Urdaibai…. ta zer da jokuan dagoena



Urdaibaiko eskualdea dugu aspaldiko
partez lerro-buruetako protagonista, eta dana Foru Ahaldun Nagusiak
(a zelako izena zerbitzari publiko batentzat, ez?) eskualde hau
krisiaren zulotik eupada bakar batez atera nahi duen egitasmoa
plazaratu duelako: Guggenheim museoaren bigarren atala, alegia.
Ordurarte, argazki albumak, turismorako afixak eta egutegi
ikusgarrietan azaltzen zen biosfera erreserba distiratsu hura,
bat-batean, krisi ekonomiko sakonean trabatuta zebilela jakinarazi
digute… eta  inolako egitasmorik gabe. Orduan sortu dira ustekabeak…eremu
hori legez babestuta ez ote zegoen? UNESCO-k berak nazioarteko
izendapena emana ez zen ba? Dana kontrolpean eta kontsolidatua
zegoenaren itxura guztia, ahuldade eta hauskortasun bihurtu da. Sasoi
hauetan ez dagola ezer erabat lotuta… ezta legeak horrela esaten
badu ere.

Baina goazen krisi honetako
ezaugarriak aditzera ematera:

1.- Noren ekimena, haren iraganeko
pekatuak

Ekimenaren sorburuak jende askori
belarriak tente jarri dizkio (bereziki eskualdean bertan) eta
horretarako arrazoi sendoak daude, iraganera lotuta. Hasteko, bertako
beteranoenak gogoratuko dute, nola Diputazioak (orduan “probintziala”
oraindik) 1970 hamarkadan “aprovechamiento integral de la ria de
Guernica-Mundaca”
deituriko proiektua oso aurreratua zuen (maketa
bat eta guzti zegoen ikusgai). Kantauriar kostalde osoko itsas
kirol-portu-resort handiena izango zena diseinatu zuten.

Makro-proiektu haren aurkako gizarte
ekimena izan zen gero Biosfera Erreserba izendatzera eraman zuen
hazia. 1989 urtean, Eusko Legebiltzarrak ahobatez babeserako legea
onartu zuen.


2.- Bai baina ez dugu onartzen
jaurerriaren zati bat konpartitu beharra.

Urdaibai
babesteko 1989 urteko Legeak, Euskadin landa-lurra lurralde
antolamendu eusgarriaren eredutik egiten zen lehen saiakera
aurreikusten zuen, 1993 urtean onartu zen Antolamendu Planaren
bitartez (PRUG bezala ezaguna). Lurraldearen ingurumen, nekazal,
basogintza,…ezaugarriak aintzat hartuz, eremuen sailkapena eta
berariazko arauak ezartzen zituen. Plan honek, ordurarteko
botere-gune sektorialen erabaki sistemarekin egin zuen talka, eta
ordainetan. boikota panteatu zioten. Plante honen bozeremalea
Aldundia bera izan da. Urdaibaiko Patronatuko Osoko Bilkuran
eszenifikatu zen haustura hau, hain zuzen ere 1995 urteko azaroaren 25.ko
bilkuran (Akta hemen).
Bertan eta eguneko gai zerrenda hasi aurretik, PNV-k Aldundian eta
Udal batzuetan zituen ordezkariek manifestu bat irakurri eta
Patronatua utzi zuten sine die (boikot instituzionala). Horren ostean eta ondorioz, Jaurlaritzak
Planaren hainbat helburu eta arau indargabetu egin zituen.

3.- Ekimena gurea da bakarrik, eta guk
diogunean eta gure erara

Babesteko Legearen beste zutabea,
eskualde osorako garapen eusgarrian oinarritutako egitamu estrategiko
bat lantzea zen (PADAS izenarekin ezaguna). Garai haietan, Plan
Estrategikoak eta Agenda 21 direlakoak, oraindik plano teorikoan
bakarrik ezagutzen ziren. Ba hemen ere, Urdaibai aitzindari izan zen,
eta prozesu partehartzaile baten emaitza gisa, (prozesuaren laburpena hemen) 1998 urtean PADAS-a
onartu zen (Jaurlaritzaren 258/1998 Dekretua). Garapen Plan
Estrategiko honek 10 helburu estrategiko, 22 ekintza lerro eta 98
garapen porposamen batzen zituen. 2008 urtean, planaren burutze
mailaren azterketa bat egin da, eta emaitza ezin eskasagoa atera:
lerroen %13a eta proposamenen %26a baino ez da gauzatu hamar urteren
buruan. Ezetz igarri zein Erakunde Publikok ez dituen bere politikak
PADAS-ra egokitu?

Kontutan izanda PADAS hau ez zela
akordio politiko arrunt baten bidez onartu, Dekretu izaerarekin
baizik (arau juridiko loteslea), ondorioz, Dekretu baten urratzea
eman dela esan daiteke, eta hori auzibidean salatu daiteke…ez?

4.- Egintza administratiboen bidez
eragindako hustea-haustea.

Aitzindarietan, Urdaibai txaleten eta
aisialdirako gune bihurtzea zuten helburu “aprovechamiento
integral” huraren aldeko ekintzaileak. Legeak eta haren ondorengo
PRUG eta PADAS-ek asmo horiek baztertu zituzten… edo ez. Soziologia
juridikoan bada axioma bat: arau baten indarra eta sinesgarritasuna
ezagutzeko, bideratu beharko lituzken egintzen analisitik begiratu
behar da. PRUG-aren kasuan, Udalen egintza administratiboei begiratu
behar zaie, hirigintza baimenetan, hain zuzen. Ikuspegia ezin
okerragoa ateratzen da, neo-baserriak (landa txaletak azkenean)
eraikitzeko presio nagusia Udaletatik etorri da. Horren erakusle:


Zenbat neobaserri-gune sailkatu diren (83 guztira), aldiriko
urbanizazio eutsiezin eta kostu publiko handikoa eraginez. Hemen
duzue analisi sakon
bat Urdaibaiko urban
sprawl
deritzonari buruz.

– Ze auzibide ugari, luze eta erasokor
egon den, Udalen eta Patronatuaren (Ingurumen Sailaren) artean.
Horren erakusgai, EHU-UPV-k ateratako epai bilduma hau.

5.- Eta orain dena airean….orduan
bezala

Oraingo Jaurlaritza Guggi
makroproiektuaren aurrean ezezkoan edo.. ageri izan da hedabideen
aurrean. Baina, beti ere benetako erakusle diren egintzei atentu
ibili beharra dago, eta hona hemen non, pasa den Otsailaren 23-ko
Boletin Ofizialean, Urdaibako PRUG-aren berrikuspena hasi dela
iragarri duen Ingurumen Sailburuak… eta ez du argitzen ze
norabidetan eta helbururekin hasi duen….agian ditxosozko museoa edo
dena delako ahalbidetzeko?

Beste
aldetik, gizarte zibila biltzen hasi da, eta dagoeneko bada
plataforma bat Urdaibaietz izenekoa (urdaibaietz.org) Erronka handiak ditu aurretik,
barne antolaketa eta eraginkortasunarena lehenak, testimonialismoan ez erortzeko.


Iruzkinak (2)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude