Aitzol Astigarraga Pagoaga: “Robotika nabigazioaren ikuspuntutik lantzea izan da aurtengo gure helburua”

Nabigatu LEGO NXT robotekin” izeneko ikastaroa irakatsi da aste honetan UEUko Udako Ikastaroen 41.edizioan. Aitzol Astigarraga informatikari eta “Robotika eta Sistema Autonomoak” taldeko kidea izan da ikastaroaren arduraduna eta berarekin hitz egin dugu, robotikaren eta LEGO NXT roboten inguruan ikasteko.

Ikastaroan eraikitako robotekin jolasten bideoa

Aitzol astigarragaZeintzuk helburu zeneuzkan ikastaro honekin?Ikastaro honen helburua zen robotikan lehenengo pausuak ematen laguntzeko ikastaroa eskaintzea. Hau da, robotikan interesa duen edonori, modu praktiko batean, lehenengo pausuak ematen laguntzea. Gainera, aurten, helburu berezi bezala jarri genuen robotika lantzea nabigazioaren ikuspuntutik. Ikastaroan ikusi ditugun robotak, robot mugikorrak dira. Eta robot hauen helburuen artean daude: puntu batetik bestera joaten ikastea, marra bat jarraitzen jakitea eta beste mota batzuetako estrategia batzuk jarraitzen jakitea, besteak beste. Laburbilduz, robotikarekin hasi ginen eta gero nabigazioaren munduan sartu, hau zer den ikasiz. Egin dituzuen gauzen artean, zeintzuk izan dute erantzun onena ikasleen partetik? Lehenengo egunean sarrera egin genuen, LEGO roboten kaxak zabaltzea eta barruan zegoena ikustea. Bigarren egunean praktika txiki bat egin genuen eta hirugarren egunean goiz osoko praktika bat. Eta esango nuke, momentu horretan bai hasi zirela modu autonomoan lanean eta buru-belarri jarri zirela, ia-ia kafea hartzeko astirik hartu gabe.

Robotikaz ez dakien pertsona bati nola azalduko zenioke zer den LEGO NXT robot bat? LEGO NXT da robotak eraiki eta programatzeko kaxa bat. Eskaintzen duena da modu errazean robotak eraikitzea. LEGO piezekin denok ibili gara jolasean ez? Ba, berdin berdina da baina horretaz gain dauzka ordenagailu txiki bat, motorrak eta sentsoreak. Hori da robotak muntatzeko behar dugun dana.

Zertarako balio dezake horrelako robot batek etorkizunean? Gaur egun zerbaitetarako erabiltzen dira? LEGO robotak gaur egun erabiltzen dira, batez ere, irakaskuntzan. Merkatura begira, ez daude aplikazioak sortzeko kaxa robotikorik. Baina, hezkuntzarako oso baliagarriak dira. Guk erabiltzen ditugu robotikako kontzeptuak lantzeko, proiektuak garatzeko etab. Adibidez, badago robot bat oso ezaguna, Roomba deitzen dena. Robot aspiradora bat da, eta guk LEGOen bidez oinarrizko algoritmoak eta oinarrizko funtzionatzeko moduak simulatzen ditugu gure robotekin.

Gizakia eta robotaren arteko harremanean oinarrituta, norainoko “adimena” edo autonomia izatera irits daiteke robot bat? Eztabaida ez da batere erraza, zeren lehenbizi konkretatu beharko genuke ea zer den adimena izatea. Aurrerapauso handiak ematen ari dira alor horretan. Modu autonomoan lan egiten duten robotak badaude: Roomba berak etxea garbitzen dizu eta ez duzu bertan egon beharrik horretarako, lantegietan ere badaude modu autonomoan lan egiten duten robotak ere, etab. Kontua da, gizaki eta roboten arteko harreman horretan, robotak nahiko urruti ditugula. Guk hizkuntza erabiltzen dugu komunikatzeko eta robotek gure hizkuntza ez dut ezagutzen. Baina, adibidez, gu orain horretan gabiltza lanean: hizkuntza naturala erabiliz (euskara erabiliz) nola komunikatu gaitezkeen robotekin, nola aginduak eman eta nola robotak berak bere egoeraren berri gu elarazi etab. Eta horretan, aurrerapauso batzuk emanez gero gure arteko harremana asko hobetuko litzake. Imajinatu, etxera iristean Roomba robot batek esatea “arratsaldeon, zer moduz joan da eguna?”, hori jada, beste goxotasun bat izango litzateke.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude