Berrirakurketa historiko bat: Peru Abarka (1802)

Aldian-aldian gustatzen zait euskal klasikoak berrirakurtzea. Tira, “ber” hori kasu gutxi batzuetan baino ez da gertatzen, sarritan lehen aldia izaten baita delako klasiko horri ekiten diodala, baina kasu honetan esango nuke blog honen irakurle guztiz gehienek irakurria izango dutela Peru Abarka, osorik ez bada gutxienez haren zati batzuk. Edo irakurri ez dutenek (gazteenek, ziur aski) hain justu ere eskolan ikasi zutelako izango da, Euskal literatura ikasgaian. Horretan ere gure komunitate intelektuala normalizatzen ari baita eta, gazteenak heldu ahala, gero eta gutxiago gara autodidaktak euskal kontuetan.

Baina noan harira. Zer da Peru Abarka? Euskararen apologia bat? Euskaldunena? Euskal Herriarena? Edo bizkaieraren literariotasunaren harri fundazionala? Lehen euskal nobela? Dokumentu dialektologiko-etnografiko bereziki interesgarri bat? Edo, besterik gabe, euskara ederra ikasteko liburu bat? Ziur aski denetarik apur bat, baina niri pertsonalki interesatzen zaidan irakurketa beste bat da: deitu diezaiodan irakurketa historikoa, hots, Euskal Herriaren historiarekin harremanetan jartzen gaituena.

Peru-abarcaEuskal apologistena, dudarik gabe, gai garrantzitsua da gure historian, baina garrantzitsua bakarrik gure historia sozialarekin harremanetan jartzen dugun neurrian, eta ez bestela. Alegia, bere horretan aski astuna eta aspergarria da eta, ez gutxitan, ganorabakoa eta absurdoa. Gora gu eta gutarrak mila modutara mailukatuta, azken fasean (gera gaitezen XIX. mendean) guztiz erridikulua bihurtu arte. Zer esanik ez, XX eta XXI. mendeko apologistena beste dimentsio batekoa da: euskal gizartearen sektore guztiz zabalen erreibindikazio politiko eta sozialekiko lotura galdurik, fenomeno paranormalen munduan barneratzen da; horretan ere gizarte-talde handien interesekoa izango da, baina ez maila politiko-sozialean, baizik eta masen aisialdiaren osagai gisa, horoskopoa, kiromantzia, ovniak edo antzinako zibilizazioen sekretuak bezalako entretenimenduen talde berean.

Baina itzul gaitezen Peru Abarkara. Liburu bereziki garrantzitsua dela esango nuke zeren, bere kalitate literarioaz gain, idatzi zenean, hots, XIX. mendearen hasieran (1802), euskal gizartearen sektore guztiz zabalen proiektu politiko nagusia irudikatzen baitzuen argi eta garbi. Eta lehen aldiz argitaratu zenean, alegia, XIX. mendearen bukaeran (1880), esango nuke oraindik ere bertan irudikatzen den proiektu politiko eta sozialak sostengu bera edo oso antzekoa zeukala, nahiz eta haren formulazio klasikoa errotik aldatzeko zorian izan, foralismotik nazionalismora. Izan ere, Peru Abarkaren bi data horiek, idazketarena eta argitalpenarena, prozesu sozial baten bi muturrak konektatzen dituzte: foralismoaren lehen krisialdi latza, Frantziako Iraultzaren ondorioei zuzenean lotua, eta nazionalismoaren jaiotza, industrializazioaren hastapenei estekatua. Ikuspuntu horretatik begiratuta, eta bestelako kontsiderazio oro bazter utzirik ere, liburu enblematikoa da, gure herriaren historia modernoa laburbiltzeko balio dezakeena. Zeren, azken finean, Peru Abarkan mundu bat oso-osorik irudikatu nahi da. Zein mundu, ordea?

Ez da zaila Europako Historia modernoan datu bereziki garrantzitsu bat aipatzea: 1789, Frantziako Iraultzaren hastapenaren urtea. Arrunki mugarri gisa hartzen da Europa osoan, eta gurean ere hala hartu beharko genuke, bai Ipar zein Hegoan, data horretatik aurrera ezer ez baitzen berdina izango Gibraltargo Itsasartetik Uraletaraino. Gehiago zehaztuz, Frantziako Iraultzak dakarren molde guztietako inarrosaldien erakusgarri gisa har dezagun, adibidez, Frantziako Erregearen eta Erreginaren exekuzio publikoak, hilabete gutxiko tartean gertatuak Parisen; edota haien seme nagusiaren desagerpena, handik gutxira gertatua (gaur egun badakigu presondegian hil zela eta agintariek ezkutuan lurperatu zutela, baina duela hamarkada gutxi Txilen edo Argentinan hain trixteki ezagunak izan ziren desagerpenen oso kasu antzekoa izan zen funtsean). Okerra ote da esatea iritzi publikoa guztiz aztoratuta zegoela, apaizak eta jauntxoak bereziki? Baina ez ziren bakarrik Parisko arazo urrunak. Hamarkada berean herritarren eta, bereziki, apaizen eta mojen kontrako pertsekuzioak, exekuzio publikoak, hilketak eta antzekoak gertatu ziren Euskal Herrian bertan. Areago, gerra bera eguneroko errealitatea izan zen sarritan, tartean herritarren deportazio masiboak Iparraldean (1793) eta okupazio militarra Hegoaldean (Konbentzio Gerra, 1793-1795). 1801eko uztailean sinatu zen Frantziaren eta Erromako Aulki Santuaren arteko Konkordatua eta aurreko hamarkadako aztoramenduak iraganak zirela ematen zuen. Kasualitatea ote da Juan Antonio Mogel apaizak Peru Abarka hurrengo urtean idaztea? Hots, ematen zuenean Iraultza gainditua zela eta gauzak poliki-poliki bere onera bihurtu behar zirela? Mogelek horretan lagundu nahi zuen, jakina.

Ezaguna da Peru Abarkan Iparraldeko euskaldunek daukaten protagonismoa (V. eta VI. autuetan) eta gaurko irakurlearen begietan oso atsegina izaten da, zati horiek batetik gure sentimendu abertzaleak ferekatzen baitituzte, eta bestetik Euskal Herri osoaren ikuspegi bat ematen baitigute, bizkaitarrismo lelo eta motza izan zitekeena gogorki kritikatzen delarik. Pozik irakurtzen ditugun zatiak dira. Baina ez gaitezen engaina, geuk abertzalearen begiekin irakurtzen baditugu ere (eta ondo dago hori, liburu on guztiek irakurketa desberdinak ahalbidetzen baitute) ziur da Mogelek besterik zuela gogoan, alegia, Frantziako Iraultzaren ondoren Antzinako Erregimena deitu zenaren gainbehera eta Foruekiko mehatxua. Zeren Mogelen asmo nagusia ez da euskararen apologia bat egitea, Antzinako Erregimenarena baizik. Eta hor, euskara eta fedea izango dira zutabe nagusiak, ez euskara bakarrik (gaurko begiekin askok ikusi nahi izan duten bezala) edo fedea bakarrik (garai hartako tradizionalista eta erreakzionario guztiek planteatzen zuten bezala). Hortxe dago, nire ustez, Mogelen garrantzi itzelaren giltza nagusia: euskara eta fedea batera lotzen ditu mundu tradizionalaren defentsan. Horrek ematen dio originaltasuna eta iraupena. Hori, eta euskaraz egiteak, ez gaztelaniaz edo frantsesez.

Bai, euskararen apologia guztiz zentrala da Peru Abarkan, baina ez erlijioa baino gutxiago: biak eskutik doaz beti, aski da Maisu Juanekiko autuak arreta apur batez irakurtzea horretaz konturatzeko. Eta euskara eta erlijioa ez dira modu ideologiko hutsean defenditzen, gizarte konkretu baten bizimodu konkretuan txertatuta baizik, hots, antzinako erregimenaren gizartean. Autuz autu hor ikusiko dugu euskal etxe patriarkalaren apologia eta, berarekin batera, ekonomia aurrekapitalistarena: nekazaritza, abeltzaintza, txerria… Iraultza Industrialaren bi sektore klasikoen deskribapena ere (burdina eta ehungintza) oso esanguratsua da: olagizonen produkzio-modu tradizionala zehatz-mehatz deskribatu eta goratzen da eta, berehala, baita ere lihoaren produkzioa etxeko ekonomiaren barruan; kasu bietan, helburua da XVI-XVIII. mendeetan zehar Euskal Herrian garatu diren produkzio-sistemak goratzea eta iraunaraztea, berrikuntza ororen kontra. Eta hori, hain zuzen ere, bi sektoreok krisi erremediogabean murgilduta zeudelarik, Iraultza Industrialaren oldarraren zain. Mogelen diskurtsoak helburu zehatz bat du: sistema ekonomikoa bere horretan mantentzea, aldaketarik gabe; eta sistema horren giltza (Mogelen begietan), etxeko produkzio autosufizientea da, salerosketarik gabea:

“[Peruk Maisu Juani] Zu alkandora eder, samur edo bigun zalia zara; baña jakina euki egikezu zeinbat arazo eta arazkerijaz ekarten dan bedar bat euna egiteraño! Nire alaba batak, bera da gazteena, daukaz euntegijak; daki eungintzan, ta etxeti urten baga, ezer erosi baga, aziereiteti dakargu alkandora ederrak egitera.” (J.A. Mogel, Peru Abarka, V. autua;. Adolfo Arejitaren edizioa, Kriselu, 1990, 125. or.)

“Ezer erosi baga”. Zati hori neuk azpimarratua da, horretan laburbiltzen baita Mogelen ideologia ekonomikoaren zutabe nagusietako bat: etxetik kanpoko produkzio masiboan eta salerosketaren indartze ikaragarrian oinarrituko den kapitalismo berria arbuiatzea. Horren kontra dago Mogel, zehatz-mehatz esanda. Eta horren kontra dago Kapitalismoak, Ingalaterran honez gero abiatuta zegoen Industri Iraultzak, bere mundu osoa hankaz gora jarriko duelako.

Nire aburuz esan daiteke Mogel, alde batetik, oso gizon modernoa dela: gai izan zen 1790-1800 bitarteko inarrosaldi politiko guztietatik arnas luzeko ondorio ekonomiko eta kulturalak ateratzeko; garbi ikusi zuen Frantziako Iraultzaren ondorioa ez zela soilik politikoa (Foruen galera), aitzitik, mundu tradizionala oso-osorik jarriko zuela hankaz gora. Beraz, defentsa global bat planteatu zuen: erlijioa ez da nahikoa, euskarak lagundu behar dio, eta euskararekin batera, ekonomia tradizionalak: etxea, ola, lihoa… Mogelen asmoen dimentsio politikoa eta ekonomikoa nabarmen-nabarmena da:

“[Peru Abarkak Maisu Juani] Len ozta ezagututen zan matsardaua. Sagasti asko zirian ta erriko ardao edo sagardauaz igaroten zirian bizkaitar ta beste euskaldunak. Diruba geratuten zan bertan. Eztago ikusi baño zeinbat tolara topetan dirian etxe zaarretan, ezertako eztirianak gaur.” (J.A. Mogel, Peru Abarka, III. autua;. Adolfo Arejitaren edizioa, Kriselu, 1990, 92. or.)

Baina ez da hori bakarrik, badaude asmo kulturalak ere. Aurreko post batean (“Mitxelena eta erlijio katolikoa”) aipatu genuen Mogelen ezaugarri premodernoa Max Weberren “desliluratzea”-ren kontzeptuarekin lotuz. Orain gaineratuko dugu beste elementu batzuk: kanta zaharrak, herri-ipuinak (eta jakintsuen alegiak), atsotitzak… horiek dira jakintzaren zutabeak herritar xeheentzat, Mogelek behin eta berriro aipatuak eta goratuak. Horiek, eta erlijioa bera, jakina (horretara dator behin eta berriro otoitzak aipatzea eta haiek ondo jakiteari garrantzi erabatekoa ematea). Baina Mogelen proiektua ez da bakarrik herritar xeheentzat; hortik gorakoentzat, klasiko latinoak dira kultura jasoaren oinarria (Kurtzio, Salustio, Zizeron, Tazito, Tito Livio…). Hori da indartu behar dena, eta ez zientzia eta halakorik. Hortik, beraz, klasiko latinoak euskaratu beharra. Baina hortik aurrera, zertarako behar duzu beste ezer?

Mogel erreakzionario bat da, baina erreakzionario modernoa. Geroko karlista eta apaiz karkasto guztiz gehienak ez bezala, ez da konformatuko lau lelokeria beltz errepikatzen, aitzitik, mundu oso bat defendituko du, bere osagai guztiekin: antzinako erregimeneko euskal mundu tradizionala, bere osagai ekonomiko, politiko eta kultural guztiekin. Lastima hemen astirik ez izatea testuaren azterketa oso eta xehe bat egiteko, autuz autu eta kontzeptuz kontzeptu. Haria beti da bera.

Gauzak desberdin ikusi dira 1880an. Foruak galdu dira eta ekonomia tradizionalak (olak, lihoa…) guztiz gaindituta daude aspaldi. Baserriak irauten du, nekez bada ere, eta fedea, euskara… oraindik sendo daude eskualde askotan, mehatxuak oso begi-bistakoak badira ere. Horiek izango dira nazionalismo berriaren zurkaitz ideologiko berriak edo berriztuak. Eta horretan Mogelek sendo segitzen du. Hortik hura argitaratzeko egokitasuna (80 urteren ondoren!) eta hortik bere modernotasuna, Gabriel Arestirengana ere ailegatzen dena nola edo hala (Aita-semeak tabernan daude, ama alabak jokoan…), Azkueren eta Juanito San Martinen bidez. Hortik bere arrakasta etengabea.

Hortik eta bere kalitate literario ukaezinetik. Izan ere, gorago esan dugun bezala, liburu klasikoak garaian garaiko irakurketak ahalbidetzen dituztenak dira, beti zahar eta beti gazte. Horiek irakurtzea eta berrirakurtzea da komunitate intelektual baten oinarri-oinarrizko ezaugarria. Gure identitatea.

Iruzkinak (2)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude