Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2007/06/06 08:33:50.351 GMT+2

El oasis vasco. Historialari 'progreen' topikoak

José Luis de la Granja-ren El oasis vasco liburuaren aurkezpenean, euskal historiografiari buruzko topiko batzuk azaldu ziren. Izan ere, euskal historialari profesionalen artean bada talde bat, egun hegemonikoa, aurreiritzi larriek zamatzen dutena.


                     

Liburu aurkezpena eta aurkezleak

Aurkezpena Bilboko Casa del Libro liburu-dendan izan zen, 2007ko ekainaren 5ean. Gaia De la Granja-ren azken liburua: El oasis vasco: el nacimiento de Euskadi en la República y la Guerra Civil, 1931-1937 (Tecnos, Madril, 2007). Ez dut liburua irakurri oraingoz eta beraz aurkezpenean esandakoak aipatuko ditut soilik.

Bi izan ziren hizlariak, bata De la Granja bera eta bestea Ricardo Miralles, biak ere EHUko Historia Garaikide Saileko irakasleak. Miralles-en zeregina, aurkezpenean, El oasis vasco obra eta bere egilea laudatzea zen, eta laudatu gura horretan ez zion bere buruari muga handirik jarri, eta aski modu gordinean agertu zituen bestetan sotilkiago esan ohi diren zenbait kontu. Gaurkoan pare bat ekarriko ditut, hizkuntzarekin lotutakoa eta ideologiarekin lotutakoa. Lehenago, ordea, Miralles eta De la Granja biltzen dituen historialarien belaunaldiaz zerbait aipatuko dut, beren iritzi eta ikuspegiak aski zabalduta baitaude gremioko hainbat kideren artean.

Euskal historialarien talde hegemonikoa

Miralles-ek berak, aurkezpenean, De la Granja euskal historialarien talde zabalago baten baitan kokatu zuen: Javier Corcuera, Juan Pablo Fusi, Antonio Elorza, Pablo Fernández Albaladejo, Fernández Sebastián... Belaunaldi hau izan zen, Miralles-en hitzetan, euskal nazionalismoaren mito historikoak gaindituz euskal iragana modu akademiko eta zientifiko batean lantzen hasi zena. Aurkezpenaren beste momentu batean De la Granja-k ideia berean sakonduz, talde honen profesionaltasuna nabarmendu zuen, horien aurrean beste bi talde deskalifikatuz: espainolista errebisionistak batetik (Pío Moa eta halakoak), eta euskal nazionalistak bestetik. Beraz, mutur bateko eta besteko manipulatzaileen aurrean, De la Granja-ren taldea legoke, egiazko historialari “serioen” taldea.

Talde honek bere burua zientifiko, aseptiko eta objektibo gisa aurkeztu ohi badu ere, ez da inondik ere neutrala. Hasteko historialari belaunaldi honetako partaide gehienak soziologikoki PSOE ingurukoak dira. Franco hil ostean azaldu ziren, kalitatezko zenbait lanekin, eta EHU sortzean bertan aurkitu zuten askok bizibidea. Batzuk espainiar unibertsitateetara ere mugitu izan dira, baina sarritan euskal gaien ikerketa mantenduz. Hola bada, unibertsitateetako historia sailetan pisu handia izan dute, Euskal Herriari buruzko historia akademikoaren baitan gailen izan dira, espainiar argitaletxe handiek maiz publikatu dizkiete lanak, eta baita Espainiako eta Hego Euskal Herriko egunkari nagusiek tokia eskaini ere dibulgazio eta iritzi artikuluetarako (El País, El Correo...). Laburbilduz: azken hiru hamarkadetan euskal historialarien talde hegemonikoa osatu dute.

Ezin uka historialari onak direnik, euskal historiografiari ekarpen garrantzitsuak egin dizkiotenak (ziur naiz El oasis vasco honek ere auzi interesgarri asko argituko dituela). Hala ere, beharbada beren hegemoniak harrotuta, sarriegi erortzen dira autokonplazientzian eta besteen kritika topikoetan, beren gabeziez eta aurreiritziez ohartu gabe.

Euskal historiografiarik onena eta osoena?

Miralles-ek aurkezpenean esan zuenez “el profesor De la Granja conoce toda, absolutamente toda, la bibliografía sobre la política vasca de la II. República y ha escrito el mejor libro sobre este tema que se haya publicado en cualquier lengua.” Beharbada ez zuen hitz zehatz horiekin esan baina bi ideia horiek argi nabarmendu zituen: 1) gaiari buruzko bibliografia guzti-guztia ezagutzen duela De la Granjak (eta hori esan ahal izateko uste izatekoa da Miralles-ek ere beste horrenbeste uste duela bere buruaz), eta 2) Ez omen dagoela ezein hizkuntzatan liburu hau baino hoberik.

Badakit aurkezpen bateko laudorioetan exagerazioa normala dela, liburua promozionatu beharra baitago, baina irudipena dut historialari belaunaldi honen autosufizientzia handiustearen isla ere badela. Izan ere, Miralles eta De la Granja –Fusi, Corcuera, Elorza, Montero eta horiek guztiak bezala–  erdaldunak dira, ezgaiak euskarazko ezer irakurtzeko. Hortaz ez da egia gaiari buruz idatzi den guzti-guztia ezagutzen dutenik, euskarazko ekoizpen historiografikoa eta euskarazko iturriak, ezinbestean, albo batera utzi baitituzte. Ez dut esan nahi euskaraz gaztelaniaz baino obra historiko hobeak idatzi direnik halabeharrez edo euskarazko iturrietan izugarrizko datu iraultzaileak aurkitzen direnik. Seguruenik dagoena gutxi da, eta agian ez oso nabarmena. Baina Miralles-ek (eta berdin bere belaunaldiko historialariek) ezin irakur dezake gutxi hori ere. Beraz a priori baztertzen dute, ez kalitatezko arrazoi akademikoen arabera, baizik beren gabezia baten ondorioz, eta gainera gabezia horretaz ohartu ere egin gabe (eta Mirallesen kasuan alai aski adieraziz den-dena irakurri duela eta ez dagoela hoberik ezein hizkuntzatan).

Eta ez da ez-ikuste soila, euskarari buruz ezer aipatzean -gutxitan- aurreiritziak ohikoak baitira historialari talde honetan. Adibidez, aurkezpenean Miralles-ek aipatu zuen De la Granja-ren liburuak argi erakusten duela garaiko euskal gizartean prentsak hartu zuen garrantzia, enfatikoki nabarmenduz prentsa hori oso nagusiki gaztelaniaz idatzi zela. Ez zuen euskararik aipatu, baina zalantzarik gabe inplizituki hizkuntza bat eta bestea konparatzen ari zen, eta gaztelania gorago zegoela iradokitzen zuen. Miralles-en irakurketa pertsonala izan ote zen, ala De la Granja-k horixe bera adierazten du liburuan? Aipatzen ote du liburuak euskarazko kazetaritza urri eta ahulak jasan zituen traba legal eta jazarpen politikoak? Euskarazko iturririk ezin irakur dezakeen historialari batek esan ote dezake auzi horiei buruz ezer objektibotasunez?

Lizarrako estatutuaren inguruan politika anakronikoak

Historialari hauen belaunaldian ohikoa izan da euskal nazionalisten esentzialismoak eta mitoak salatzea, eta horren aurrean arrazoia eta zibismoa defendatzea, bai historia ulertzeko eta bai politikoki jarduteko. Zentzu horretan erraz asko igaro dira historiaren analisitik gudu ideologikora.

Liburu aurkezpenean ezin falta halako irtenaldiak. Hola Lizarrako estatutua aipatzean, Miralles apur bat berotu egin zen, eta jeltzale eta karlistek 1931an onarturiko estatutua inkonstituzionala zela salatu zuen, arrazoiz deitu zitzaiola “Gibraltar vaticanista” erantsiz. Non geratu dira historialariaren arrazionaltasuna eta neutraltasuna? Izan ere, “Gibraltar vaticanista” izena garrantzitsua da garaiko ikuspegiak ulertzeko, baina nekez esan liteke objektiboa denik.

Bestalde, kuriosoa da nazionalisten mitoen salatzaile zenbaitek zeinen erraz sortzen dituzten formula mitiko berriak: “Lizarrako estatutua inkonstituzionala zen”. Hitz horiek erabili zituen Miralles-ek. Bada ez, ez da egia: Lizarrako estatutua onartu zen unean (1931ko ekainean) Errepublikak ez zeukan oraindik inolako konstituziorik (sei hilabete beharko zituen idazteko), beraz Lizarrako estatua onartu zenean ezin izan zitekeen inkonstituzionala, asko jota alegala izango zen, edo errepublikarren ikuspegi laikoaren aurkakoa, baina ez inkonstituzionala. Horra mito bat.


Jose Antonio Agirre Lizarran, 1931

Lizarrako estatua Errepublikako agintariek baztertu izana erabaki zuzentzat jo zuen orobat Miralles-ek aurkezpenean: hori ez omen zen bidea, karlisten asmoa Lizarrako Estatutuaren bidez Errepublikari aurka egitea baitzen eta beraz Errepublikarentzat kaltegarria izango zen. Miralles, historialari gisa gertaerak aztertzera mugatu ordez garaian kokatu eta orduko politikan parte hartzera jostatu zen beraz. Izan ere, Lizarrako testua indarrean jartzea Errepublikarentzat kaltegarria ala onuragarria izango ote zen ezin jakingo dugu inoiz.

Historia kontrafaktualera jolasten hasita oso bestelako aukerak ere plantea litezke: nork ziurta dezake Errepublikak Lizarrako Estatutua onartu izan balu karlistak ez ote ziren lasaiago geratuko? Agian Franco altxatzean karlistek uko egingo zioten haren alde jartzeari argudiatuz beraiek ondo zeudela Errepublika baitako euskal estatu "vatikanistan", eta agian, horri esker Errepublikak gerra irabaz zezakeen. Auskalo. Ziur esan dezakeguna da EAJ-k, Miralles-ek defendatzen duen bide errepublikar "zuzena" segitu ostean, estatutua ezer gutxirako lortu zuela, berehala gerra galdu eta 40 urteko diktadura etorri baitzen. Horra zertarako balio izan zuen "bide zuzena" segitzeak. Gertaerak deskribatzetik eta analizatzetik haratago moralkerian hastean halako emaitza tamalgarriak irten daitezke.

De la Granja-k ere bere juzku ideologikoak lan akademikoetatik kanpo utzi beharko lituzke. Izan ere, aurkezpenean esan zuenez, beretzat Lizarrako estatutuan okerrena ez omen zen eliz auzia baizik immigranteei 10 urteko erresidentziaren baldintza ezartzea eskubide politikoak eskuratzeko. Lotsagarria omen zen politika etnizista hura. Deigarria da batzuk nola eskandalizatzen diren duela ia mende bat jazotako gertaerekin eta aldiz txintik ez duten esaten gaur egungo Espainian ehunka mila immigrantek eskubide politikorik ez izateari buruz. Noiz onartuko zaie egungo hegoamerikar edo magrebiar immigranteei  10 urtez Espainian bizita eskubide politikoak lortzeko aukera? Agian De la Granja-k harantzago joanez berehala emango lizkieke eskubide politikoak? Halakorik ez egitea ez ote da politika etnizista? Zer da orduan etnizismoa, euskal nazionalistek egin zutena soilik?

Nork: Jurgi K. G..2007/06/06 08:33:50.351 GMT+2
Etiketak: historia | Permalink | Erantzunak (5) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Pio Moa aipatu omen zuten "espainolista errebisionista" artean, baina "euskal nazionalisten" artean inor aipatu zuten?

Ez da kuriositate morbosoa. Kontua da Mirallesen taldekoek (hots goian aipaturikoek) sarri deskalifikatzen dutela beraiek "historigrafia nazionalista" deitzen dutena, baina normalki ez dutela inor konkretuki aipatzen.

Alegia, ni prest egon naiteke afirmazio zehatzak eta lan zehatzak eztabaidatzeko, baina ez dut onartzen deskalifikazio orokor eta zehazgaberik. Eta horrela jokatzen dutenek garbi demostratzen dute zertzat hartzen gaituzten euskaldunok: egiazko erlijiora (hots, "progresismora") konbertitu beharreko indio gixajotzat. Horra askoren "progresismo"-aren muina.

Nire esperientziaren arabera ezinezkoa da termino horietan inolako eztabaida intelektualik izatea. Horregatik, agian, nik neuk ebitatzen ditut.

Oharra: "euskaldunok" jarri dudan lekuan, jar daiteke lasai asko "abertzaleok"; nik neuk diferentzia badela garbi ikusten dut, kontua da beraietako askok ez ohi dutela ikusten (hots, indioak gara, eta kitto) (bide batez, noizbait "indio" kategoria soziologikoaren azterketa bat egin beharko genuke, "beltz", "mairu", "judu", "ijitu" eta antzekoen panteoi arrazista europarrean kokatzeko; nago hori dela xenofobia antibaskoaren termino klabeetako bat, hala nola "maketo" edo "koreano" xenofobia antiespainolaren termino arruntak izan diren).

Nork: Pruden Gartzia.2007/06/06 14:29:59.031 GMT+2

Ez, ez zuten "euskal nazionalistek" idatzitako mitoak salatzean izen konkreturik bat ere aipatu. Ohi bezala salaketa generikoa da, topikoa...

Nork: Jurgi.2007/06/06 18:50:21.788 GMT+2

Kaixo Jurgi,

Ez genuke sorpresarik zapuztu nahi eta, horrexegatik, ulertzekoa litzateke gure galderari erantzun zuzenik ez ematea, baina zer demontre gertatu zen 1916an?

http://ikastaroak.ueu.org/ikastaro_info.php?ikastaroa_id=6

Bestalde, oraindik Europako historia batuaz esateko ditzunen zain gaude!

Ongi izan,

David

 

Nork: David Moya.2007/06/11 13:36:34.749 GMT+2

Kaixo David,

Europako historiaren gaia ez dut ahantzia baina hurrengo batean izan beharko da.

Zer gertatu zen 1916an euskal hiriarekin lotuta? Bada zuk diozun bezala ez noa sorpresa zapuztera. Soilik aipatuko dut "euskal hiria"-ren ideia, Atxagak famatu bihurtu duena, ez dela gure egunotan sortua, baizik dexente zaharragoa. Izan ere, (eta propaganda egiteko aprobetxatuko dut) Eibarren datorren hilean egingo den UEUren historia ikastaroaren gaia Euskal hiria historian zehar da. Nire hitzaldiari "Euskal hiria 1916" izenburua jarri diot, data horretan zerbait jazo zelako, baina oro har garaiko Euskal Herriko hirietan euskarak bizi zuen egoera sozial eta ideologikoa izango dut mintzagai.

Eta auzi hau De la Granja-ren libururekin uztartuko dut. Liburuaren atal batzuk irakurri ditut, adibidez, prentsari buruzkoa, eta bertan aurkezpen egunean Miralles-ek botatako topiko gordinik ez dut ikusi, zorionez. Zentzu horretan, maila idatzian bederen, formak hobeto gordetzen daki De la Granja-k. Alta ez da gabeziaren bat falta.

Hola, adibidez, de la Granja-k aipatzen du Euzkadi egunkariko euskarazko zutabea 1934ko urriko grebaren ondoren agintariek galarazi egin zutela (1935eko martxora arte). Ez du aipatzen, ordea, euskara hutsezko Ekin aldizkari erlijiosoa ere galarazi egin zutela epe horretan: Euzkadi egunkaria nagusiki gaztelaniaz egonik, De la Granjak ardura hartu du berau aztertzeko, eta ohartu ere egin da euskarazko zutabea falta zuela zenbait hilabetez. Aldiz Ekin euskara hutsez zegoenez De la Granja ez da molestatu berau aztertzez eta jakintzat eman du Errepublika garaian zehar etenik gabe atera zela. Ez da harritzekoa, orobat, De la Granjaren liburuko bibliografian euskarazko lanak oro faltatzea, halanola gai honekin zuzenki lotuta dauden Diaz-Nociren liburuak euskarazko prentsaren historiaz.

Hola eraiki da euskal hiriaren (euskal kulturaren, euskal letren...) historia, zentsura, ahanztura eta bazterketa artean.

Nork: Jurgi K. G..2007/06/11 16:05:09.834 GMT+2

Paulo Iztuetaren 1991ko Orixe eta bere garaia ere aipagarria da. Basurdea Euzkadi aldizkariko euskarazko orriaren zuzendari izan zen. Gutxik hartu dute Iztuetak bezalako lanik euskararen mundu intelektuala aditzera emateko. Hori ere ezezaguna zaie erdaldun hutsei eta euskaldun askori, nahiz eta Txillardegik propagandatxoa egin.

Nork: David Moya.2007/06/11 20:54:53.224 GMT+2

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



bisitari