ezberdin bat bezala irudikatu behar genuen, eta hortik atera ziren kamiseta laranjak, globo laranjak… Berez ideia bota zenean jende askorentzat txokantea izan zen, gainera planteatu zutenak ere oso beldurtuta zeuden ideia gustatuko zenaren zalantzan. Pankarta guztiak era positiboan planteatzen hasi ziren, mezuak, logoa asmatu behar zen… Ordura arte auziperatuen babes taldea besterik ez zegoen, horren inguruan aritzen zen jende bat bazegoen. Baina ezin genuen planteatu Donostiko gauza bat bezala, zerbait zabalago bat bezala proposatu beharra zegoen, orduan asmatu zen Askegunea Twitter kontua, Facebook kontua… Azken finean taldean irizpideak garbi daudenean sortzen da beste guztia.

Transmediatasunaren adierazgarrietako bat informazio/komunikazioa medio edo plataforma ezberdinetan ematea hain zuzen, plataforma batzuk sare bidezkoak izango dira baina beste batzuk kalean egin beharrekoak, jarri dezakezu adibideren bat? Guk ez genuen transmedia kontzeptuaz hitz egiten, zentzu komuneko estrategia bat zen, horrelako estrategia bat abiarazten denean, lehenengo ondorioa prioridadeak markatu behar direla da, hain zuzen, ze gauza lortu behar diren eta nola lortu behar diren erabakitzea. Prioridade horiek finkatzen direnean eta bide orri txiki bat egiten denean hasiera defentsibara antolatzen da eta ondoren dator erasoa, hots, medioei gu hasiko gara deitzen. Eskura ditugun tresna guztiak erabiltzea da beharrezkoa, eskuorrietatik abiatu, Twitterreko mezuak hizkuntza ezberdinetan bidali edo bideo bat egiteraino. Jendeak eduki hori itzuli ahal izateko plataforma batean eskegitzea ere ahalbidetu beharra dago, azkenean baliabide guztiak helburu finko batentzat erabiltzeko elkar elikatzea. Kartelak egiten genituenean adibidez, jendeak Twitter zuzen erabiltzeko irizpideak idazten genituen, adibidez etiketa jakin bat erabiltzeko adierazpena. Kaleko kartel batetik sarera bideratzen da eta bestalde, sarean mezu asko biltzen zirenean eta askegunean jende asko zegoenean proiektore bat jarri zen eta proiektorean jartzen ziren iristen ziren Twitter mezu guztiak, jende erreala plazan zegoen sarean toki guztietatik bidaltzen ziren mezuak irakurtzen. Helburua baliabideak etengabe kausa berdinaren alde erabiltzea da eta kausa ilusioa transmititzea da. Transmititu nahi zena gauza potolo bat egiten ari ginela zen, Donostiara geroz eta jende gehiago ekartzeko edo inguruko jendeak esatea “nik hor egon behar dut” eta hori egunez egun lortzen zen, azkenean zurrunbilo bat elikatzen da.

Nola baloratuko zenituzke lorpenak? Eta akzio komunikatiboari dagokionez etorkizunera begira nola ikusten duzu antolakuntza? Berrikuntza bilaketa etengabea da? Balorazioa oso ona egiten dut, hasierako abiapuntua Donostiako jendearengana heltzea zelako. Errusiako telebistan agertu zen, Alemaniako, Italiako, Greziako web guneetan ere bai eta Euskal Herri osoa enteratu zen edo behintzat zati handi bat. Aldi berean Espainiar Estatuko hedabideek ere oihartzuna egitea lortu zen. Beraz, nahiz eta aurkako hitzak erabili gutxienez jendearengana heltzea lortzen da eta buruari bi buelta eman nahi dizkionak emango dizkio, konturatuko da hor zerbait gertatzen hari dela. Hortik nazioartera zabaltzea lortzen denean, hasierako planteamendura hurbiltzen gara, hau da, noizbait atxiloketak gelditzea. Momentu bat helduko da non atxiloketak agintzen dituenak faktura ordaindu beharko duela atxiloketa horiek agintzeagatik, eta faktura hori handia oso handia denean atxiloketak geldituko dira. Mezua asko zabaltzea lortzen bada faktura ordainarazten hasi gara. Gainera mugimendu batentzat komunikazioa oso garrantzitsua da eta uste dut jende asko konturatu zela horretaz Euskal Herri mailan. Jende asko konturatu da medio horiek daukaten estrategikotasunaz, ondo erabiliz gero mezua norberaren ahotik besteengana heltzea lortzen dela. Aldi berean lortu zen lan egiteko modu berri bat finkatzea, hasiera baten esan dudan bezala, mezuak era positiboan planteatuz. Hori Donostian hasi zen eta Ondarroan ere lortu zen, beste toki batean ere jendea trebatzen hasten da lan egiteko modu batean, eta horrek azkenean aurrera begira fruituak emango ditu seguru. Gure helburua Donostian gertatutakoaren ondoren Donostian bertan egin genuen bezala izatea da, bai twitterra, facebooka eta webgunea kudeatzeko momentuan. Hurrengoan etorriko dena ez dadila berriro zerotik hasi, beraz, pasaitzak ematen zitzaizkien, panteamendua azaltzen zitzaien… Hau dena aurrera doa eta ez da Donostia mailan bakarrik gelditzen, Euskal Herri mailakoa da, hortaz, nik uste dut azkenean oihartzuna handitzen doala. Orain jendeak badaki Iruñean zerbait gertatuko dela eta lehen adibidez ez ginen horretaz ohartzen. Hasierako helburua pixkanaka lortzen ari garela argi dago eta bi hilabete bakarrik pasa direla kontuan izan behar dugua. Denbora gehiago pasatzen denean ikusiko dugu.

@larbelaitz

Argazkia: askegunea.wordpress.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude