Ustiaketa berria

Ohiko inperialismoa garatu gabeko herrialdeetako lan-indarraren esplotazioan aritu da historikoki, alokairuen maila merkeari begiratuz. Baina ekonomia erabat finantzario bihurtu denetik, superinperialismoak[1] bereziki herrialde superabitdunak esplotatzen ditu[2], haien irabaziak bereganatuz. Hortaz, ohiko ustiaketatik baino askoz haratago joan da gaurko esplotazio erraldoia.

Marxek ez zuen aurreikusi ere egin lan-indarra bere alokairutik at, bere aurrezkitik ere ustiatuta egongo zenik. Izan ere, gaurko kontua finantzarioa da erabat: nazioarteko korporazioek ez dute bereziki bilatzen garatu gabeko herrialdeetako lan-indar merkea. Nazioarteko inbertsiogileek nahi dutena hauxe da: lurra eta higiezinezko ondasunak, natur baliabideak (gas, petrolioa), natur monopolioak, trenbideak, hegazkin-konpainiak, telefono eta komunikazio-monopolioak, elektrizitate eta beste energia motetako monopolioak, hau da, gobernuek zorren bidez lorturiko ondasun publikoak.

Inbertsiogile berriek ez dute nahi garatu gabeko herrialdeen garapena (eta berarekin batera egongo litzatekeen lan-indarraren ustiaketa): esan bezala, nahi dutena hauxe da: bertan dagoen kapitala bereganatzea. Haien helburua ez da kapital berria sortzea.

Globalizazio berriak pribatizazioa esan nahi du. Eta horrekin batera lan-indarraren gainean monopolio karguen zergak jartzea, ez bera enplegatzea. Lan-indar hori murriztu nahi dute, ez bera esplotatzea ohiko plusbalioa ateratzearren. Horrek ez dauka inolako zerikusirik Marxek eta hainbat pentsalari marxistek etorkizunerako aurreikusi zutenarekin.

Inbertsiogileek gobernuak kanpo-zorretan egon daitezen nahi dute. Herrialde horien monetei eraso diete, eta gero Nazioarteko Moneta-Fondoak eta Munduko Bankuak gobernuei esan diete beren arlo publikoa sal dezaten. Kapital publiko hori da gaur egungo nazioarteko inbertsiogileei interesatzen zaiena.

Gaur egun munduko ekonomia planifikatuta dago, baina ez gobernuen aldetik, ez industria-ingeniarien aldetik, finantza-ingeniaritzan aritzen direnen partetik baizik. Haien helburua ez da inbertsio berriak sortzea, enplegua sortzea eta lan-indar horretatik plusbalioa ateratzea, jadanik existitzen diren aktiboak bereganatzea eta enplegu murriztea baizik. (Ikuspuntu horrek agian zertxobait argitu eta garbi adierazi ahalko du Errusian[3], kasu, gertatzen ari dena.)

Aipatu bezala, nazioarteko korporazioek jadanik sorturiko kapitala eskuratu nahi dute. Diru gehiago egin dezakete dauden enpresa eta batez ere monopolio horien burtsako balioekin (espekulazioan), sektore horien lan-indarra enplegatzean baino. Mozkinak ateratzen dituzte, langileak kaleratzean eta lan-indarra murriztuz Marxek ezin imajina zezakeen eran eta moduan.

Alokairuak mozten dituzten bitartean, langileak behartzen dituzte beren pentsio-funtsak eta segurantza sozialeko aurrezkiak burtsan jartzera, burbuila finantzarioa puztearren, handitzearren. Hortik, mozkinak etorriko zaizkie.

Kapitalismo industrialaren ondoren ez da gauzatu Marxek nahi zuen sozialismoa, ezta gure egunkarietan maiz irakurtzen ditugun funtsik gabeko hitz ponposoen ekonomia zein gizarte-mota ere: «gizarte postindustriala» edo «zerbitzu ekonomia» zein «informazio ekonomia» nahiz «komunikazio ekonomia». Nonahi azaldu dena finantza-ekonomia izan da. Industria eta ohiko sektoreak finantzializatu egin dira.

Plusbalioaren teoria ongi dago historiarako, baina soldatapeko lan-indarra ustiatu barik, egun kapitalismoak pentsio-funtsak, lan-indarraren aurrezkiak, segurtasun sozialeko funtsak eta horrelakoak erabiltzen ditu burtsa-balioko merkatua finantzatzeko, ez produkzio-medio berrietan inbertitzeko. Gaur gehien saltzen dena ez dira ondasunak eta zerbitzuak, burtsa balioak eta obligazioak baizik, baita higiezinezko ondasun errealak eta beste aktibo batzuk ere. Aurrezkiak inbertitzen dira zor berriak sortzearren. Aurrezkiak burtsa-baloreetan inbertitzen dira, gero balore horiekin espekulatzeko.

Gauza bera gertatzen da jadanik existitzen diren aktiboekin: haien salerosketetan, beraien prezioekin espekulatu egiten da, besterik ez. Bi mundu daude gaur egunean: produktiboa eta espekulatiboa. Bigarrena gero eta handiago da, eta etengabe hedatuz doa. Lehena oso garrantzitsua da, parasitoa ez den ekonomia mota bat bultzatzeko; baina gaur egun, batez ere, bigarrenari, espekulatiboari, aurre egin behar zaio.

Balio-titulu horien gainegitura finantzarioak ez ditu gizartearen ahalmen produktiboak garatzen eta hedatzen. Kapital finantzarioa ez dago industria-kapitalaren menpe. Marxek uste zuenaren kontrakoa gertatu da; etorkizunean ez da gauzatu Marxek uste zuena[4], alderantzizkoa baizik.

Michael Hudson ekonomistak dioenez (2005, e-mailetan): «Susmatzen dut marxista batek nire ikuspuntuari idealista deituko liokeela. Idealista da ondoko zentzuan, alegia, sistema monetarioa eta finantzarioa Autonomoa da produkzio medio ‘materialetatik’ eta maiz, oso indartsua denez, bukatzen da industria bera itotzen, adibidez egungo zor-krisia. Finantza industrializatu barik, industria finantzializatzen ari da. Berri txarrak materialistentzat. Baina egoera ozta-ozta ideala da».

Gaur egungo diru gehiena ez da erabiltzen ondasunak eta zerbitzuak hornitzeko, burtsa-balioak, obligazioak, hipoteka-bermeak, eta beste mailegu batzuk ordaintzeko baizik, eta ikaragarria da egunero mundu mailan mugitzen den dirutza zeregin horietan.

Hortaz, hona Hudson ekonomistak proposatzen duen ondorio zuzena: edozein gizarte motatan sistema finantzarioa industriari begira eratu behar da, alegia Nazioarteko Moneta-Fondoak eta Munduko Bankuak erakusten dutenaren kontrako politika ekonomikoa. Politika berri horrek hazkunde eta garapen ekonomikorako banku-sistema berezia eskatzen du. Nazio mailan, eta parasitoa ez den ekonomia garatzeko, kredituak beharrezkoak dira. Hori dela-eta, Hudson eta zenbait ekonomista kreditu-ekonomiaz teorizatzen ari dira, creditary economics[5] delakoa bultzatuz

Sistema finantzarioak industriari begira egon behar du; banku-sistema parasitoa ez den garapen ekonomikoari begira jarri behar da. Horretarako, ekonomia berri bat beharrezkoa da, kredituak ongi zuzenduko lituzkeen ekonomia berria. Horra hor, bada, euskal sindikalgintza berrirako benetako apustu estrategikoa.


[1] Ikus Hudson-en Super Imperialism delako liburua.

[2] Aurreko artikuluan ikusi genuen moduan AEBetako Altxor Publikoak herrialde desberdinetako banku zentral ezberdinetako superabitak bereganatzen ditu.

[3]  Ikus Hudson-en zenbait lan: a) http://www.michael-hudson.com/ —> Debates —> 2000 Tainted Transactions: An Exchange —> Michael Hudson-en hitzak; b) http://www.michael-hudson.com/ —> Speeches —> 1999. Dr. Michael Hudson’s Testimony before the Russian Parliament ; http://www.michael-hudson.com/ —> Articles —> How Russia May Create a Viable Financial and Fiscal System ; eta http://www.counterpunch.org/schaefer02272004.html.

[4] Marx-en ikuspuntua eta beronen kritika hemen ikus daitezke: http://www.michael-hudson.com/articles/debt/CompoundInterest1.html —> Marx’s analysis of the financial dynamics of debt.

[5] Ikus, besteak beste, ondoko web orria: http://credec.daastol.com/index.html.

Iruzkinak (3)

  • Unai del Burgo says:

    Ustiaketa mota
    berria beldurgarria da, kuantitatiboki ikusgarria.

    Joseba,
    ustiaketa finantziario hori garatu gabeko herrialdeetan kokatu duzu
    gehienbat. Zelan ematen da zehazki prozesu hori herrialde
    garatuetan? Euskal Herriko kasuren bat aipatu dezakezu?

    Bestetik,
    ekonomia espekulatiboa gainditzeko eta ekonomia bera mundu
    produktibora bideratzeko, creditary economics delakoa
    aipatu duzu. Hurrengo artikuluetan teoria horiek garatzea
    eskertuko nizuke,
    oso gai garrantzitsua/interesagarria
    iruditzen zait. Nire jakinmina piztu duzu.

    Euskal
    sindikalgintza “berria” bankugintza sistema
    berriaren sustatzaile bezala ulertzen duzu. Nire ustez, “gaur
    egungo” euskal sindikalgintzak ez du indarrik horrelako eraldaketa
    prozesu erraldoia modu indibidualean sustatzeko. Egunerokotasuna
    langilegoaren lan-arazoak zuzentzen ematen dute (lansarien
    erreklamazioak, kaleratutako langileen eskubideen defentsa, hitzarmen
    kolektiboak…) eta behar horrekin soberan dutela diote (izan ere,
    pertsona eta kapital baliabide izugarriak erabiltzen dituzte zeregin
    horretan). Zuk proposatzen duzuna ulertzekoa da, hau da,
    sindikalgintza eremu makroekonomikoan aktiboki aritzea. Baina
    baliteke beren gaitasuna murritzegia izatea. Horri lotuta, aipatu
    duzun “gizarte post-industriala” kontzeptuari
    heldu nahi nioke.

    Aspaldian,
    zure liburu bat irakurri nuen: Marxez haratago. Bertan egun ematen
    den prozesu bat deskribatu zenuen: iraultza teknologikoa,
    “informazio/komunikazio/zerbitzuen gizartea”
    (beste
    autore batzuek gai berbera aztertu dute, adibidez, Alvin Toffler-ek,
    Hirugarren olatua liburuan).
    Testuinguru berrian,
    norbanakoek beren bizitza autogestionatzeko aukera dute. Jadanik ez
    dute abangoardien laguntzarik behar (egungo alderdi politiko
    tradizionalak, sindikatuak…), beren egitura propio eta berriak
    erabili ditzakete gizartea zuzentzeko. Lehen ezkerreko mugimenduetan
    gorri kolorea gailentzen zela esaten zenuen. Orain, ezker
    eraldatzailea hamaika kolorez osatuta dagoela esaten duzu. Behintzat, horrela
    interpretatu nuen zure bertsioa. Agian nire bertsio propioa zen. Zera
    azpimarratu nahi dut, egungo egituren eraldaketa (eta finantza
    sistema beraren eraldaketa ere) hainbat eragileetatik eratorriko
    dela
    . Kontua da oraindik eragile asko (edo partehartzea
    bideratzeko tresna asko) zehazteke daudela. Demokrazia
    partehartzailean sakontzen ari diren taldeek zer esan ugari daukate
    arlo honetan.

  • Unai,

    Utzi arnasa hartzea, mesedez. Hona, oso labur, zenbait erantzun:

    (a) Herrialde garatuetan ustiaketaz jabetzeko, ikus aurreko artikulu batean (“Superinperialismoa eta finantza ingeniaritza” delakoan) aipatutakoa: kreditudun herrialdeen aurrean. Halaber, ikus BERRIAn jadanik agertutakoa (http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2006-10-27&orria=004&kont=008) eta abendu honetan agertuko dena (Azken buruko mailegu-emailea: inozoentzako azken iruzurra).

    (b) Euskal Herriari buruzko hausnarketa utziko dut beste baterako. Lehendabizi makroekonomian aurkeztu nahi nuke zer nolako mundu (finantzario) berrian bizi garen. Gero mundu berezi horretako analisi minimo bat egin ondoren, gure kasuari, nola ez!, eutsiko nioke. Michael Hudson-ek bidali dizkit berak Letonian aurkeztutako zenbait lan. Letonia eta Euskal Herria parekatu nahi nituzke, berdintasunak eta desberdintasunak. Desberdintasunik handiena da hauxe da: gu EB sartuta gaudela, sartu gintuztela (galdetu barik!) eta jendea oro har (gobernariak, ekonomialariak, politikariak) pozik daudela paradisu monetarista honetan. Hiru gauza aztertu beharko genuke, nire ustez: a) ea paradisu hori independentea den ala ez (ikus abendu honetan BERRIAn azlduko den nire artikulua); b) euroaren eginkizuna ongi zehaztuz (Altxor Publikoaren bidez) inbertsio produktiboa eta ez-produktiboa bereiztea; eta c) maila mikroekonomikoan langileriaren eta enpresari berrien sorkuntzari laguntza ematea (creditary economics delako horren bitartez).

    (c) Sarrera gisa eman begirada bat honako artikuluari: http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2006-07-04&orria=005&kont=007. Lehendabizi makroekonomian mundu ez-produktiboa zergapean jarri beharko litzateke, eta gero mundu produktiboari laguntza eman

    (d) Euskal sindikalgintzak betiko sindikalgintzaren bidetik aritzen segituko balu, akabo. Kasu, Bretainia Handiko langileriak bere aurrezkiak (segurtasun sozialekoak eta pentsio-fondoak) espekulatzeko jarri zituzten. Ikus, sarrera gisa: http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2006-07-27&orria=004&kont=008. Euskal langileriak XXI. mendeko ekonomiaz jabetu beharra dauka.

    (e) Negrik aipatzen zuen “langile sozialdua” hamaika kolorez agertu da, baina ekonomiari dagokionez langileria guzti horren aurrezkiekin eta soldatekin gertatzen denari begiratu behar diegu. Bestela jai.

    (f) Diozuna: Demokrazia partehartzailean sakontzen ari diren taldeek zer esan ugari daukate arlo honetan.

    (g) Jainkoek entzun diezazutela.

    (i) Mila esker.

  • Hona hemen zuzenketa batzuk (korrika eta presaka egiteagatik):

     

    Desberdintasunik handiena hauxe da

    …abendu honetan BERRIAn azalduko den nire artikulua..

    …langileriak bere aurrezkiak (segurtasun sozialekoak eta pentsio-fondoak) espekulatzeko jarri zituen…

     

    Barka eta mila esker.

     

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude